Xabier
Lizardi
(Jose Mari Agirre)
1896 (Zarautz)
1933 (Tolosa)
Egile honen
beste liburuak
POESIA
1932, Verdes-Atxirika
ANTZERKIA
1932, Antzerti
1932, Antzerti
ARTIKULUAK
1934, Euskaltzaleak
1987, Erein
Ezkondu ezin ziteken mutilla
1953, Egan aldizkaria
Ez du komeri yaukal onek lotsik inoren aurrean agertzeko; ez da Lizardiren beste lanak baino urriago. Aiek bezain bikain, goitar eta jator dezute. Euskal teatroan eredutzat hartu diteken antzerki lana.
Antonio Maria Labayen (Egan, 1953)
LEHENENGO EKITALDIA
Antzeztokia: jangela txukuna
I
MIREN eta ARANTXA.
(Biak josten; alabatxoa aulki txiki batean).
MIREN: Ez al dun jolasera joan behar?... Hire ahizpek aspaldi utzi ziotenan lanari...
ARANTXA: Ertz hau bukatu artean ez behintzat... Hauxe biharko ez uztea ipini zait hemen. (Behatza bekokian jarririk) .
MIREN: (Barrez eta alaba maitero laztanduz) . Ai nolako etxekoandre egokia daukadan nik etxean!...
(Bat-batez bendu, eta arpegi itzalez, gora begira gelditzen da)
ARANTXA: (Urduri) . Amatxo... negar? (Mirenek laisterka malko bi lehortuta, josten darrai, ez erantzuteko tankeraz. Arantxa jeiki, eta besoak amari lepoan ezarriaz) . Zer duzu, ama? Niri esango ez?...
MIREN: (Isilunea; gero bere arterako bezela) . Nire haur guziek hik bezala laztanduko banindiketenan!... Hiri beste axola balitzaizkie nire malkoak!... (Berriro negarra lehortuz) .
ARANTXA: Zer diozu, amatxo?... Ez al zaitugu ba guziok maite?
MIREN: Ez zekinat!...
ARANTXA: Nork laztantzen ez zaitu?
MIREN: Nork... nork! (Pixka batean isilik egonda) . Yonek, maite!
ARANTXA: Hara berriz!... Hori da ba!... Amatxo: gizon haundia baita! Ja, ja, ja! Polita litzateke! (Benduz) Baina... maite gaitu, ama. Berak ere badaki laztantzen.
MIREN: (Garratz xamar) . Bai. Norbait laztantzen din, noski ... !
ARANTXA: Horra ba... Zu ez... lotsatu egiten delako edo. Baina... norbait... norbait... (Irribarrez eta begi-keinuka) Bai al dakizu nor, ama?...
MIREN: (Kezkaz, alabari begi-begietan begiratuz) Nor?
ARANTXA: (Harro-harro) Ni!
MIREN: (Harrituta) Hi?
ARANTXA: Esango dizut, ama. (Aulkia aurreratuz) Baina! Behatza ezpainetan ipinirik)
MIREN: Bai, emakumea.
ARANTXA: Ba, lehengo batean, amona ikustetik etorrita
MIREN: (Garratz) Bai; amona ikustetik!
ARANTXA: Zer?
MIREN: Ezer ez. Jarrai ezan, maite
ARANTXA: Ez, ez, ez! Zergatik esan duzu: «Bai, amona ikustetik» haserre bezala?... (Mirenek ez dio erantzuten) Eee?... Esan nahi ez niri?... Nik ere ez ba zuri, horratx! (Aulkia aldenduz) .
MIREN: (Barrez) Tira, tira, pertxenta!...
ARANTXA: Yon amonarengana joatea ez al duzu nahi?...
MIREN: Bai, ume, bai... Nahiko ez dinat ba?... Tira, esan; nire maitea haiz-eta...
ARANTXA: (Aulkia berriro urreratuz) Ba... Horrelaxe... amona ikustetik etorri zen batean, hementxe nire aldamenean eseri, eta... oso ilun zegoen... Nik begi zeharka begiratzen nion noizean behin, baina bera ez zen ohartu ere egiten, geldi-geldirik leihotik sartzen zen eguzkiari begira... Nire artean egiten nuen: «Zer ote du?» Eta, halako batean, non ikusten dizkiot begietan bi malko lodi-lodi!... Hura barregurea eman zidan Yon negarrez ikusteak!... Esan nion: «Eeee, Eeee! negarrez, negarrez!» —Orduan berak xamur xamur begiratu zidan, barre egin nahirik bezala malkoak lehortu zituen, eta esan zidan: «Hator nigana, Arantxa». Joan nintzaion... Esku biekin burua bigun-bigunki hartu, eta astiro begiratu izan ninduanean, hementxe (bekokian) musu luze-luze bat eman zidan... Burua utzi zidanean beste bi malko zeuzkan begietan, lehengoak baino lodiagoak... Baina horra; haiek ez zidaten barregurarik eman. Zergatik ez nekiela ere, erruki izan nion, eta harrezkero... Yon asko asko maite dut! —Berriro eseri nintzen, eta geroxeago, hitzik atera gabe, alde egin zuen. Nik ez nion ezer galdetu, ezer esango ez zidala igerri bainuen... (Isilunea) Ama, zergatik egiten ote zuen negar Yonek?...
MIREN: Ez zekinat, maite. (Berekiko) Bihotzik ba ote du ba, Jauna?...
ARANTXA: Zer? Berriz negarrez?... Hauxe da lana! Etxe honetako guziak negarrez, eta ni bakarrik barrez beti! Ez ba!... Oraingoan (Eskua begien aurrean jarririk) neronek ere egin behar dut. Ezin! (Begiak behatzaz txistuz igurtzi ondoren) Jas! Ezin, honela ere!