1975 (Getaria)
Egile honen
beste liburuak
POESIA
1996, Elkar
HAUR ETA GAZTE LITERATURA
1999, Ibaizabal
2007, Txalaparta
BIOGRAFIA
Elkano, itsasoak emandako bizitza
2008, Txalaparta
Tulipa gorriak
2002, Txalaparta
1
Edozein ibairen hegian kokaturiko arrain haztegi batean, maiatzak eguzkitsu margotu zuen arratsaldea.
Ibai ertzean luzatzen diren zuhaitzetan barrena, eguneroko itzulia egiten ari zen enara. Habia atzean utzi, eta gustukoa zuen errekan gora abiatzea, mendi alderantz. Arratsaldea zauriturik erretiratzen denean oskorri ederrak sortzen dira, eta haiei begira itzuli ohi zen berriro sorlekura, eguna batetik bestera igaro eta gero.
Behin, ordea, izokin gazte baten distirak enararen arreta piztu zuen. Ezin politagoa zen izokin hark jantzita zuen eguzki eta urezko lepokoa. Diamanterik preziatuena baino dotore, garden eta distiratsuagoa. Inguruko zuhaitz batean pausatu, eta orduak eman zituen arrain haztegian igeri zebilen izokinari begira. Beste guztien artean, eder nabarmentzen zen.
Hurrengo egunean, bertara hurbiltzeko irrikaz esnatu, eta berehala gerturatu zen haztegira. Izokinengandik hurbilen zegoen zuhaitzean lekua hartu, eta hostoz apaindu zuen bere burua. Ez zen konturatu, ordea, berak ere, han pausaturik, hostoak apaintzen zituela, eta hostoek zuhaitza, eta zuhaitzak erreka, eta errekak ingurua. Egun hartan, beraz, enara zuhaitz hartan pausatu zenetik, ohi baino ikusgarriago ageri zen paisaia arrain haztegiaren inguruan.
Haztegian lasai eta motel zeuden izokinak ere ohartu ziren egunsenti haren edertasunaz. Zuhaitzen artetik iristen zitzaien kantuari segi, eta berehala aurkitu zuten hostoen artean ageri zen enara. Aho zabalik geratu ziren hari begira, baina berehala konturatu ziren beste inori baino gehiago begiratzen ziola izokin gazteari, eta tristura apur batez, mesfidati onartu zuten haren irribarrea.