Xabier
Lizardi
(Jose Mari Agirre)

1896 (Zarautz)
1933 (Tolosa)

Egile honen
beste liburuak

POESIA

Biotz-begietan

1932, Verdes-Atxirika

ANTZERKIA

Bi aizpak

1932, Antzerti

Ezkondu ezin ziteken mutilla

1953, Egan aldizkaria

ARTIKULUAK

Itz lauz

1934, Euskaltzaleak

Kazetari lanak

1987, Erein

Laño ta izar

1932, Antzerti

LEHENENGO IKUSGAIA

 

(Linterna-plaka): ortzian izar eder bat, azpian hodei gorrizta duela.

IPURTARGIAK: Hor-hemenka, inguruko sasi-larretan.

NEXKA-MUTIKO TALDEA: zapia jasotzerakoan, margo-izpi ahulez erdi argitu eta nabarmenduak, zortzi bat nexka eta beste hainbeste mutiko, artzain eta artzain-andre jantzian.

ORKESTAZ ETA ABESTIZ: zapia jasotzeaz bat orkestak laguntzen diela ekin bekiote neska-mutikoek «Artizarra zeruan» abesteari:

NESKA-MUTIKO TALDEAK:

        Artizarra zeruan

        agertzen denean,

        ipurtargia ere,

        izar da lurrean.

        O, zein eder, goikoa

        bagenu mendean:

        hodei gorrizta horretan

        bilgenezakean!..!

        Ipurtargia har dezagun, (Bi aldiz)

        besterik ezean.

ORKESTA HUTSAK jarrai bekio.

DANTZA-ANTXEAN hurbil bitez nexka-mutikoak inguru sasietara.

IPURTARGIAK ATZITUZ betoz berriro erdira,

eresiaren ariora argiok darabilzkitelarik

II

ORTOTS LARRIA (acordes-trueno), orkestak.

ARGITU BEDI ANTZEZTOKIA, tximistaz bezala, bat batean.

MAITAGARRI BAT ager bedi, atzetik, bekokian

izar urdina duela. Betor aurrera, txikiek, agurka,

bide-eginez, eskuargiak luzatzen dizkiotela.

        MAITAGARRIAK: . Gabon, maiteok. Zuen hots gozo horrek erakarri nau basotik. Harrigarria! Gaur den egunean, euskal-kanta zaharrik dakiten umeak!... Nortzuk zaituztet, ba, aingeru eder horiek?

        MUTIKO BATEK: (Aldamenekoa ukalondoaz jotzen duela) . Esaiok hik.

        BESTE MUTIKO BATEK: (Lehengoari) . Hi ni baino haundiagoa haiz!

        NEXKA BATEK: (Aldamenekoari) . Hau ez dun herrikoa...

        BESTE NEXKA BATEK: Enee, ez! Horrelako andre apainik!...

        MAITAGARRIAK: Ez zarete ausartzen? Ez beldur izan. Maitagarri bat nauzue: ez dizuet ezer txarrik egingo... Ea! Hik, txikien horrek, esango didak: nortzuk zarete?

        GUZIEK: (Barre-purrustaka) . Eneee! Pottolooo!!

        POTTOLOK: (Urrats bat aurrera) . Andrea: euskaldun jatorren haurrak gaituzu. Hargatik dakigu euskaraz; hargatik ere, euskal kanta eder askoak...

        MAITAGARRIAK: Ederki, Pottolo maxail-gorri! Txolo Pottolori, eta txalo bere lagunei!... Baina orain, esaidazue: abesti zahar gozo horiek nork asmatuak diren ba al dakizue?

        NEXKA BATEK: Gure herriko Manttoni zaharrak, andrea!

(Mutilek, barre-algara haundia)

        MUTIKO BATEK: Tuntun alaena!... Ez, andrea, ez: Elizako organista jaunak!

(Nexken barre-algara haundiagoa)

        MAITAGARRIAK: Ez duzue asmatu; ez nexkek eta ez mutilok. Hik bai ote dakik, Pottolo, hain jakintsu haizen horrek?

        POTTOLOK: (Buruari hazka, lotsatu askirik) . Nik, ...egia esan,... horrenbeste ez dakit, andrea...

        MAITAGARRIAK: Ez? Eseri, ba, guziok, eta nik esango dizuet ipuin bat..., ederragoa!

(Txiki guziak eser bitez lurrean) .

        Ikusten al dituzue zeruan izar eder hura, eta, behean, laino gorrixta bat?... Horiexen ipuina esan nahi dizuet, ba: «Laino» eta «Izar»en ipuina, alegia.

        Behin bai omen ziren, orain milaka urte, zuek bezelakoxe anai-arrebatxo bi... Gau eta egun mendirik-mendi zebiltzan. Hara! Bertan agertu...

Garapena: Dijitalidadea SL