Gari
Berasaluze

1975 (Getaria)

Egile honen
beste liburuak

POESIA

Azaro urrunetako intifadak

1996, Elkar

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Bobbyren hauspoa

1999, Ibaizabal

Tulipa gorriak

2002, Txalaparta

BIOGRAFIA

Elkano, itsasoak emandako bizitza

2008, Txalaparta

Elurra ezin da erosi

2007, Txalaparta

1

        Urte osoan postaletan ezin ederragoa agertzen den herri horietakoa da gurea: Kaiomendi. Itsasoak eta mendiek bat egiten duten lekua da, eta udan zein neguan, nagiak atera eta leihotik begiratu orduko, jolaserako gogoa sortzen du hemen eguraldiak.

        Badirudi hondartzara iristeko irrika dutela Kaiomendi inguratzen duten mendiek, pagadiak eta pinudiak zeharkatzen dituzten bideek maldan behera egiten baitute agudo, itsasoaren atarian atseden hartzen duen herriraino iritsi arte.

        Eskolatik noizbehinka joaten gara mendi aldera, batez ere udaberrian, zuhaitzek soineko berdea jantzi eta zelaiak loretan agertzen direnean. Neketsuak eta luzeak egiten zaizkigu lehendabiziko aldapak, baina merezi izaten du ahaleginak, kolore festa ederra izaten baitugu zain arnasa berotu orduko. Irakasleekin batera hostoak biltzen ditugu, eta bakoitza zein zuhaitzi dagokion ikasten dugu. Bidean, gainera, txoriak ikusten ditugu kableetan. Harriak botatzen dizkiegu, hegan egin dezaten, baina irakasleak haserretu egiten dira orduan, eta errieta egiten digute.

        Orain kablez beteta daude gure mendiak. Negua iristen denean beroki zuria ekartzen du urtero elurrak, eta aldapetan gora eta behera ibiltzen diren eskiatzailez betetzen da herria. Auto garestietan etortzen dira asko, eta ez dira gu bezain mendizaleak, neke askorik gabe igo nahi izaten baitute mendira, aulkietan eserita, gero ziztu bizian jaisteko eskien gainean. Horien aulkiak gora eta behera mugitzeko, kable piloa jarri dute azken urteotan, eta burdinazko dorreak ere eraiki dituzte, eta zuhaitz asko moztu ere bai, eskiatzaileak azkarrago ibil daitezen, enborren kontra jo eta min hartzeko arriskurik gabe.

        Horregatik, elurra oso gustukoa dugun arren, negua ez dugu lehen bezainbeste maite orain. Katiuskak eta eskularruak jantzi, eta elurrezko panpinak egiten eta elkarri elur-bolak botatzen aritzen bagara ere, garai batean guk txanperoarekin orrazten genituen aldaparik ederrenak eskiatzaileentzat izaten baitira azken urte hauetan. Zuhaitzak moztu eta kableak jarri dituzten lekura sartzeko, gainera, asko ordaindu behar izaten da, eta jolastu ahal izateko, aldapa berriak aurkitu behar izan ditugu guk.

        Pena da. Oraintsu arte, elurra iristean, antzinatik jolastu baitugu Kaiomendiko haurrek nahi izan dugun bezala, nahi izan dugun lekuan, neguak zabaldutako bandera zuriaren gainean.

        —Aspaldi, hemengo arrantzaleek harrapatutako baleen hezurrekin egiten ziren lerak, eta horiekin ibiltzen ziren umeak elurretan —kontatu zigun behin amona Palomak.

        Mendiak ez ezik, itsasoa ere ondoan baitu Kaiomendik, eta arrantza izan da urte askoan arbasoen ogibide garrantzitsuenetakoa.

        —Garai batean balea handiak ere ikusten zituzten itsasoari adi egoten ziren talaiariek, eta haien oihuak entzunda, kalma zurian edota ekaitz ilunenean, ahalik eta lasterren ateratzen ziren arrantzaleak baleontzietan, arraunak eta arpoiak hartuta —ondo gogoan ditu amonak urte haiek.

        Balea nork lehenago ikusi eta nork lehenago harrapatu, kaiomenditarren eta auzoko herrien artean ez zen broma askorik izaten sasoi haietan, balea harrapatzen zutenek hilabete luzeetarako haragia, olioa eta beste hainbat kontu izaten baitzituzten, baita balearen hezurrak ere, elurtea iristen zenean lerak egiteko, besteak beste.

        Urteekin, baleak desagertuz joan ziren, eta haiekin batera behera egin zuen arrantza molde hark, gerora oeste batzuek bezala, eta gaur egun ez da arrantzontzi handirik ageri Kaiomendiko portu zaharrean. Koloretako hainbat batel ikusten da oraindik, baina, batez ere, belaontzi dotoreak eta aisialdirako txalupa zuri eta distiratsuak nabarmentzen dira gehien kirol portua eraiki zutenetik.

        Oso garestiak dira belaontziak, eta asko ordaindu behar izaten da horiek kirol portuan lotuta eduki ahal izateko. Baina aberats ugari etorri da azken urteotan Kaiomendira, eta haien ontzientzat da orain portuaren zatirik handiena. Apenas agertzen den arrantzalerik. Kanpotik etorritako dirudun horientzat, gainera, ederrak bezain garestiak diren etxeak ere eraiki dituzte nonahi, eta jolaserako genituen parke eta zelai gehienak gure herriko mapatik ezabatu dizkigute.

Garapena: Dijitalidadea SL