Gari
Berasaluze

1975 (Getaria)

Egile honen
beste liburuak

POESIA

Azaro urrunetako intifadak

1996, Elkar

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Tulipa gorriak

2002, Txalaparta

Elurra ezin da erosi

2007, Txalaparta

BIOGRAFIA

Elkano, itsasoak emandako bizitza

2008, Txalaparta

Bobbyren hauspoa

1999, Ibaizabal

Portuko taberna

 

        Bobbyren hauspoa naiz, bere eskusoinua. Zuen herriko kaleetan aritzen naiz kantari, arratsaldeak alaituz eta kale nagusiko bizitzari doinua berrituz. Orain, gainera, liburu hau ere bizileku dut eta bertatik hitz egin dezaket zuekin. Bertatik konta eta kanta diezazueket nire istorioa. Baina hobe izango dut hasieratik hastea.

        Bobby Liverpoolgo portura hurbiltzen zen asteartero, urrunetik etortzen zen itsasontzi gorri baten hila. Gogoan ditut oraindik garai haiek. Hirian ilunabarraren kolorea zabaltzen hasten den ordu horretan, portutik entzuten zen ontzi handiaren sirena. Kaian lokartzear ziren kaio guztiak esnatzen zituen sirena lodi hark. Orduan, marinelen emazte eta seme-alaben artean nahasturik, Bobbyk ere gustura ikusten zuen itsasontziak portua nola besarkatzen zuen. Lehorrera iritsi orduko, marinel gehienek senideak agurtzen eta musukatzen zituzten. Beste itsasgizon batzuk, bakarrik abiatzen ziren etxerantz edota portuko tabernarantz.

        Bobby, Paoloren zain geratzen zen. Paolo kapitaina zen eta, normalean, beste marinel guztiek alde egin ondoren jaisten zen itsasontzitik, egin beharreko lan guztiak amaitzen zituenean. Itsasgizonak ingelesak ziren baina kapitaina, Paolo, italiarra zen. Ia astero ekartzen zion Paolok diskoren bat Bobbyri. Italia aldean eskusoinuarekin abesten ziren kantuak zeuden disko haietan, eta Bobby liluraturik zeukaten aspaldian.

        Garai hartan hogeita bat urte zituen Bobbyk. Haurra zenean umezurtz geratu zen eta osaba baten etxean bizi behar izan zuen ordudanik. Osabarekin, ordea, ez zen batere ongi moldatzen. Zakarra zen osaba Terry. Tripazale hura bere buruaz besterik ez zen arduratzen. Ardoa eta gaua oso gogokoak zituen eta ilobari ez zion batere kasurik egiten. Osabaren etxean ezagutu zuen gosea Bobbyk.

        —Etxe honetan, gosea ere gosez hilko duk! -esaten zion noizbehinka bere buruari.

        Orduan, sabela beteta izan ahal izateko, lanean hasi beharko zuela ohartu zen eta portura jo zuen lan bila. Liverpool zen hura. Ingalaterrako porturik handiena zuen hiria. Dozenaka itsasontzi heltzen ziren egunero bertara. Eta beste hainbeste irteten ziren bertatik, itsasoetan barrena nabigatzera. Beraz, berehala aurkitu zuen lana Bobbyk.

        Ontzietan ekartzen zituzten arrain kutxak orgetan pilatu eta portuaren bestaldeko saltokietara eraman behar izaten zituen. Besterik ezean, gazte asko aritzen zen lan horretan.

        Eguneko arrain kutxa guztiak garraiatu ondoren, portuko tabernan elkartzen ziren gazteak. Taberna hartan ezagutu zituen Bobbyk itsasoko kontuak, marinelen abenturak eta piraten istorioak. Eta bertan ezagutu zuen Paolo ere, itsasontzi gorriko kapitaina.

        Bobbyk lehen aldiz ikusi zuen egunean, kantari ari zen Paolo, eskusoinuaren erritmoan. Italiako kantu ezagunak abesten zituen eta, tabernako gehienak bezala, Bobby ere harrituta zegoen traste hark ateratzen zituen doinu ederrekin. Orduan sortu zitzaion hauspoarekiko zaletasuna.

Garapena: Dijitalidadea SL