Xabier
Lizardi
(Jose Mari Agirre)

1896 (Zarautz)
1933 (Tolosa)

Egile honen
beste liburuak

POESIA

ANTZERKIA

Bi aizpak

1932, Antzerti

Laņo ta izar

1932, Antzerti

Ezkondu ezin ziteken mutilla

1953, Egan aldizkaria

ARTIKULUAK

Itz lauz

1934, Euskaltzaleak

Kazetari lanak

1987, Erein

Biotz-begietan

1932, Verdes-Atxirika

Olako olerkari bat agertzen danian, alde gustijetan poza entzun biar geunke, baņa lurralde onetan ots bat be eztogu entzun. Negar egitteko lain. Olerkari bat Urtzi'ren bezuza da, bestien posgarri dan gixona. Baņa euzkotarrak eztakije zer balio daun olako batek. Emen olerkarijak zorotzat edonork artuko dauz. Gaurkoz Euzkadi'n ezez Espaņa'n be Lizardi lako olerkarijak eztira ixango bi. Geure elerti-zaliak poztuten dira? Ez dirudi. Eder miņak barik, zizki-mizka azkureak jo dauz.

Lauaxeta (Euzkadi, 1932-05-11)

PARISKO TXOLARREA

 

Txolarretxo, txolarre,

Paris erdikoa:

Bourse-ko iskanbila

(gizon zoro batzarre)

ez ote nahikoa

hi izutzeko, axolakabe biribila?

 

Farol itzali baten

txapel-gailurrera

etorri haiz xuxen

apur ostu bat jaten:

batetik bestera,

txapelaren muturrak arin dituk gaintzen.

 

Salto banakin, begi

ernaiak lurrera.

Ez haiz hi makala:

begiraldi luzeegi

gabe, bahator behera;

ez, alearen ordez, jasotzera azala.

 

Kafetxean bainago

astiaren jabe,

zer egin hoberik

(ezer ez gogarago),

muinak urtu gabe,

zerbait, halarik ere, gogo-jolas baizik?

 

Leihoak lauso dira,

eguraldiaren

antzo. Barrenean,

giroaren harira,

loxustak egiten

morroi mantal-zuriak daude bazterrean.

 

Begira, behetik gora

berriz txolarrea.

Keinuka begiak,

irentsi du, gerora

luzatzeka, alea.

Esku —?— peko guri bat boteaz... han ziak!

 

Parisko txolarrea:

zertan haiz berezi

nere herriko batez?

Azalez, soin arrea;

barrenez, bihurri;

kideago zaitezten... ez dakik frantsesez!

 

Kanpantorre xaharrean

bata bezin lasai,

bestea da maiztar

Tuileri goitarrean.

Egingo nuke, bai,

hangoa lotsa ezetz, honuntza banekar.

 

Nonahitar izan-minez,

ostera, gizona

bai txori baldarra!

Ahaleginak eginez

bebil handik hona:

etxez kanpora beti duk baserritarra.

 

Labur: nere burua

Parisen ikusiz

hain lotu ta arlote,

otoi nizun zerua,

zehatz adieraziz

gizon baino nahiago nukela txolarre.

 

 

 

ASABA ZAHARREN BARATZA

 

I
Atarian

 

Asaba zaharren baratza,

huntzadun hormek hesia,

eguzkiak lehen maitea...

Hotzaldi zoro baten itzuli,

joka nagokik atea.

 

Joka nagokik atea,

ate gorri zurezkoa,

euri zaharrek usteldua;

marraskiloek bide bihurri

dirdaitsuez apaindua.

 

Bai bainun amona xahar bat

zazpi begiko baratzai;

deadarkari iaioa

marrubi-lapur nenkusanetan...

Bizi ote dut gaixoa?

 

II
Sarrera

 

Sar eta... zuahitz jantziak.

Urrats bat egin, ta... adar huts.

Oroipen-txoriez zeuden

beterik: ni ikus ta, bat-batean,

hegoei eragin ziten.

 

Nigana datoz, nahasian...

Adiskide min maiteak!

Barru-muineko gauean,

su itzalitzako zaharra gar gorri

dabil-da bihur-nahiean.

 

Belar gaiztoak jan ditu

nire bidexka izkutuak...

Ale bakanak dakartzi

bide gaineko mahastiak, eta

ortziak peitu du iguzki.

 

Urte joanen zitala!

Zuek zarpildu-itzalia

lehenera nork lekardake?

Zabal-naroa nuen baratza,

gaur hain estu, gaur hain gabe!

 

 

III
Lehena

 

Baratz erdian dut arki

amona: alderoka dator,

begi galduak noranhai...

Heriotzak dakar besalagun,

bere buruz ez baita gai.

 

Amona, zatozkit, otoi:

biloba laztan ezazu,

esan zadazu «biloba!»

Hitz hori, soilki, zaharrak dit ondu,

ardoa ohi dun bezela.

 

Biraka hasi zan, dei ta dei:

aita dei, ta ama; haurtzaroko

lurrak irentsi lagunak...

Zaharrez birrumetu danez gero,

menbeko darabil lehenak.

 

Errukarri! Lausorik du

gizargia begietan...

Nonahi aldiaren sitsa!

Zuka, zoroki, mintza zitzaidan,

zaldun arrotza bainintzan.

 

Laztan dut. Bera, harrituta,

begi-begira dagokit.

Gero, geldiro: «Nor zaitut?...»

Euskeraz hark niri galdegina

gogoan besterik ez dut!

 

Nire begien suz sutu

naihez bereak, diotsat:

«Biloba nauzu, zaharrena...

Zure marrubi gorriak inoiz

ostutzen ohi nituena...»

 

Oroi ote?... Begietan,

zalantza dut tximistarik

iragan zuelakoa.

Burua igurtzi zidan astiro,

esanaz: «Zu...? Zu...? Gaixoa!»

 

Ta hasi zan biraka berriz,

hil-zaharrei hoska, negarrez,

heriotzaren egarri...

Bizitzearen hondar aleak

larrainean eultzen ari!

 

 

IV
Oraina

 

Ta, hara, bidean, baldarņo,

muttiko bat guregana:

hark birbiloba, nik seme.

Ikus amonak, bertan gelditu,

ta haren eztizko irribarre!

 

Laztan du, pozak zoratzen:

«Hi haut, orain hakust ongi!»

(diotsa) «Hi haut, bai, "Holako"!...»

Ta... nere izenez igurtzi zuen

burutik oinetaraino.

 

Lehena zegoen orainaz

ele gozoka. Bitzuok

mintzo beraz ziharduten.

Ene asaben lokarri zaharra,

Jaunari zor, ez zan eten!

 

 

V
Etorkizuna

 

Ordun eguzkiz jantzi zan

asaba zaharren baratza;

ordun, zuahitzak igaliz;

ordun baratza leheneratu zan

mugak berriro zabaliz.

 

Ta lehen ikusi gabeko

zuahitz berri bat zegoan

erdian, guzien buru...

Haren gerizak herri-baratzak

ezin-hilkor egin ditu.

 

Nire Tabor-mendi: nire

baratz zaharraren antzalda!,

egi, mami, bihur adi:

lehenaren muinak aldatu beza

baratz zaharra baratz berri!

Garapena: Dijitalidadea SL