1919 (Zarautz)
1965 (Chaux-de-Fonds, Suitza)
Egile honen
beste liburuak
POESIA
Ama-semeak Arantzazuko kondairan
1951, EFA
1952, EFA
1955, Itxaropena
1977, EFA
2000, Olerti Etxea
SAIAKERA
1958, Darracq
Arantzazu, euskal poema
1949, EFA
Jentil-aroa
Antziņako Jentil-aroa erromes-bide bat bezela dezu. Arantzazuko amabosgarren gizaldi-gallurrera igo ta igo datorren erromes-bidea.
Euskal-Fedea, bertan, bidazti, aldapa-gora, nora datorren jakiteke.
«Mari-gaizto»rekin burruka etengabean eta kristautasuna sendotu ta gozatuko dion «Ama» baten ametsetan datorrela, bidazti orrek «Andra Mari» du bere miņen eztigarri.
Talan... talan...
Noiztandik ari zan
zerutar arran-otsa
deika Aloņa-maldan?
Betidanik? gizaldi
danen ondotikan...?
Baņan, baņan
nolatan e'tzuan
Jentil-aro gaixoak
entzun lendanikan?
Gaixo arek ez jakin
bere naigabean,
onez iņork iņora
dei zeikionikan!
Ta alan, ta alan
erromes-bidean
berekaxa zetorren
galduta illunpetan,
norabaita irteteko
antzi-ametsetan...
Jentil-arok ez jakin
nola an aldatz-mugan
Zeruak itxogiten
zion, Goiz-argitan...!
*
Jentil-aro'ko atzea,
erromesbide luzea.
Erromesbide luzean-gora,
bidazti, euskal-Fedea.
Jentilletako aztikeritan
utzi zizun ibarbea.
«Goazemazu, uxo xuria;
ainbeste egizu nigatik».
Ta uxo xuriak ega jasoaz
erromesari: «Atozkit...»
Amesmenaren egaztiari
ark, ordea, ezin segi...
Arbidearen luzea!
Jun-bearraren nekea!
Gaitzena, alare, joan ta joan
ta azkena ez ikustea.
Noiz ikusiko noiz, Andre-Mari!
zure betarte emea?
Oi Abendu'ko intziria,
intziri penagarria!:
griņa ezikaitzok menderatzera
eldu zaitea Mesia!
anaitzarako Mesia eta
amatarako Maria.
Artean ere, ordea, Mari-gaiztok e'tzuan
galdu Jentil-aroko agintea
Zaldi-karroza suzkoan,
gaua izar dagonekoan,
aideak-zear pasiatzen da
Mari-gaizto jaurgo osoan.
Aloņa, Aralar, Gorbeia, Anboto...,
ibiltzen ditu txangoan.
Mari-gaiztok:
—Odei guzien azpitik,
sasi guzien gaņetik.
Ez da Euskalerrin neri burua
makurtuko ez didanik.
Bearko ik ere, kristau erromes;
aitor nazak ik ere, ik...
Erromesak:
—Nik e'tzaitut aitortuko.
Naiago nuke, naiago,
nere burua bertan amildu
zure mende lotu baņo.
Zer ikusirik ez det zurekin.
Ni Kristo'rentzako nago.
Mari-gaiztok:
—Erromesak bai adu txar!:
nunai arrotz, atzerritar...
Ara Arrasate... Nik jartzen dizkit
ire etxe ta uri su ta gar.
Etxerik ez-ta, ijitu antzo
ik orron ibilli bear...
Erromesak:
—Ni banatorren bezela
zu, orratio, atzera...
Zu ta ni nunbait, gaua ta argia,
ezin alkartuak gera.
Baietzak eza garaituko du
nik zu. Banator jauntzera.
Amorru beltzak artzen du
ta an doa Mari su ta fu.
Aloņa-goiko Gaiztozulo'tik
—bizilekua antxe bai-du—
mendeko ditun agintariai
asi da agindu ta agindu:
Mari-gaiztok:
—Aide-nagusi jauntxoak:
urkatu kristau-lepoak,
kizkaldu sutan baserri ta uri,
ebaki sagar-ondoak.
Orretxek uju! eutsiko digu:
goi-bekoen gorrotoak!
Erromesak:
—Aloņa orretxen gallen
beste Andre bat sorturen.
Zure jauregi gezurrezkoa
oinpean Ark zapalduren,
Gaiztozulo'ko agintepetik
guziok libra gaitezen.
Ta bertan, dantza ta algara,
Mari-gaizto izarretara...
Ez dezu ikusten aidez iruten
sorginkerizko izara?
illargi-betez koroaturik
buruko ille-aparra...
Jentil-aro'ko Fedeak Andra-Mari du bere poza ta saria.
Onek beste «Ama» bat agintzen dio, bere antzekoa, baņo obea.
Izan ere, antziņa artako Andra-Mari batez-ere
«Andrea» izan zan bezela geroko Ama-Birjiņa batez-ere
«Ama» izango bai-da, xamurragoa, biozbera, bidelaguna...
Ermitatxo bat eta bi
galtzarak ezker-eskubi.
Ezkaratzetan petrillak dauzke,
erromesa non eseri.
Esaten daude ermitatxoak:
«Emen atseden, bidazti».
Bidaztia, nekez, autsez,
oin urratuak odolez,
ermita aitako batera doa
atsedetera apur batez.
Lenbizi, baņa, belaunikatu
ango imajiņari auzpez:
Erromesak:
—Andre-Mari! Abe-Mari!
biotz minduaren sari...
Bide guzian ikus-gogo nun
zure beiratu gozo ori.
Parretxo-izpi bat, aterpe-billa
miņez datorkizunari!
Andre-Mari'k:
—Gaur gauerako ostatu
nere etxean badezu.
Aurrera, baņa, Ama obeak
bidera ertengo dizu.
Arantzan-gora arantza-gabe:
ortan ezagungo dezu.
Erromesak:
—Zerori iņolaz, zerori
zerala nago Ama ori.
Zu, sendatuko dizkidazuna
izeri, malko ta zauri.
Orretxen pozak narama arbidez
aurrera, negar ta intziri...
Andre-Mari'k:
—Gaur gauerako ostatu
nere ermitan badezu.
Biar ber-ekin dezazun pozik
orain lo, amets egizu:
nere antzeko Ama berri bat
bidelaguntzat amestu...
Lo dago Jentil-aroa,
Mari-gaiztoren jaurgoa.
Ermitatxotan atsedetean,
amets eztizko aur-loa...
Bere erraietan poz bat darama:
Abendu-amets gozoa!
Arantzazu'ra erromes
dator nekez eta miņez
Jentil-aroko euskal-Fedea,
uste-gabeko arbidez...
Amets-mugara eldutzen dator
eta gaixoak jakin ez!