Salbatore
Mitxelena

1919 (Zarautz)
1965 (Chaux-de-Fonds, Suitza)

Egile honen
beste liburuak

POESIA

Arantzazu, euskal poema

1949, EFA

Ama-semeak Arantzazuko kondairan

1951, EFA

Ogei kanta Arantzazuko

1952, EFA

Arraun ta amets

1955, Itxaropena

Idazlan guztiak (I eta II)

1977, EFA

Laburtuaz

2000, Olerti Etxea

Unamuno ta Abendats

1958, Darracq

Liburu onen garrantzia zearoko berria da (...). Liburu hau ajola aundikoa izango da.

Azpiazu apaiza (Irakurleari, Unamuno ta Abendats, 1958)

1
Batenbaten itzala bear

 

        Gizaseme eldu bati ez omen dagokio negarrez egoterik. Ala esaten zaigu. Itxusi omen da.

        Artara, Erri oso baten literatura beti negar-leloan jardutea nekez jo daiteke zearoko dotoretzat, bat-bateko gainbegiratuan beintzat. Ta auxe gertatzen zaio Euskalerriari. Auxe, geio edo gutxio, euskal idazle ia danoi. Elejiz eta plaņuz ari gaituzu, euskeraren edo euskaltasunaren etorkizuna gaitzat artzen dugun ala bider. Itxusi, beraz ?

        Nik niketz, baezpadan kezka ori uxatzearren, bearreko nizun baten baten itzala; ta onatx Unamunorena bekoki-bekokian. Unamuno dakarkizut lauburu. Arroki dakarkizut, gaņera; berariz, itxaroz ; aitajaun (padrino) aukerakoa dudalakoan.

        Zuk arrazoiz ez didazu agian barkatuko liburu ontako negarjotzearen monotoni garratza, gogaikarria, goibela. Aitajun zorotzar maitagarriak, ordea, barkatu ez ezik zuzenetsi ta are ederretsi didakelakoan aurkezten natzaizu aren «aur ponteko».

        Ta, jakiņa, —nola ez pa?— olako aitajun andikiak besotan naramaken ezkero, espero dut bataio-txanponak ere erruz izango dirala gure ingurura makurtzen dakiten euskaltzale guzientzat. Euskaltzale guziona bait-da pipi au, negar-jotze au.

        Euskera ta Euskalerri : Euskera zarra ta Euskalerri zarra onatx banandu eziņezko bi senar-emazte; biak, bat orduko bestea, ilzorian. Ta guk ezin ba burutik ken bizitza atsekatzen digun gertakizun lotsagarri ori. Izu bakar orretxek zerbeltzen eta zorabiatzen gaitu larriz eta aldarriz : Iltzen doazkigula —osabiderik, itxaropenik non ? ez bekigula gerta olakorik ! ez iltzerik ! ez iltzerik !... Beti edo ia beti negar-asalda bera.

        Gogora, bestela, aspalditxoko Arrese Beitiaren «Ama Euskerari azken-agurrak» eta bere «Kantu errikoiak»; Kardaberatz, Sabin, Kanpion, Etxegaraytarren oiu lerrenak; Lizardiren olerki ta idazlan geientsuak; Orixeren poeman bertan Aralarreko otoitza, naiz sarrera-deia; Aitzol, Txomin Agirre, Zaitegi, Andima, Montzon, Jauregi... Nor ez ?

        Gogora ta azter edozein euskal liburu naiz aldizkari; naiz geron arteko beste zei-nai gizarte-solas. Galzori orretxen larrimiņa darigu noiznai, etsi eziņik, adi dagozkigun zenbait kanpotar jakintsu ere doluan lagun ditugula. Ez dazagut euskal idazle batņorik, izu-espa ori dardaratzen etzaionik, axalez ezpada beintzat barrenez.

        1936 ezkero mutildutakuok are okerrago ez ote gaituzun nago. Galzoria ere are agiņego billakatu bait-da azken-urteotan. Guk eztugu ezagun izan eztairik; alarguntza itunena baizik. Ez, errepublika aldiko askatasunik. Ez, euskaltasunaren orduko berpizkunderik; illobi beltzaren zemaia ta otzikara baizik. Idatzi ere zer besterik idatzi genezaken arrenkura ta antzia baņo ?

        Akar negion maiz neure buruari : Tira, tira! geiegi duk orrenbestez. Ez adilla zorabiatu, motell. Itxuraz joka adi. Urte bakoitzaren kurpillak bezela, bizitzak ere bear dik udalenik. Ortaraņo aztuko duk pa mundu zabalaren jai ozkarbia ? Galazi eziņezko ezbearrari lotuta egongo aiz pa gau ta egun emakumekiro intziriz? Lotsagarri ukek. Setakeri duk. Zentzun geiago, motell... Ta akarraldi oiek neure buruari negizkion bakoitzeko, ara zer entzun-iduri oi zitzaidan, abotsa norena zanik bat-batez konturatzeke: Zer zentzun eta zentzunondo gero! Akar ori, ori, duk emakumekeri. Ziņez pertsona badanak eztik etsi bear il arte. Ez uka ezergatik norgeretasuna. Eutsi, eutsi betire norgera izateari. Eutsi bizitzari. Bizi Nai! deadar santuagorik etzegok. Deadar ori izan duk, eta izango ere duk, gizadi osoaren, eta enderri guzien, eta bizidun bakoitzaren, espa ta arnas ta yoran ta elburu ta eragingarri ta lege. Norbera izan bakoitza ! Beti ni izan. Beti nerau. Nerau auxe. Nerau gaixo auxe. Gurari ta bearkizun santuen ori ukatzea bai, ori bai, litzakela itxukeri, kirtenkeri, arruntakeri...

        Nor zan, ordea ? Nor ziteken, ordea, euskal elerti gaixoaren aldezkari ura ? Itzik itz Unamunoren itzak ziran aiek. Unamuno bera ? Euskerari eutsi nai ortan ordea etsai gogorrenetako genun Unamuno. Unamunoren filosofia,  «gogo-barnea» ote, liburuetatik, gaņezka, zenbait beaztopa gaindituz?

Garapena: Dijitalidadea SL