Joxean
Agirre

1949 (Azpeitia)

Egile honen
beste liburuak

NARRAZIOA

Lehen triptikoa

1986, Durangoko Udala

NOBELA

Longa kapa beltza

1984, Haranburu

Gizon bat bilutsik pasiloan barrena

1991, Elkar

Elgeta

1996, Kutxa Fundazioa

Romain zen bere izena

2003, EEF-Elkar

La lutte finale

2008, Elkar

Osaba Txirrita

1998, Bertsolari

        Honen lotsatia naizelako miresten nuen beharbada honenbeste osaba Txirrita. Gure etxera, Altzako Gazteluenera, festetan gonbidatuak etortzen zirenean, ni artega jartzen nintzen eta, amak behin eta berriz kontatzen duenez, lastategian ezkutatzen nintzen. Neu ere gogoratzen naiz zerbait, gogoratuko ez naiz bada!

        Lastategia etxe ondoan genuen etxolari deitzen genion. Han neguan lastoa gordetzen genuen behi eta zekorrei eman ahal izateko. Lasto fardo batzuen atzean ezkutaturik sentitzen nintzen eroso. Jolaserako trepeta batzuk eramanak nituen bertara eta orduak egin ohi nituen han bakarrik, halakoxea baitzen nik bakardadean denbora pasatzeko nuen erraztasuna, nire gisara ondo egoteko nuen adurra. Gehienetan, ordea, ama etortzen zitzaidan bila eta derrigorrez eramaten ninduen osaba-izeba eta lehengusuen aurrera eta han, izebek bereziki, bi eskuekin ilea igurzten zidaten eta «A zer mutiko ederra!, masail guri-guriak dauzka», esanez, beren bigote zorrotzekin musukatzen ninduten, nire izeba gehienek bigoteak afeitatu egiten baitzituzten gero deskubrituko nuenez.

        Niri orduan sukarra bezalako zerbait igotzen zitzaidan masailetara eta bigoteen urradurak eta lotsak ematen zidan berotasunarekin gorri-gorri eginda geratzen nintzen.

        Behin lastategian ezkutaturik, ama noiz agertuko nengoela, osaba Txirrita etorri zitzaidan eta amak bezala belarritik heldu eta derrigorrean etxera eraman beharrean, jolasean geratu zen nirekin. Egurrezko gurdi txiki bat nuen idi parearekin, aurreko urtean Erregeek ekarria. Idiak uztartzen lagundu zidan eta gurdian jartzen, txikiak izanagatik benetakoak bezalakoak baitziren, beren kopetako, hede eta uztarriarekin. Eta han, lasto fardoen atzean, idi-parearekin garraioan ari ginela, kontatu zidan lotsa umetako gaitza zela, gehienez ere gaztarora arte irauten duena eta gero, ahotsu loditzean, desagertzen dena.

        —Bertsolariok ez zarete jendaurrean lotsatzen, bestela ez zineten bertsolari izango —erantzun nion nik. Orduan kontatu zidan ni baino txikixeagoa zela, zortzi urterekin edo, Xenpelar eta Udarregi bertsolariak Ereņotzura nola joan ziren San Antoniotan. Xenpelar omen zen garai hartako bertsolaririk handiena eta osabaren eredua, eta, beraz, txiki-txikitandik bertsolari izatea erabakia zuen. Ereņotzuko tabernan bi bertsolariak saioa bukatu zutenean, zortzi egun lehenagotik prestaturik zuen bertsoa kantatu omen zien osabak, baina bukatu zuenean korrika atera omen zen tabernatik eta nik lastategian ezkutalekua aurkitzen nuen bezalaxe, bera eliz-atzean zegoen egur-gaztelu batean ezkutatu omen zen eta han egon omen zen harik eta Xenpelar bera bila etorri zitzaion arte. Adiskide artean bezala, bizkarrean kolpe batzuk jo eta egunen batean bertsolari handi bat izango zela esan omen zion.

        Artean zangoak dar-dar omen zituen osabak eta Xenpelarren hitzak entzun zituenean, «eskerrik asko» esaten saiatu omen zen, baina hitzak ez omen zitzaizkion atera, halakoxea baitzen barrena aztoratzen zion emozioa. Xenpelar handi hori hurrengo urtean hil omen zen 34 urterekin, Txirritak 9 urte zituenean, eta etxean aitari heriotza horren berri komentatzen entzun zionean, isilka bere egur-gaztelu horretara joan eta negar egin omen zuen.

        Luzaz aritu ginen osaba eta biok lastategian hizketan, idi parea gurdia bete lastorekin hara eta hona garraioan ari zen bitartean. Lanak bukatu genituenean, altxatu eta Gaztelueneko sukaldera joan ginen, baina egun horretan izeben marruskek eta bibote zorrotzek askoz ere min gutxiago eman zidaten.

 

        Osabak 50en bat urte izango zituen bion arteko sekretua kontatu zidanean. Altzako festetara bezperan etorri zen bertsotara eta biharamunean bazkalaurretik lastategian itxaroteko agindu zidan, sekretua kontatu behar zidala eta. Buruari bueltak ematen pasatu nuen gaua, zer sekretu izan zitekeen pentsatuz, baina ez nuen asmatu, ez.

        Lastategira etorri zitzaidan eta idazten ikasi nahi zuela esan zidan eta horretarako ni aukeratu ninduela maisu bezala, baina baldintza bakar batekin, ezingo niola inoiz inori ezer esan.

        —Horretarako hik heuk joan beharko huke Txirritara denboraldi baterako. Ahotsean tristura nabari zitzaion. Goibel zegoela ematen zuen, gaitzen bat edo ezbeharren bat gaineratu balitzaio bezala. Oso gutxitan ikusi nuen nik osaba horren goibel.

        —Zertarako nahi duzu idazten ikastea, pertsona larri gehienek ez badakite? —galdetu nion.

        —Izan naizenaren arrasto bat uzteko —esan zidan.

        —Zure bertsoak jendeak kantatzen ditu eta zure ateraldiak ahoz aho dabiltza —gogoratu nion eta irribarre maltzur bat ezpaineratu zitzaiola ohartu nintzen, deszifratzen oso zail egin zitzaidana.

        —Ateraldiak, ateraldiak... Bertsolariok pailazo bihurtu gaituztek, jendearen dibertsiorako txorimalo. Mende berrian bertsolariak liburuei esker biziko dituk —kexatu zen.

        Mendeen arteko mugan geunden. Jaio berria zen XX. mendeaz ari zen, beraz.

        —Bertsolariok herriaren bihotzean biziko dira edo ez dira biziko. Liburuan sartzen den guztia hil egiten da —atera zitzaidan.

        Neroni ere harriturik geratu nintzen esandakoaz, beste norbaitek hitz egin zuela nire ahotik iruditu zitzaidan. Orduan ez nintzen ohartu neu nintzela aldatzen ari nintzena. Geroztik, gizondu ahala ahots serio hori nagusitu da nigan eta orain, alderantziz, tarteka umetako ahotsa entzuteak ematen dit poz. Osaba bera ere hunkiturik zegoen. Bere esku handia bizkarrean jarri zidan.

        —Aurki ez nauk herriz herri kantuan ibiltzeko gauza izango eta nire betebeharrak idatziz bete beharko ditiat. Mutikoa nintzela ez nian sekula ere pentsatu inoiz idazteko premian aurkituko nintzenik —esan zuen eta berriro lehengo irribarre maltzurra ezpaineratu zitzaion.

        —Konta iezadazu, osaba, —esan nion— zergatik ez zenuen txikitan idazten ikasi.

        —Maistraren kulpa izan zuan, maistraren kulpa. Dena den, hark hiru urtean lortu ez zuena hik astebetean lortuko duk, baina hau gu bion arteko sekretua izango duk —esan zuen eta bostekoa luzatu zidan.

        Bere atzapar lodi eta beroan estutu zidan eskua eta esku handi haiekin luma hartzeko ere komeriak izango zituela pentsatu nuen, baina ez nuen osaba desanimatu nahi izan. Beharbada Altzako inprentan nik erabiltzen nuen luma baino askoz handiagoak aurkituko nituen. Lasto fardo baten gainean eserita zegoen eta altxatzeko ahalegin handia egin behar izan zuen. Altxatu, bizkarretik heldu eta etxerantz abiatu ginen. Bidean hasi ginen Txirrita baserrira hilabete batez joateko planak egiten.

Garapena: Dijitalidadea SL