Egile honen
beste liburuak

NOBELA

Joanesen ibilaldiak

1991, Sendoa

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Haitzezko balearen altxorra

1986, Elkar

Desafioa

1988, Erein

HIRI HANDIKO ESKOLAN

 

        Hiri Handin dena handia da. Dena monstruosoa. Kaminoak autopistak bezain zabalak dira, eta bertan ibili dabiltzan kotxe eta kamioiak ez dira jostailuzkoak. Benetakoak dira. Zakur amorratuaren ziztuan UAM! UAM! atzetik sua eta kea dariela hor doaz bata bestearen atzetik pinuaren prozesionariak bailiren.

        Noizbehinka, aurreko gizon zoro horrek begi gorria pizten duenean, bakarrik gelditzen dira. Orduan bai, orduan kieto parao gelditzen dira, bidegurutzeko bestaldekoei bidea emateko. Begi berdea piztu bezain pronto, lasterketari berriro ematen diote, kotxe karrerakoak bandera jaisten ikusi eta berehala bezalaxe. Berunezko laino urdintsu batean ezkutatzen dira, lasterketaren mila eta batgarren bueltan balihoaz bezala.

        Espaloietan zuhaitz txepel batzuk aurkitzen dira, kasik eztulka eta zotinka hasteko moduan, ez lore, ez hosto. Beren adar iharrek bizi ala hilko burrukan diraute eta zutik ozta-ozta egon daitezke laguntzeko dituzten hesolei esker.

        Etxeak erraldoiak dira. Zapata kaxa handi-handiak. Leihoek aurpegiko begi, sudur eta ahoa ematen dute, eta teilatuko telebisten antenek buruko tximak. Gauez argiak pizten direnean, robot ikaragarrien antza dute. Argi bat piztu, bestea itzaldu... gau guztian aritzen dira egunsentia iritsi arte. Hiri beldurgarria da benetan. Neu ere beldurrak airean ibiltzen naiz kalean zehar, erraldoiren baten esku ikustezinak atzetik ustekabean harrapatuko nauela pentsatuz.

        Hiri Handik beste hiri guztiek bezala elizatxo bat badu bere kanpandorre eta guzti. Egun guztian, erlauntza bat izango balitz bezala, jendea sartu eta atera ibili ohi da. Honen ondoan eskola ttipi bat aurkitzen da. Etxe erraldoien ondoan txakur txabola bat izango balitz bezala, zeharo ttattarra da. Bere kolorea gorri-gorria. Dena adreilu gorriz egina. Adreilu gorri eta ajatuz, dena igual iguala.

Kolorea hain itsusia du, ze tomate ustela bezain nazkagarria da. Umeren bat negarrez hasten denean, bere amak isil erazteko ez du bide hoberik aurkitzen, "eskola baino itsusiago jarri haiz" esatea baino. Orduan, arraiopola aldatuko du bai aurpegia! Hori da Hiri Handin esan daitekeen isekarik okerrena. Burlarik handienatzat jotzen dute hiritar guztiek.

        Hala ere eskola guztiz serioa da. Eskolatik kanpo umeak nahi hainbeste jolas daitezke, baina eskolarako ordua iristen denean, beste gauza bat izaten da.

Behin batean, eguneroko ohiturari jarraiki, kanpandorrean bederatziak danga, danga jotzen ari zirenean, eskola gorriko ate gorria ireki eta lasterka batean bakoitza bere gelara zuzendu zen eta bere aulkian eseri. Berehala Donbigotes irakaslea sartu zen bere bigote eta guzti. Umeei begirada zorrotz bat bota zien, ea bakoitza bere eserlekuan zegoenentz ikusteko. Ameto eman zuenean, arbelaren ondoan zegoen mahaira iritsi, eta beste begirada bat bota ondoren, eseri egin zen.

        Donbigotesek bigotearen bi ertzak lehenez gainera tiratu eta luzatu egin zituen. Egun hartan Natur tokatzen zitzaien. Ikasleak erbien antzera adi-adi zeuden. Dena begi. Dena belarri... Donbigotesek bere kartera beltza ireki eta ikasleen zerrenda atera zuen. Denak beldurrez daldal jarri ziren.

        — Adios Paris! Hemen diagu! —esan zuen Ikerrek eta begiak lurrera begira jarri zituen.

        Ikerren despistatzeko ahalegina alferrikakoa izan zen. Donbigotesek bete-betean jo zuen tiroa.

        — Ea Iker jaiki zaitez, mesedez! —agindu zion ahots ozen batez.

        Iker zutitzen ari zen bitartean, gelako beste guztien begiak ere goratuz Joan ziren. "Oraingoz libre gaituk" zioten eurekiko. Axuri galdu bat aurkitu duen otsoaren antzera, Donbigotesek irrifar eginez eraso zion:

        — Ea Iker! Zer da Berbena? —galdetu zion tupustean.

        Ikerrek ez zuen horrelakorik espero. "Gaur maisua txantxetarako gogoarekin etorri zaiguk", pentsatu zuen bere kolkorako eta erdi farrezka erantzun zion:

        — Jauna! Berbena, jaietan ilunabarrean egiten den dantzaldia izaten da -eta Ikerrek asmatu zuenaren satisfaziozko aurpegia jarri zuen.

        Ez luzaroan ordea! Donbigotesen bigoteak tente jartzen ikusi, zituen, eta aurpegi histeriko bat marraztu zitzaion. Alabaina, Ikerrek ez zuen txintik atera eta trumoiak jo zain gelditu zen.

        — Gaizki!!! Oso gaizki!!! —eta eskua kopetara eraman zuen espantuaren espantuz tximistak joa balu bezala.

        Bigarren aldiz ikasleen zerrenda miatzen hasi zen Donbigotes. Euli baten soinurik ere ez zen entzuten. Denak burumakur...

        — Ea Ttantton! Esaiguzu zer den Ametz bat! —esan zuen ahots lodikote eta aginduzko batez. Ttanttonek begiak jaso eta asmatuko zuen ziurtasunez aurpegia alaitu zitzaion.

        — Amets bat zer izango da, ba, gauean lotan egiten duguna noski...

Alajainkoa! Infernuetako Luzifer berbera ikusi balu ere, ez zukeen horrelako begiradarik jarriko. Ai ene! Hura zen muturraldea, hura, Donbigotesek zeukana...! Bienbitartean Ttantton jotama geratu zen, eta inoiz platerik hautsi ez duenaren aurpegia jarri zuen.

        Donbigotesek berriro ikasleen zerrendan sartu zuen sudurra. Ikasleak zeharo ikaraturik aurkitzen ziren. "Zer demontre gertatzen zaio gaur horren haserreturik etortzeko!" zioten batak besteari.

        — Ai ama! Ai ama! Badatorrela berriz... —esan zuen hirugarren batek ostrukarena eginez bere burua salbatzeko.

        Honda zioenak Andolin zeraman izena eta gelako tontolinena zen. Gelan norbaitek galderaren bat ez bazekien, Andolinek ere ez zuen jakingo. Egun guztia ilargian egoten zen eta ez zen ezertaz jabetzen. Horregatik denak adi-adi egoten ziren Andolinen erantzunaz farre egiteko.

        — Ea Andolin! Esaiguzu zer den Artea! —agindu Zion Donbigotesek serio-serio la haserreturik.

        Andolin jaiki zen... Aurpegi iluna argitu eta maltzurrarena ipini zitzaion... Gelako begi guztiek berari so zeuden...

        — Barkatu jauna! Baina artea da bigoteak Dalik bezala eramatea!

Esan bazuen, esan zuen... Andolinek denak algara batean jarri zituen. Ikasle guztiak asaldaturik farrez lehertzen zeuden. Maisua tinko eta serio b eskuak gerrian jarririk zituela. Hura zen atarramendua, hura! Horrelako nahaste-borrasterik ez zen inoiz gertatu. Andolinek ez zekien zer pentsatu. "Ez al dut, ba, ondo erantzun?" galdetzen zion bere buruari.

        Donbigotes suak eta garrak harturik zegoen. Barrabaskeria hari bukaera eman behar zion. Alazankoa ez zioten gehiago "bigoterik" hartuko!

        — Aski da! —esan zuen sekulako trumoi hots batez, makilaz aurreko mahaia astintzen zuen bitartean. Ikasleak bapatean isildu ziren indarra kendutako irrati baten antzera.

        — Gaurko ikasgaiaren berri tutik ere ez dakizue! Tutik ere ez! —bota zien Donbigotesek eta jarraitu zuen esanez—. Berbena landare bat da. Gaisotasun asko sendatzen dituen landare garrantzitsu bat.

        Bati baino gehiagori bururatu zitzaion, ea Andolinek zuen gaisotasuna berbenak sendatuko zukeen galdetzea, baina labea ez zegoen ogia erretzeko moduan. Inork ez zuen ezer galdetu eta Donbigotesek jarraitu zuen esanez:

        — Eta Ametza eta Artea zuhaitz lerden batzuk dira.

        Donbigotesek hitz jario bikainez landare eta zuhaitzen berri eman zien, mota desberdinak agertuz eta zein garrantzitsua den horiek ezagutzea eta euren balioak jakitea. Horregatik mendira irteera bat eginez, mota desberdinetako hamar landare eta hamar zuhaitz desberdinen hostoak bil zitzatela agindu zien.

        Donbigotesek sekula santan ez zien horrelako lan astunik bidali etxerako. Mota desberdinetako hamar landare eta hamar zuhaitz desberdin aurkitu behar! A ze lana bidali zien!

        — Hara bestea! —bota zuen Andolinek.

        — Baita zera ere! —esan zuen Ttanttonek.

        — Irakaslea ganbaratik jota zegok! —adierazi zuen Ikerrek.

        Purrustada batzuen ondoren, nola ez, ba, Donbigotesek bere nahia egitera bultzatu zituen denak. Azkenean konbentzitu zituen agindu zien lana ez zela horrenbesterako.

Garapena: Dijitalidadea SL