1913 (Errezil)
1999 (Zarautz)
Egile honen
beste liburuak
BERTSOA
Atano III. Bere edestia bertsotan
1949, Itxaropena
1966, Auspoa
1960, Itxaropena
1973, Auspoa
1983, Auspoa
1992, Auspoa
ARTIKULUAK
1984, Auspoa
Basarri
1950, Itxaropena
Retorikoak ziotenez, sermolaria, vir bonus, dicendi peritus izan behar du, "gizon on eta etorri errezeko". Eta alaxe da gure Basarri ere: vir bonus, "gizon ona eta etorri oparoduna". Baņan ez da sermolari utsik. Poeta da bide batez.
Lekuona'tar Emanuel (1950)
Bat-bateko beste zenbait bertso
Joxemari Iriondo
Han eta hemen, herriz herri egindako zenbait saiotako bertsoak jasoko ditugu ondorengo orrietan.
Batez ere, 1960-1970 hamarraldian jaialdiz jaialdi jaso genuen zenbait ale, eta Euskadi Irratiari (Nikolas Aldai eta Joxe Alkain) esker bildu ditugun jaialdi batzuk hartuko ditugu gai. Txomin Garmendia, Joxe Mari Lertxundi, Markos Manterola, Joxe Agirre, Juan Mari Narbaiza eta beste bertsozale askok gogoan gorde dituzten batzuk ere bildu ahal izan ditugu hemen. Eta denei eskerrak eman nahi dizkiegu, bihotzez!
Inazio Eizmendi Basarri, lehen ere askotan esana dugunez, irrati-gizona, kazetaria eta idazlea zen, Baina, batez ere, bat-bateko bertsolari haundia. Hitzetik hortzerako hizkuntzan maisu haundia, ezbairik gabe. Herriz herri, Euskal Herriko bazter askotan egindako ehunka saiotatik, honako hauexek bildu ditugu, ezinbestean:
1961eko urtarrilak 6
Egun hartan Bilboko Arriaga antzokian izandako jaialdian jasotako bertsoak dira ondorengo hauek.
Bertso-egarri haundia zegoen Bilbo aldeko euskaldunen artean, eta egundoko jendetza bildu zen Arriaga antzoki ederrean. Izan ere, goi-mailako bertsolari-taldea programatu zuten hango antolatzaileek: Uztapide, Xalbador, Balendin Enbeita, Mitxelena, Bautista Madariaga, Andres Narbarte Xalto, Azpillaga eta Basarri, alajaina! Ez ziren noiznahi elkarrekin ikus zitezkeen bertsolariak. Alfonso Irigoien zena izan zen antolatzaile, gai-jartzaile eta zuzendari. Basarrik bilbotarrei egindako lehen agurra:
Ezpaiņetara irten zaitea,
ene euskera kuttuna.
Danok ikasi al dezute ondo
Azpillagak esan duna,
kolpez gustora utzitzeko gaur
emen jende euskalduna?
Begoņako Ama, eman zaiguzu
bear dan argitasuna.
Lehen agurraren ostean, Azpillaga, Mattin eta Basarrik, hirurok elkarrekin, ofiziotan egin zuten saioa honelaxe izan zen. Gaia, hitzez hitz: Azpillaga da gizon ezkondua; Mattin, mutilzaharra; eta Basarri, gizon alargundua.
Azp:
Gaia artuta asi bearko
oraintxe zerbait esaten,
solterua ta alarguna gaur
nola etorri zeraten.
Iņola al bada andre on bana
artu nai luteke aurten.
Orain kontatu bear duzute
zer moduz bizi zeraten.
Mat:
Azpillaga da oraingo huntan
gure zirika hasia;
mutil ederra nola dagoen
gazteik hartu emaztia.
Nik eztut eiten horrek bezenbat
bronka edo edatia.
Horrena baino libreago da
mutilzaharraren etxia.
Bas:
Nik emazte bat banuen berriz
goxua eta kuttuna,
mundu ontako urre guztiak
ondo balio zituna.
Ogeita amabost urterekin
gelditu naiz alarguna.
Orain ta gero egin dedilla
gure Jainkoak nai duna.
Azp:
Alargun danak pena daukala
au ez degu ukatuko;
baiņa mutilzar onentzat beste
itzik badet eratuko.
Andreak bezin ondo eztizu
iņork oirik berotuko.
Ezkondu zaite al dan azkarren
ta etzazu damutuko.
Mat:
Hik ere ondo ezagutzen'tuk
gazte ezkondu hoien faltak.
Festa frango ibili behar
baitute ama ta aitak.
Ume batek trajia falta,
besteak berriz galtzetak.
Izertu ederrik hartu behar dik
ezkonduaren kopetak.
Bas:
Famili on bat nik izan nuan
gure Jainkoak emanda.
Gau illunian bizi naiz orain;
au bizimodu txarra da! gc
Baiņa mutilzar au kontsolatu
nai det nik ere, al bada:
oraindik gaztetxo daukat baiņa
gordeko dizut alaba.
Azp:
Etxian daukan gauzik onena
eskeinka da alarguna;
len ere garbi jakin da emen
zertsu bizi dan daukana.
Baiņa mutilzar onek'e neri
ematen ditana pena:
otzik kalean izan omen da
mutilzarraren azkena.
Mat:
Bien artian ezarri naute
frango ateka ertzian.
Ezkondu hori atera nahia
askotan dago etxian.
Andria hasten zaio aldetik
bronkan eta erasian.
Mutilzaharra festara doa
berak nahi duen guztian.
Bas:
Askok eztute konprendituko,
ai, alargunaren penik.
Jakiņian ez leike egon
ur ortan pasa eztanik.
Bere berririk gabe eskeintzea
oso gaizki egin det nik.
Nere alabak eztu maiteko
kalbo zabala duanik.
Azp:
Au esan bear, alargunakin
ezin da entendituta,
berak lenguan festara esan du
joaten da presak galduta.
Gero andikan goizalderako
etxeratu mozkortuta.
Azken arnasak botako ditu
sastrakan baten sartuta.
Mat:
Azkenian berotu naute
bien artian ezkontzeko;
Basarri jaunak alaba on bat
omen du enpleatzeko.
Burutik soila harek ere eztu,
naski, deusikan galtzeko.
Halako zerbait beharko nuke
arraza kanbiatzeko.
Bas:
Gaur Bilbaora etorri gera
jarri dituzten pesteta;
uste ez dala sortu da emen
makiņatxo bat nasketa.
Nere alaba azia dago
izardi asko kostata;
oneri nola emango diot
metro ta laurden ezta-ta.
Bakoitzak hiru bertso botatzeko gaia eman zien ondoren Irigoienek denei, banaka-banaka. Baserriri jarritako gaia: Aita baten esanak oraindik haurra dan seme bati, bere bizitzan euskera estimatu dezan.
Guraso batek nere ustetan
au da egin bear duena:
seme-alabak berekin artu
al duenik goxuena.
Ta erakutsi gabe ez bedi
lasaitu bere barrena,
jainkotasuna lenbiziko
ta gure euskera urrena.
Aita ta ama zeraten danok,
ekin sendo eta bero.
Pena izatea alperrikan da
denbora joanda gero.
Itsasorikan ezpaldin bada
arrairik ezin espero.
Euskalerriak zer balio du
euskera galdu ezkero?
Urte auetan galtzen ari da,
begira danok noranai.
Erremedio bada oraindik,
ta oraintxe degu garai.
Euskera ama maite, zuri guk
esan nai dizugu, bai!
Zu il ezkero guk eztegula
lur sartu ontan bizi nai.
Aspaldi ontan sartu baizaio
ain naigabezko zaputza,
lurpera ortxe dijoa eta
askotan geronek bultza.
Bere tokian ikusi dedin
gu euskaldunon izkuntza,
Jaungoiko maite alguztiduna,
egin zaiguzu laguntza.