1961 (Zarautz)
Egile honen
beste liburuak
HAUR ETA GAZTE LITERATURA
2002, Elkar
2004, Elkar
2008, Elkar
Pello Telleriaren amets eroak
2006, Elkar
Pello Telleria arraro zebilen aspaldian; oso amets xelebreak zituen gauetan.
Gauero, oheratu baino lehen, komunera joan eta urez betetzen zuen bainera. Gero, ohera sartzen zen, eta loak amets arraro bat ekartzen zion; amets bera beti, gauak joan, gauak etorri.
Pello Telleria igel bihurtzen zen gauetan, ametsen anparoan.
Aurrena zurrunga egiten zuen, baina berehalaxe zurrungak korroka bihurtzen ziren, kroak! kroak!
Pello Telleria ohetik jauzi batez jaiki, eta xaltoka-xaltoka komunera joaten zen, kroak! eta kroak! Bainera ertzera brinko egin eta handik murgil egiten zuen bainerako uretara, kroak! eta kroak!
Jakina da igelak azala bustita izan behar duela; horregatik putzu baten inguruan bizi da beti. Pello Telleriak ondo zekien hori, eta horregatik betetzen zuen bainera urez gauero. Baineran igarotzen zuen gaua, komunean agertzen ziren euliak eta eltxoak harrapatuz bere mihi luzearekin.
Goizean, nola ez zekiela, igelaren korrokak, kroak! kroak!, zurrunga bihurtzen ziren, eta Pello Telleria ohean esnatzen zen gizon bihurtuta atzera.
Pello Telleria gero eta kezkatuago esnatzen zen, ordea.
—Bainera ez da batere leku aproposa gaua igarotzeko —pentsatzen zuen bere artean—, ezta igel batentzat ere.
Hala, luze pentsatu ondoren, erabaki zuen putzu bat aurkitzea izango zuela onena, igel bihurtzen zenean gaua han pasatzeko.
Etxe inguruan, ordea, ez zegoen putzurik, baina bai erreka txiki polit bat.
—Ederki. Errekan igel gehiago ere biziko dira, inondik ere.
Pello Telleriak ez zuen bainera bete gau hartan. Gelako atea eta kanpoko atea zabalik utzita hartu zuen loak.
Zurrungaka hasi zen berehala, baina handik pixka batera zurrungak korroka bihurtu ziren, kroak! kroak!
Pello Telleria ohetik jauzi batez jaiki, eta xaltoka-xaltoka etxeko eskaileretara irten zen. Eskailerak xaltoka-xaltoka jaitsi zituen. Kalera irten zen, eta errekara abiatu zen xaltoka-xaltoka.
Kroak! Kroak!, egin zuen korroka erreka ertzetik. Kroak! Kroak!, igelei deika.
—Ez al dago hemen beste igelik, kroak, kroak? —galdetu zuen Pello Telleriak urduri samar—. Igelen arteko eztabaida izan nahi nuke gau osoan, kroak, kroak! Kroak, kroak!
Inork ez zion erantzun, ordea.