Kapitain Frakasa, Anjel Lertxundi

Lehenengo hogei orriak gogor eta helkaitzak egiten zaizkio edonori. Gero, aldiz, aldapa latza gainditu duen karreristaren antzera, perpaus luze kateatu horiek gozatuko ditu irakurle hartara jarriak. Hori ere esan behar bait da, hots, «Kapitain Frakasa» ez dela edozein amasemerentzat egina. Atean geldi bitez, bere onerako, istorio errazen zaleak eta euskara samurraren maitaleak. Irakasleek ez bezate, arren, ikaslerik derrigortu liburu hau irakurri eta laburtzera, euskal literatura osotik uxatuko dituzte eta. Zuek ordea, Literatura —maiuskulaz orain— deitu ohi den bitxikeria urri horren biziotsu zaretenok, bazkaleku oparo eta galanta topatuko duzue berean. On egin!

Xabier Mendiguren Elizegi
("Argia", 1991-12-29)

Txori erratuen bilera, Jose Luis Padrón

Dudarik gabe, iragan urteko euskarazko poesiaren uztan, gehien hunkitu nauen poemarioa izan da Txori erratuen bilera. Txori erratuek poesiarako ezinbestekoa den bizitzara eta sentimenduetara begiratzen dakitelako.

Ixiar Rozas
("Idatz & Mintz", 1999-05)

Pertsonaiak mundu guztitik hartuak dira, eta gehienak mende ba-tzuk atzera bizi ziren, eta garai hartako giroa eta garaia bera deskribatzeko aprobetxatzen du idazleak. Hizkera ere zenbaitetan ordukoa delarik. Tartean kontakizun eta bitxikeria asko, diamantea nola ebakitzen den erakusten digu eta zenbait landarek berekin dituzten mitoez ari da, esaterako.

Liburua irakurri ostean, ohartuko gara izenburua bera dela, lehen egiazko gezurra. Izan ere, bizitza eredugarri izatetik urrun baitaude pertsonaiak, nahiz eta kontaera bera halakoa izan. Ironia beraz, hasieratik present, irakur lagun izango da eta berarekin batera topatuko dugu umorea nonahi.

Iker Zaldua
("Noticias de Gipuzkoa", 2006-11-18)

Ederberak xerbeldurik,

ardoa bailuten,

luze itotako Ondaurtz minak

eztanda zegien... Nork bere barnen

nabaria, mintzoz dute jazten.

(«Muno Txiki».
Xabier Lizardi, 1933)

Ez bekida ahotik

hitz gaiztorik eror,

ez bedi nere esanik

inorentzat galkor.

 

Ta zuk, euskera eder,

mintzo zahar joria,

barkatuko ahal didazu

nire ausardia...

 

Oroitzapen maiteenen

ontzia, zere urrez

landu nahi baitut... Landu,

nire esku baldarrez!

(«Gora Dei».
Xabier Lizardi, 1933)

Zarauzko idazleak, bertan jaioak eta bertakotuak. Denak sortzaile. Denek zor diote, ordea, zer edo zer Zarautzi: leku hura, hitz hauxe, giro bat... Zarautz Euskalerri, Lizardirenean baino handiago eta ederrago. Ondaurtz? Adurtzon!

Denek zor diote zer edo zer Zarautzi, Zarautzek zor die horrenbeste.

 

Asko dira Zarauzko idazleak, hemen ageri direnak baino gehiago.

Sortzaileen artean ere bai baita apaltasunik, batzuek ez dute azaldu nahi izan, ez dutelako beren burua idazletzat. Webgune hau literatura lantzen duten idazleei eskainia izaki, ez dira hemen ageri gai zientifikoak eta gizartekoak landu dituztenak.

 

Gure esker ona azaldu nahi diegu idazleei eta argitaletxeei, webgune hau osatzeko eman dizkiguten erraztasunengatik.

Garapena: Dijitalidadea SL