1975 (Getaria)
Egile honen
beste liburuak
POESIA
1996, Elkar
HAUR ETA GAZTE LITERATURA
1999, Ibaizabal
2002, Txalaparta
2007, Txalaparta
Elkano, itsasoak emandako bizitza
2008, Txalaparta
Mundua sagar bat da
Munduko zazpi itsasoetan barrena ibili eta sorlekura itzultzea da Getaria. Eta arrain errearen usaina. Lisboa euritsua euskal kostaldean. Senegal, Errumania, Kuba eta Argentina berriak gure artean. Haurrak portuan bainatzen. Hondartza. Zure larrua eguzkiari begira. Sareak. Harri bihurtutako balea. Elizako kanpaiak. Surflariak itsasora sartzen. Arrantzaleak itsasora ateratzen. Kresalaren izaretan bildutako kaleak. Izar gorriak dituzten itsasontziak. Teilatuak. Aldapak. Katuak. Tabernak. Batelak. Hori dena da Getaria. Munduari itzulia eman dioten marinelen herria. Itsasoak emandako maitalea. Noizbait itzuliko direnen azken portua.
Beharbada horregatik miretsiko dute Joan Sebastian Elkano getariarrek. Itzuli egin zelako. Bi estatua ditu herrian, eta monumentua, eta kalea. Batzuentzat, ez da harritzekoa. Duela bostehun urte, munduari buelta eman eta abialekura itzultzea lortu baitzuen marinel hark, mundua zabala eta arrotza zen garaian.
Sasoi hartan, Portugalek eta Gaztelak, mundua bi zatitan banatzea erabaki zuten, sagar bat balitz bezala, bakoitzak bere zatia nahi zuen moduan irentsi ahal izateko. Bi zatietan lurralde eta uharte ezezagunak zeuden, eta haietan espeziak, elikagaiak, esklaboak edo-ta urrea eskuratzeko, bidaia handiak antolatu eta egin zituzten itsasoetan barrena.
Espainia hegoalde-tik 1519an atera eta abialekura 1522an iritsi zen europarrentzat ordura arteko bidaia handiena izandakoa. Bost itsasontzi eta 265 lagun abiatu ziren, eta hiru urteren buruan itsasontzi bakarra itzuli zen, espeziaz beteta, bizirik irautea lortu zuten 18 marinelekin, Elkano kapitainaren aginduetara. Eguzkiaren atzetik beti sartalderantz nabigatuz, itsasoak zeharkatu eta munduari buelta osoa eman zioten. Elkanorekin iritsi zirenen artean, beste hiru euskal herritar zeuden: Joan Akurio, Joan Arratia eta Joan Zubilleta, Bermeo, Bilbo eta Barakaldoko marinelak, hurrenez hurren.
Oihartzun handiko bidaia izan zen hura garai hartan. Batetik, Amerika zeharkatzeko eta mendebalderantz aurrera egiteko modua aurkitu zutelako. Bestetik, bide hari segika espeziaz betetako Moluka uharteetara iristea lortu zutelako eta, azkenik, eguzkiaren norabide berean nabigatuz, abialekura itzultzen asmatu zutelako. Bidaia hark, beraz, europarrentzat ezezagunak ziren bideak zabaldu zizkion merkataritzari eta zientziari.
Itzuli zirenen begiek isilpean oihukatzen zuten sekretua.
Mundua sagar bat da.