1949 (Azpeitia)
Egile honen
beste liburuak
NARRAZIOA
1986, Durangoko Udala
NOBELA
1984, Haranburu
Gizon bat bilutsik pasiloan barrena
1991, Elkar
1996, Kutxa Fundazioa
1998, Bertsolari
2008, Elkar
Romain zen bere izena
2003, EEF-Elkar
Ez dut sekula ulertu kultuzko idazle eta artisten kontu hori. Agian oso ona izan arren gutxi saltzen duena da kultuzkoa, besterik gabe. Ez dakit. Kultuzkoa ala ez, ahots eta estilo berezkoaren jabe den idazle bikain bat aurkitu dut nik liburu honi esker, beste obra borobil baterako (Elgeta) bidea egiteaz batera. Ez da gutxi.
Ibon Egaña (Berria, 2003-09-20)
Lekukoek diotenez, parkean egin zuten topo eta emazteak senarrari tiro egin aurretik hitz egiten jardun omen zuten, hitz egiten baino gehiago errietan edo elkarri egundokoak esaten, baina eskandalurik sortu gabe nolanahi ere, jendearen arreta gehiegi erakarri gabe behintzat, ingurutik pasatzen zirenek irribarreren bat egiten baitzuten gehienez, bikote ezezagunen krisialdiek eragiten diguten auzo-lotsa puntuarekin, eta gero, emazteak bere poltsatik pistola atera eta senarrari apuntatu zionean ere, ez omen zen jendea asaldatu, pistola beltza gizasemearen eskuetan heriotzaren aldarrikapen bihurtzen den bezala, emakumearen eskuetan zerbait oso bestelakoa iruditzen baitzaigu, antzezpen sotil edo gezurrezko zerbait, jostailu bat, azken finean, are gehiago emakumea liraina edo ederra denean.
Tiroa hartu eta gero ere hitz egiten segitu omen zuen gizonak une batzuez, bere bi eskuekin bularretik zerion odolari eutsiz. Lurrera abaildu zelarik ere, inor ez omen zen lehen momentuan laguntzera lerratu, eta tiro hotsarekin izuturik hegaldatu zen uso taldea, elizako kanpandorrea inguratu eta parkera itzuli zenean, gizona ahuspez zegoen lekuan pausatu omen zen, beren mokoekin hartxintxarren artean aztarrika eginez eta beren begirada ergelarekin dagoeneko bidea egiten ari zen odol errekastoari arreta laburrez begiratuz, ezbehar baten lekuko zirenik ohartu ere egin gabe.
Ohartu zirenak, pasadizoan aplikatu ziren lekukoak, korroa osatuz joan omen ziren banaka-banaka hilaren eta hiltzailearen bueltan, bietako inork ihes egin ez zezan edo, inolako zalapartarik gabe hala ere, bat-bateko heriotzak hirietan izan ohi duen erantzun geldoarekin eta, norbaitek abisu emanik, ertzainak iritsi zirenean ere begira geratu omen ziren, hilzorian zegoenak ala hiltzaileak, premia larriena zeinek ote zuen pentsatuz.
Lurrean ahuspez zetzan gizonak oraindik ezpainak mugitzen omen zituen, emazteari egundokoak esaten ari zen nonbait artean, ertzain batek bere odoletan ito ez zedin burua altxatu zion arte. Emaztea ondoko aulkian eserita omen zegoen, magalean gezurrezkoa zirudien pistola beltza zuela, negarrez.
Buruko zapi batean amultsuki bildu eta magalean kulunkatzen zuela dio norbaitek, edo jaio orduko hil den haurraren hilotza bezala laztantzen zuela arma itzali berria, dohakabeki negar eginez.
Horretan bederen bat datoz lekukoak, gupidarik gabe baina isilka egiten omen zuen negar, ezbeharraren errudun bakarra bere burua ez baizik magalean zuen pistola beltza izan balitz bezala. Bere bi eskuak esposaturik sentitu zituenean bakarrik itzuli omen zen bere tentura edo adimenera eta, adierazpenak egin aurretik abokaturen bati dei egitea nahi al zuen galdegitean, nire izena eta telefonoa eman omen zituen, mekanikoki, une horretan buruan beste izenik eta telefonorik izan ez balu bezala, nahiz eta bazekien, jakin behar zuen, ni ez naizela abokatua.
Ordurako Gurutze Gorrikoak iritsiak ziren ezbeharraren lekuaa. Ohexkan etzateko gizona lurretik altxatu zutenean ikusi omen zioten zauria alkandora urratuaren azpian, zauri bakarra, bihotzaren pare-pare. Gisako atestatuetan gertatu ohi denez, ñabardura morbidoak erantsi dituzte lekukoek. Batek, bihotzondoko zauri txiki horretatik, odolarekin tartekatuz, arnas kolpeak botatzen zituela esaten du, lurrun lainoxkak airean utziz, bihotzak, guztiz hondaturik ere, eragiten segitu izan balio bezala, eta etengabe ezpainak mugitzen zituela, betikotasun osoan bere emaztearekin errietan, egundokoak esaten, segitzeko intentzioa duenaren gisan.
Ertzaintzatik deitu zutenerako emakumeak utzitako testuak irakurtzen ari nintzen, hain zinez non ez nion deiari jaramonik egin. Minutu batzuk lehenago eman zizkidan, ikastetxeko sarreran bertan, «zuek bila zabiltzaten idazlea nire senarra da» esanez. Betaurreko beltzekin ezkutatzen zuen begirada, buruzapiarekin ilea, eta hitz egiteko moduan, mugitzeko eran, zerbait ezkutua edo isilpekoa gordetzen zuela zirudien.
Guztiz aztoraturik ikusi zuela aitortu zuen gero atezainak komisaldegian. Nik uzkur baina abegikor ikusi nuen, bere onean edo tentuan nolanahi ere, inondik ere ez behintzat ez-egitekoren bat egitera doanaren itxurarekin. Bere poltsa bularren kontra ireki, orrialde sorta atera eta «bila zabiltzaten idazlea nire senarra da. Hau da froga gisa ekarri ahal izan dudan guztia» esan zuen edo esan zezakeen, halaxe adierazi nion epaileari, ahots beheraz hitz egiten baitzuen, ahots leun edo hezeegiz, aurrean zuena laztanduz edo isiltasunezko estalki batean bilduz bezala. Ez nion konturik egin, beraz, esan zuenari, adiago bainengokien ahotsaren xehetasun horri edo bere aurpegiko adierei, emakume batzuekin maiz gertatzen zaidan eran, eta, egia esan behar badut, ez nion sinetsi ere egin; zergatik sinetsi behar nion? Bi urte luze generamatzan gure literatura inarrosi zuen idazle horren atzetik eta dagoeneko ondo ikasia nuen gisa horretako «salatzaileak» gainetik kentzeko zer egin behar nuen: errespetu osoz tratatu. Behin eta berriz eskertu nion, nik bakarrik ez, gure literaturaren historiak ere egunen batean eskertuko ziola esanez, eta, ni eskua bete orrirekin utziz, itzuli eta alde egin zuelarik ere, atzetik begira geratu nintzaion. Etorri bezala, iheskor, uzkur eta itzalgaizka ikusi nuen, bere poltsa beltz zimurra magalean estutuz, kalean barrena ezkutatzen, zorigaitzak emakume ederrenei ere eransten dien patetismo puntu horrekin. Buruko zapiarekin estaltzen zuen ilea eta betaurreko beltzekin begirada. Soineko arin bat zeraman eta ezer erakutsi gabe ere edertasuna agerian uzten duten emakume horietako bat zela deliberatu nuen. Nik zer pentsatu behar nuen orduan bere poltsa zimurrean pistola bat zeramanik eta are gutxiago minutu batzuk geroago idazlearen kontra tiro egingo zuenik?
Igogailuan sartu eta bulegorantz abiatu nintzen. Bidean, eskuetan neraman orrialde sorta distraituki zabaldu eta irakurtzen hasi nintzelarik, bihotzak palasta egin zidan, lehen esalditik ohartu bainintzen zeinen ezagun egiten zitzaidan ahots hura. Lehen orrialdea bukatzerako konbentziturik nengoen urteetan irakurleei eta literatur irakasleoi iruzur eginez zebilen idazlea eskueran nuela.
Gora iritsi bezain pronto sakatu nion berriro jaitsierako botoiari eta atariraino egin nuen korrika emakumearen aztarnarik aurki ote nezakeen, baina haren errainua ozta-ozta irudikatzea baizik ez nuen lortu une batzuk lehenago ezkutatu zen galtzada hutsari begira: gona arin bat zeraman emakume bat, ezer erakutsi gabe ere edertasuna agerian uzten zuena.