Joxean
Agirre

1949 (Azpeitia)

Egile honen
beste liburuak

NARRAZIOA

Lehen triptikoa

1986, Durangoko Udala

NOBELA

Longa kapa beltza

1984, Haranburu

Gizon bat bilutsik pasiloan barrena

1991, Elkar

Elgeta

1996, Kutxa Fundazioa

Osaba Txirrita

1998, Bertsolari

Romain zen bere izena

2003, EEF-Elkar

La lutte finale

2008, Elkar

Aurkezpen egunean esku arteko liburua «nobela sailkaezina» zela esan bazen ere, nik neuk ez nuke horrela izendatuko, uste baitut, tramari erreparatuz nobela gisa batzuetan herrena iruditu arren, bere idazkeragatik liburu bezala erabat gomendagarria eta interesgarria dela La lutte finale.

Mikel Ayerbe (Berria, 2008-12-07)

        Bere azken agurrean egon zirenek, afarira gonbidatu zituenek alegia, ez zegoela abaildua diote. Ez zuen, noski, garai bateko grinarik, irmotasunik eta federik. Ez zuen nonbait, gaztetan bezala, ingurukoak egitasmo handi edo ekintza burugabeetan endredatzeko gogorik, baina horrek xaloagoa, hurbilagoa egiten omen zuen. Beti bezain erne, zorrotz eta adar-jotzaile ikusi zuten. Mahaian eseri zirelarik, jorratu bana eman omen zien etorri zirenei. Bi eskuak bakoitzaren sorbalda gainean ezarri eta gogoaren erradiografia moduko bana egin omen zien, holakorik egin badaiteke, minik eman gabe betiere edo adarra jotze aldera, ez dago esan beharrik. Hain zuzen ere horretantxe zuen adurra, gogoaren erradiografiak egiten, gaitasunei antzeman, aldarteak interpretatu eta aurrean zuenaren etorkizuna iragartzen. Bildutakoek txaloka hartu omen zituzten bere jardun inprobisatu horietako batzuk, garai batean bezala, bestalde, elkarrekin sortu zuten alderdi marxistak iraun zuen bitartean txaloka bukatzen baitzituzten egoerari buruzko azterketa amaiezinak edo estrategia eta taktikari buruzko liderraren jardunak, ariketa distiratsuak izan zirelako batzuetan edo, hain luzeak izanik, bukatu zirelako ere bai beste askotan.

 

        Guztiak gizonezkoak ziren, bat izan ezik. Emakumearen parera iritsi zelarik, ondoan leku pixka bat egin, aulkian eseri eta bakarkako hizketaldi labur bat izan omen zuen berarekin, eta hizketaldiak iraun zuen bitartean halako isiltasun gogaikarri bat egin omen zen afaltiarren artean. Diotenez, alderdian ibili ziren bitartean harreman berezia izan zuten elkarrekin, eta gaitzespenik ere jaso omen zuten batzordeko kide batzuen aldetik, barne-arauak eta segurtasun neurriak hausten zituztelakoan. Gehienek maitaleak izan zirela uste dute eta batzuei emakumeak maitemindurik jarraitzen zuela iruditzen zaie. Edozein modutara ere, gutxi iraun zuen isiltasunak. Mahaiari itzulia eman eta bere aulkian esertzera zihoanean, bere buruaz mintza zedila eskatu omen zioten. Ez orduan ez gero, postreen buruan hitza hartu eta hogeita hamar urte lehenago bezain ondo menderatzen zuen erretorikarekin diskurtso bat apailatu zuenean ere antzeman zioten burutazio txarrik. «Gaztetan utopiaren distirak eta kaosaren ederrak itsutzen gintuzten. Gutako askok edertasun gehiago ikusten genuen lehergailu baten eztanda ondoko hondamendian, munduko zazpi miresgarrietan baino. Adinarekin, ordea, ohartu gara gizakiaren epika nagusia kaosa gainditzea izan dela eta zerbait handia gertatzen dela etxean argi bat piztu, kalean auto bat martxan jarri edo telefonoaren bestaldean adiskide baten ahotsa entzuten dugun bakoitzean. Adinarekin zibilizazioa, legea eta ordena maitatzen ikasi dugu, eta poesia gehiago atzematen dugu askotan makina xumeenaren erabilera-orrian gizakiaren porrota kantatzen duten Byronen liburu guztietan baino», esan omen zuen, esate baterako, eta arrazoiaren, legearen eta ordenaren gorazarreak egin omen zituen luzaz, garai bateko esapideak eta tonua baliatuz, adiskideen artean benetan edo bromatan ari ote zen zalantza handiak sortuz. Norbaitek aipu horiek Chestertonenak ote ziren esan omen zuen ahopeka. Beste batek azken orduko filosofo neokontserbadoreren bat aipatu omen zuen. «Goiburu batek bideratzen du gure gaurko burubidea: zaharra berritzeak, lehenari eusteak. Ez dago denboraren kontrako azken gatazka hori baino egiteko premiazkoagorik eta duinagorik. Arerioa begiz jota dugu, badakigu zein den, ez amore ematea, menik ez egitea da bidea. Eutsi goiari!», esan omen zuen geroago ukabila altxatuz eta «Eutsi» egin omen zuten deiadar guztiek. Gehienei gaztetako diskurtsoen parodia distiratsu bat iruditu zitzaien, eta txaloek eten omen zuten behin eta berriz haren jarduna. Guztiak 68ko maiatzean Parisen ibiliak ziren, eta Internazionala frantsesez abesten zuten beti. Mahaitik altxatu eta alde egin aurretik norbaitek ukabila jaso eta lehen konpasak kantatu omen zituen, baina egun horretan ez zioten jarraitu. Jatetxea izen handikoa zen nonbait, jendea zegoen eta ez zitzaien guztiz egokia iruditu.

 

        Etxe aldera jo beharrean edaritegi batera joatea erabaki zuten azken tragoaren aitzakian. Han ezagun batzuk sartu omen ziren taldera, emakumeak gehienak, norbaiten emaztearen lagunak. Hauek lausengu eta balakuekin hartu zuten gizona. Batzuek ez zuten sinistu nahi izan 60 urte betetzen zituenik. Ilea urdindua, baina kalparrez betea zuen oraindik eta sendoa zegoen gorputzez. Bat edo batek proposamen gaiztoak egin omen zizkion eta berak jostalari erantzun, itxaropenari bide bat utziz, egin ohi den moduan. Ohitua zegoen gazteagoekin ere unibertsitatean txantxetan aritzen. Eta gaztetandik zuen adurra emakumeekin.

 

        Biharamunean taldekoek berriro hitz egin omen zuten beren artean telefonoz, maiz egiten zuten moduan. Norbaitek aipatu zuen opor egun batzuk pasatzera Veneziara ote zihoan, baina ez zen horrekin inor harritu, gehiagotan ere egiten baitzituen egonaldiak hiri horretan, ondarearen zaharberritzeaz arduratzen hasi zenetik batik bat. Inork ez zion hartu, ordea, ez-egitekoren bat egiteko trazarik. Inork ez zuen egin errezelo txarrik.

        Ordubete inguru itxaron omen zuen San Marcoko eliz dorreari bisita egiteko zeudenen ilaran. Laurogeita hemeretzi metro neurtzen ditu La Campanillek. Kiribilean egindako harmailetatik gora igoko zen eta hainbat maite zuen hiriaren bistak miretsiko zituen seguru asko, babeserako jarrita dauden burdin hesiak gainditu eta jauzia egin aurretik. Hiriko udaltzainak egindako atestatuak bildu ditu lekukotasunak. Horietako batek dioenez, une horretan kale ikuskizun bat ematen ari ziren kai aldean, plazaren beste izkinan, eta jende gutxi zegoen, beraz, erori zen lekuan. Bera Palazzo Ducale ikusgarriari begira geratu omen zen. Eraikuntza erraldoi horrek Istriako harri zuriarekin eta Veronako marmol arrosarekin egindako bi fatxada gotiko harrigarri ditu, eta kale ikuskuzunik ederrena baino interesgarriagoa iruditu bide zitzaion. Gizona zerutik jausi eta lurraren kontra lehertu zenean, ez omen zuen, beraz, ikusmin handirik sortu. Gosari hondarrak erretiratu eta mahai-zapiak astintzen ari zen ondoko kafetegiko zerbitzaria izan omen zen lehenik ohartu zirenetako bat, eta hark estali omen zuen hilotza eskuetan zuen zapiarekin, inolako espanturik gabe gainera, goizero La Campanilletik norbait amildu eta lurraren kontra lehertuko balitz bezala. Gosaritako ogi apurrak lurretik jaten ari ziren uso saldoak hurbildu omen ziren hurrena eta dagoeneko ikuskizunarekin aspertzen hasita zeuden turista taldeak azkenik. Lekukoak dioenez, ez zuten ezer egiterik izan, mahai-zapiaren petik ateratzen zen odol jarioan mokoka egin nahi zuten usoak uxatzea besterik. Hiriko gidak eskuetan zituztela hilotzaren zapata beltzei begira egon omen ziren, harik eta udaltzainak etorri eta lekua hesitu zuten arte. Erori zen lekuan harlauza zenbait pitzaturik omen daude, gehiagok ere beren buruaz beste egiteko plaza bazter eder hori aukeratu izan duten seinale. Lekukoren batzuek diotenez, emakume gazte batek hautsi omen zuen begira zeudenen hesia, eta, hilotzaren ondoan belauniko jarririk, azken besarkada bat eman omen zion mahai-zapiaren gainetik. Gero, zutitu, bi eskuekin aurpegia ezkutatuz negar zotin batzuk egin eta alde egin omen zuen. Beltzez jantzia zihoala esan dute eta ile horia kokotean anabasan loturik zeramala. Besterik ez.

Garapena: Dijitalidadea SL