Joxean
Agirre

1949 (Azpeitia)

Egile honen
beste liburuak

NARRAZIOA

Lehen triptikoa

1986, Durangoko Udala

NOBELA

Longa kapa beltza

1984, Haranburu

Gizon bat bilutsik pasiloan barrena

1991, Elkar

Osaba Txirrita

1998, Bertsolari

Romain zen bere izena

2003, EEF-Elkar

La lutte finale

2008, Elkar

Elgeta

1996, Kutxa Fundazioa

Kontatzeko moduak argi berriz janzten ditu eleberrian zehar ageri diren ezpalak: deserrotzea, bakardadea patu gisa, amodioaren kondena, gure arbasoek bizi izandako munduaren galera, artearen balorea gizarte mota horretan, keinurik gabeko gizartearen mututasuna, Euskal Herria gartzela gisa, amodio-objektuaren definizioa, emakumeen kategorizazioa, gizakion gora nahia, amodiozko errenuntzia, gure aiton-amonen munduaren krudela, desioa, bazterketa, galtzaileen duintasuna, amodioaren esanahia eta abar eta abar... Baina horiek irakurleak aurkitu beharko ditu, nik hona ailegaturik eleberriaren nire definizioa baino ez diot emanen: Joxan Agirrek idatzi eta Mikel Laboak kantaturiko bolero zoragarria.

Juanjo Olasagarre (Hegats, 1999-10)

1

 

        Autoaren abiadura gutxitu eta leihatila jaitsi nuen. Ateri zegoen baina goibel. Zelofana kendu eta jaiotza bat egiteko paketetik atera berriak ziruditen urruneko baserriek, goroldio gainean jarritako ardiek eta baita ere errepidearen erdian norbaitek ahaztutako behi gorriek. Dagoeneko ezagutzen ninduten beharbada. Adinekoena zirudienak burua itzuli eta erdeinu keinu bat eginez begiratu zidan, esanez bezala, zertara ote dator orain hau, aduanan mugazainak begiratu ohi duen gisan. Altxatzeko bi entsegu motel egin zituen, indarrak probatuz bezala, eta hirugarrenean lortu zuen zutik jartzea, atzeko hanka zurrunekin dantza mokor bat egin ondoren.

        Karguak ematen duen segurtasunarekin begiratu zidan goitik behera eta autoari itzuli bat eman zion errutinazko inspekzioa egiten ari balitz bezala. Ez zuen nonbait ezer susmagarririk ikusi eta berriro taldera hurbilduz, hausnarrean segitzen zuten kideei agindu isil bat eman zien, pasoa utzi zezaten. Guztiek zalapartaka obeditu zuten, baina ez zuten ahalegin hori alferrik galdu, bakoitzak bere zimaur lorratza bidean utziz apartatu baitziren karreteraren alde banatara.

        Auto bamean haurtzaroarekin lotzen ninduen usain gozo eta sarkor hori eraman nuen kilometro luze batean.

 

 

2

 

        Gran Viako denda batetik atera eta espaloian barrena abiatu zen presaka, norbait berantetsirik zain balu bezala. Apur bat azkartu egin nuen nire pausoa, baina ez nuen aurreratzerik lortu. Pauso laburrak ematen zituen, baina dantzarisa batek bezain arin eta presaka eta beharbada horixe zela erabaki nuen emakume harengan atentzioa deitzen zidana, dantzan ondo egiten duten emakumeek bolada honetan nigan sortzen duten lilura.

        Beroki luze bat zeraman, baina seguru nengoen barrutik seda txurizko traje arinarekin zihoala. Beharbada zita garrantzitsu bat zuen norbait, gizonezko bat ordularia kontsultatuz pub bateko barraren argitzalean, beti baitaude gizonezkoak ilunabarreko orduetatik aurrera ordulariari tarteka begiratuz zitaleku jakinetan. Neu ere inoiz edo behin egona naiz beroki luze batean bildutako emakume bat noiz agertuko zain eskaiz forratutako barra baten kontra edo hotel argitsuetako bestibuloetan. Ondotxo dakit nik ere denborak zein luze jotzen duen edalontziko jela zatiei begira, hareazko ordulariak bailiran, ur bihurtzen ari diren bitartean.

        Azkenik, ordubete edo biren atzerapenarekin agertzen denean, ez du musu labur bat emateko ere astirik, desenkusak agertu nahi ditu eta berokia kentzen hasten da atzerapenaren arrazoiak esplikatzen ari den bitartean, ohartzeke ez duela izan soinean arropak janzteko betarik. Barraren kontra edo hoteleko bestibuloan dauden bezero apurrak une batez biluztu den emakumeari begiratzen diote harriturik eta biok barre egiten duzue, elkar besarkatuz.

        Gran Viako denda batetik atera den nire emakumeak zeharbidea zeharkatu du gorrian. Autoak meteoritoak bezain azkar iragan zaizkio ondotik, baina mirariz ukitu gabe. Jauzi txiki bat egin du galtzadatik espaloira, minueto baten konpasa aldatu balu bezala eta Licenciado Poza kalean gora desagertu da bere pauso presakorrarekin, euria ari balu bezala edo, ez dakit, biluzik doan emakume baten pausajearekin.

 

 

3

 

        Behi gorriak galtzadaren alde banatara geratu ziren zutik, patxadan, gizakiari gerta zekizkiokeen tragedietan lekuko bai, baina partaide izatera rebajatu gabe. Haien tripa borobil haizatuek ukitu bat nahikoa zutela iruditu zitzaidan eztanda egiteko. Kontu handiz pasatu nintzen autoarekin urratu gabe eta begiak errepidera luzatu nituenean, beltzez jantzitako giza talde bat ikusi nuen bidean gora. Aurretik zerraldoa zeramaten lau gizonek eta zerraldoaren gainean soinu txiki bat liztariarekin lotuta. Hori zen segizio hartako kolorezko nota bakarra. Beste guztia, gizonezkoen aurpegi eta begiradak, emakumezkoen mantilla eta gonak, euri etengabeari aurre egiteko zeramatzaten aterki gutxi edo gehiago hondatuak, beltzak ziren eta mirari bat zirudien errepidean behera giza talde horrek tinte lorratz bat ez uztea.

        Segizioa osatzen zutenen aurpegiei erreparatu nien. Gehienak emakumezkoak ziren. Batzuen begiradan malkoek uzten duten hezetasuna soma zitekeen. Nire heriotzan pentsatu nuen eta kosta egiten zitzaidan zerraldoaren atzetik bizpahiru emakume imajinatzea.

 

 

4

 

        Hori izan daiteke gizon batek bere baitan gorde dezakeen ametsik handiena, mundualdia egin eta zerraldoan daramatenean hiruzpalau emakumek negar egingo diotela jakitea. Beti pentsatu izan dut ondo bukatzen diren hiruzpalau maitasun historiak justifika dezaketela existentzia.

        Zahartzaroan imajina dezaket neure burua, bakarrik noski, bizitzak utzitako hondakinen artean aztarrika edo oraindik ketan dauden oroitzapenen peskizan. Hil eta gero ere imajina dezaket neure burua. Notarioarenean paperik egin ez badut ere, nahikoa pentsaturik daukat zeremonia, ekitaldi xume bat 600 metro ozta-ozta dituen mendixka baten hegian edo hemen, bizi naizen herritik hurbil, itsas-bista ikusgarria duen paraje talai batean. Ez da hitzaldirik izango. Errautsak zabaldu bezain pronto, norbaitek, familiakoren batek, afaritara gonbidatuko ditu guztiak.

        —Hilak gonbidatzen du —esan dezake eta negar-zotinen bat entzungo da beharbada, norbait behinola nirekin egindako afariren batekin gogoratu den seinale, emakumeek memoria ikusgarria izaten baitute maitasun kontuetan.

Garapena: Dijitalidadea SL