Xabier
Lizardi
(Jose Mari Agirre)

1896 (Zarautz)
1933 (Tolosa)

Egile honen
beste liburuak

POESIA

Biotz-begietan

1932, Verdes-Atxirika

ANTZERKIA

Laño ta izar

1932, Antzerti

Ezkondu ezin ziteken mutilla

1953, Egan aldizkaria

ARTIKULUAK

Itz lauz

1934, Euskaltzaleak

Kazetari lanak

1987, Erein

Bi aizpak

1932, Antzerti

LEHENENGO EKITALDIA

 

(Etxe-barru txiro, baina txukuna: mahaia, aulkiak eta abar Ezkerretara, ate bat. Atzean, beste bat, eta leihoa ere, biak baratzera urratuak).

(Pantxike ta Manttoni, ahizpa Nezkazaharrak urterik haiei antzematen ez da erraz —elkarren aldamenean eserita daude, dirua mahai-gainean zenbatuz. Zenbatzailea, Pantxike, Manttoni, ahizparen beso-gainetik begira).

I

PANTXIKE TA MANTTONI

        PANTXIKE: ... eta bederatzi, berrogeita bi ... ; eta bost, berrogeita zazpi ... ; ta zortzi...

        MANTTONI: Bart arratsean adina, Pantxike?

        PANTXIKE: ... berrogeita hamabots ... ; eta zortzi... Bai, Manttoni bart arratseko kontua ateratzen zaidan. Honenbeste ez geninan jaso San Juan aurreko azokaz geroztik.

(Zenbatzen jarrai beza, isilik, Manttoni oro begi. Halako batean, herriko erlojuak kanpai bat: Manttoni'k burua jaso) .

        MANTTONI: Pantxike!...

        PANTXIKE: Manttoni ... ? (Bere zereginari utzi gabe) .

        MANTTONI: Zer ordu dinagu?

        PANTXIKE: Al zekinat!... (Isilune laburra) Bederatzi eta erdiak, ustez.

(Diruak poliki antola bitza mahai-kutxan —kaxoian—)

        MANTTONI: (Jeiki, zapi bat hartu, eta erridiei hautsa kenduz) . Ez zekinat irudipena dudan, baina, Amabirjinetako prozesioaz geroztik, burua etzaukanat bere onean. Izan ere, halako eguzkiak hituen egun hartan!... Hamar eta erdiak direla esan bahidan, berdin-berdin sinistuko nian... Halaz guztiz ere, hamar eta erdirik ez dela banekinan!

        PANTXIKE: Bederatzi eta erdikoa izan dun.

        MANTTONI: (Etsi-etsian) Bederatzi eta erdikoa, alegia

        PANTXIKE: (Isilune baten ondoan) . Hi ez hago onik, Manttoni

        MANTTONI: Onik ez ote nagon, ba?... Ez ezan uste: buruak ematen zidan hori batzuetan...

        PANTXIKE: Leandro jauna deitu behar huen... Urteak,

        MANTTONI: adina dabilkin hik atzetik!

        MANTTONI: Adina atzetik! Zertarako behar ote natzaion?...

        PANTXIKE: «Okel-erre»neko atsoa ere horrelaxe ibilia dun. Azkenean, sendagileak «rizinoa» eman zionan, eta bertan bota zizkinan haize txar guziak.

        MANTTONI: Haizeak? Hizea besterik ez, Pantxile? (Sorbaldak uzkurtuz) Izan ere, «Okel-erre»neko atsoa...!; behiaren gorotza ere, sendagileak emanez gero, pozik jango zikenan hark...

        PANTXIKE: Badakin, Manttoni, ama zenak ere, urteek menderatu zutenean

        MANTTONI: Enetxoa! Amarena ez dun berdin: hura bi alaba eginik huen!

        PANTXIKE: Eta zer zion?

        MANTTONI: Ai!, asko, PanIxike!... Leandro jaunak ondotxo zekin... (Aldapena) Baina, horiek ere, enetxoa, hartzeko kanpaia denean ditun azkarrak! Gainontzean?: inoren osasuna zaintzeko, bazekinat nik horiek hainbat... Zer egiten dinate, ba?... Zereko jakintsuak!... Jendea asperrarazten besterik etzekinate eta ... !

        PANTXIKE: Adi ezan, adi ezan... Gazte, berri, Madrilgoa edo delako hori... —zera, «Boxt»eneko goian bizitzen jarri dena... —hori azkar porrokatua omen dun, ba...

        MANTTONI: Azkarra, beraz? Azala, esan bahuen!... Bazterretan neskatxa gazteei goxokeriak esaten... ; horretan azkarra omen dun. Katalinek dioenez!

        PANTXIKE: Uuu!... Katalinek! Ikusi ere egin al din, ba hura?

        MANTTONI: Ez; ikusi ez!... Hitz egin ere!... Eta, guzia jakin nai ba-dun, besotik heltzera egin eta ozta-ozta ihesi ahal izan omen zionan!

        PANTXIKE: Ut, txatxua hi berriz! Dena sinisten dun! Hark gizonezkoari urreratzen ez utzi!

        MANTTONI: Ba, ez dun bakarra... Hor zeuden «Atarramentu»neko neska, eta «Txepetx»enekoa, eta Ixabel bera ere, emakumea!...

        PANTXIKE: Ixabel!

        Mant-. Ea: Alkateak «señorito» hori herritik bidaliko ote duan ere zabaldu dun eta... Izan ere, nik beti esaten dudana: arrotz xankarne horiek dinate hemengo neskatxei esan beharra? ... Botako nitizken denak ibai zabalera?

        PANTXIKE: Um!... Hiri ere zertxobait goxo esanez gero

        MANTTONI: Ui! Hara bestearen ateraldia! Ez al zidatenan esan, izan, horiek baino galai ederragoak! Bai makinatxo batek!

        PANTXIKE: Eta, nezkazar gelditu hintzen?

        MANTTONI: Eta hi?... Honek eman zizkigun ederrak!

(Isilunea. Etxe-lanetan hasi bitez Pantxike, altzoan otarra hartu eta babarrun-zuritzen. Manttoni'k, etxe-garbiketa buka, erratza baztertu, eta tresna oro antolatzen dihardu) .

        PANTXIKE: Bihar igande... —Oilaskoa hilko ote dinagu?

        MANTTONI: Bai Pantxike, il dezagun... Hain xuxen ere, oilasko-gose nagon aspaldi honetan.. Eta zer da, guzia ere? Haragia baino garestiago ez zetorren, eta!

        PANTXIKE: Ez garestiago, dion? Merkeago esan nahiko dun! Bai hainbat! «Kazkazuri» harakinari galde bestela... Lapur galdu bat besterik ez dinagu hori. Horrena gehiegikoa dun. Utziko al dinagu guzion artean etxea bete okel!

        MANTTONI: Asmatuko liguken orduan ere hark lapurreta-bidea!... Baina, horiek horrela direla, noan oiloetara.

(Aterantz bihoa, «eskalaproietan» oinak sartuz. Irten-haginean, geldi bedi. Aizpak burua jaso du, eta biak beude adi. Baratzako ate-hotsa, gero oinhots astuna, gero hutsa. Berehala, norbaitek ataritik, ahots lodiaz):

        ALKATEA: (Ataritik) ... Eup! Ez al da inor bizi?

(Horren ondotik, isilune luzea berriro. Neskazar biak, beren hartan geldi. Atarikoak, ozenago:)

        ALKATEA: (Ataritik) ... Eup! Ez al da bizi inor?

(Manttoni'k nozbait ere burua atera beza:)

        MANTTONI: Ene!... (Burua iraduz berriro sarturik) Pantxike, Alkate jauna dinagu!

(Betor Pantxike'rengana. Honek babarrun-otarra mahai-azpian gorde beza. Biak, eskuak mantalaz igurtzi ondoren, bihoaz baratza-aterantz, agurka. Alkatea ager bedi atean) .

Garapena: Dijitalidadea SL