Egile honen
beste liburuak

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Haitzezko balearen altxorra

1986, Elkar

Desafioa

1988, Erein

Joanesen ibilaldiak

1991, Sendoa

1. ATALA

 

        Ia jaiotzetik zetorkion ohitura madarikatu hura! Egunero ohi zuen bezala, eguzkia arrabete altxaturik zela, Martin morroia gelan sartu zen eta bere oinetako sendoez, zarata handiak eginez, alderik alde zeharkatu eta leihatil-leihoak eguna bezain zabal jarri zituen euren opoak kexati eta irrintzika higitzen ziren bitartean.

        — Egun on Altzateko Jauntxo Joanes! Ondo lo egin du gaur gauean? —galdetu zidan amoltsuki errespetuzko kilimusina egin zidanarekin batera.

        Ni ez nengoen Martin morroiaren panplinak entzuteko asmotan. Bigarren begia artean irekitzeke neukala hainbeste zarata... Zer zela eta? Utz nintzala baketan eskatu nion lehenik. Martin morroiak, ordea, ez zuen aldegiten. Zer arraio zuen, bada!

        — Begira, Altzateko Jauntxo Joanes, esan zuen honek eta jarraitu-, eguraldi aproposa dago eta zure aitak, Altzateko Jaun Pedrok, jakin nahi du, ea ehizera joatea gustatuko litzaizukeen.

        — Nola ez, bada! Lehenago esan zeniezadakeen -bota nion, harkaitza baino geldoago zegoen morroiari eta brinko bat emanik, lau aldeak zetazko gortinez estaltzen zuten ohetik irten nintzen eta izarak atzekaldetik arrastaka nituela, Martinen aurrean jarri nintzen.

        — Esaidazu, Martin, noiz nahi du aitak irten gaitezen? -galdetu nion presaren berri jakinminez.

        — Hemendik ordu erdi batetara gehienez, Jauna —erantzun zidan berehala.

        — Has zaitez ehizarako arropak prestatzen, lehenbaitlehen joan behar dugu eta.

        Martin morroiak istant batean ekarri zituen ehizera joatean erabiltzen genituen arropak eta larruzko bota garaiak. Nire belaunetaraino iristen zen soineko luzea erantzi eta palankana batetan itxurazko garbiketak egin eta galtzerdi, galtza eta atorra zabal bat jantzi eta jaka ur iragankaitza gosaldu ondorenerako utzirik besteengana hurbildu nintzen. Nire anaia Migel eta aita entrama onez ari ziren gosaltzen. Zein batak, zein besteak urdaiazpiko zati bikain bana ahoan xahutzen eta xehetzen zebilkitela aurkitu nituen. Lan gogorrari ekin baino lehen, indarrak hartu egin behar ziren eta nik ere mahaia husten lagundu nien.

        — Baietz hik baino untxi bat gehiago ehizatu! -bota zion Mikeli, ea desapioa hartzen zuen tentatzeko.

        — Baita zera ere! Nik, bai, hartuko dizkiat hik baino bi gehiago... —erantzun zidan honek, enbidoari bost gehiago bota nahian.

        — Kostako zaik...! —esan nion.

        — Gero ikusiko diagu... —mehatxu egin zidan umoretsu.

        Egia esanda, guretzat ez zegoen hainbeste gozatzen genuen beste jolasik. Norgehiagoketa hauei esker kopeta garai eramaten genuen, gure parera inor helduko ez bailitzen. Desapio batetan ahaleginek eta sufrimenduek ez zuten amaierarik izaten jarritako helburua lortu arte. Gure gurasoen garaian lehiaketa hauek hil ala bizi jokatzen baziren ere, hamaseigarren mendean sartzearekin batera, armak utzi beharrean aurkitu ginen. Geroztik gure amorru eta grinak baretzeko bide bakarra ehiza zen. Animalia gaisoek ez zuten errurik, baina nire lehiakideari ezin ziezaiokeen barka nik baino ale bat bera ere gehiago atxi zezan.

        Gosariz ase ginenean Altzateko Jauregiaren atarian elkartu ginen aita eta bi anaiok sein batzuekin, denak zaldiz abiatzeko prest, zakurreria isilezin bat irrikaz gure omen pean zaunka eta zaunka harantz eta honantz genuela. Hauetarik bat nire zakur kuttuna zen. Txistu- zeritzon eta artzain-zakurra zen, baina nik edonora nindoala ere, neurekin eramaten nuen, niretzat zakur bat baino askoz gehiago baitzen. Bazegoen elkar uler genezan halako zerbait, non askotan hitzez baino ulerterrezago gertatzen baitzen.

        Zaldiek ikarati ezpainak astintzen zituzten eta mutur mintzak bitsez beterik putz egiten zituzten, apo ferratuak geldirik ezin egonik harantz eta honantz zebiltzala.

        Altzateko Jaun Pedrok eskua altxaturik abiatzeko keinua eman zuenean, zaldi eta zakurrak, denak lasterrean hasi ziren, atzetik apoek astinduriko hauts laino bat uzten genuelarik. Udana deritzon mendirantz abiatu ginen. Soro landuak utzi bezain agudo, pago eta hariztietan zehar sartu ginen. Abiadura ez genuen mantsotu harik eta ehizerako leku aproposa hautatu genuen arte. Orduan hasi zen jolasa. Apunteria frogatzeko anaia Migelek arranbela zuzendu zion birigarro batik, eta berehala zen gezi batek lepoa zeharkatzen ziolarik, eta hegakada baldar batzuk emanez, lurrera jauzi zen, ziplo!

        Ez zuen luzaroan egon beharrik, era berean, zozo beltz bat lurrera zedin, nik jaurti nion gezi baten kariaz.

        —Bana! —esan nion anaiari eta ehizean jarraitu genuen.

        Noizbehinka zakurren zaunkek, erbi belarri luzeren bat, bere gordelekua zuen lurpeko kabitik atera arazten zuten eta ipursaltoka zihoala zaldiz eta zakurrez jarraitzen genuen, bataren eta besteren geziez odolusturik ihesari uzten zion arte. Ondoren morroietako batek jasotzen zuen, bilduma hazi araziz.

        Horrela genbiltzala, haran non 'Txituk muturra luzatu eta lurrari usain egiten hasi zen, zerbaiten aztarna somatu balu bezala. Oinak tientuan zeramatzan. Begiak tinko eta erne. Bapatean ziztu baten abiatu zen, atzetik zakurreria osoa zaunkaka eta zalapartaka zuela. Zakurrek mendiko malkarrak arnas batean igo zituzten eta denak sastraka gainetatik jauzika joan ziren. Guk zaldiz jarraitzen genituen hogei bat oinetara. Zakurrak gero eta ernatuago eta harroago zihoazen, ehiza aitzitik urduri eta ikarati ihesi zihoan gezi bat baino azkarrago, sasi guztien gainetik eta adar guztien azpitik. Guk ezin genuen ikusi zein ehiza mota zen, baina handia izan behar zuen, zeren eta zakurrek zaunka gero eta indartsuago egiten baitzuten, heurek baino handiagoa zen bat uxatzean puztu egin bailiren. la eroturik zaunkatzen zuten, baina ehizak amorerik eman nahi ez eta luzaroan jarraitu genuen.

        Mendiskaren bizkarra igarotzean, sakonune bat aurkitzen zen, eta bertan ikusi genuen basurde bat geure zakurrez inguraturik. Zakurrek zaunka. Basurdeak haginka...

        Zakurren zaunkek bere onetik atera zuten eta aurpegi eman zien zakurrak ikaratuko zituelakoan. Bere hortzagin okerrek, alabaina, ez zituzten ikaratzen. Kia! Hauen zaunkak areagotu egin ziren.

        "Txistu" izan zen basurdearen urdaiazpikoari lehen tenkada egin ziona, baita honek kolpe batez, hamar oinetako bidean zilipurdika bota zuen. Txistu- ez zen uzkurtu. Berriro eraso zuen. Hori ikustean bere kideak ere ausartu egin ziren. Denen artean inguratu eta irtenbiderik gabe utzi zuten. Basurdearenak egina zuen, baina hala ere ez zen etsi berehalakoan, madarikatu hura!

        Gure arranbelek jaurti zituzten geziek bete betean jo zuten bilatu nahi zutena. Honi garrasi ozen bat irten zitzaion begirada latz batekin batera. Gezien zuloetatik iturrika odola zerion bere larru iletsu eta nabarretik beherantz. Haginka eta marruka oldarka iraun zuen.

        Azkenean indarge eta odolusturik bizitzari agur eman zion.

        Lehenez gainera ehizatutakoen pisua handitxoa zenez, Altzaterantz abiatu ginen geure trofeoak agerian generamatzala: hegaztiak gerritatik zintzilik eta ugaztunak zaldien zelatan bi aldetara pisua erdibanaturik.

        Jendeak ikusten gintuenean, hitz gozoz, agurrez, eta zorionez egiten ziguten diosala, baina nik banekin ezer baino gehiago bekaizkeria hutsa zela. Gu miresten gintuzten, ez aberatsak ginelako, ondo gastatzen genekielako baizik; ez ausartak ginelako, nahi genuena lortzen genuelako baizik; ez gizaki sendoak ginelako, ondo janzten ginelako baizik.

 

 

2. ATALA

 

        Ilunabarrean festa bikain bat antolatu genuen Altzate Jauregian. Eta nola ez, bada? Auzoetako lagun eta gure mailako zaldunez osatu zen Jauregiko mahai luzeena. Denak lepoko apaingarri eta jaka ederrez etorri ziren usadioak agintzen zuen bezala. Sartu ahala, gure morroietako batek kapa luze eta burukoak harturik, eskegi gelara eramaten zituen eta gure gonbidatuak aretoan biltzen ziren afalaurretiko kopatxo bana eskutan zutela.

        Zenbat alferrikako hitz botatzen ote ziren horrelako gau batetan! Alabaina, gure Altzateko Jaun Pedro hil zitekeen bapatean festa hauei uko egitera behartuko balute. Gure aitari haserrerik ez emate arren, partaide izaten ginen geu ere, baina ez laket zitzaigulako. Dena izuna zen. Irrifar egiteko maskara horien azpian, bekaizkeria eta gorroto franko ezkutatzen zen. Dena den, bilera hauei esker jasankor bihurtzen zirela uste dut, elkarrenganako ezineramanak. Baretu egiten zirela auzoekiko liskar eta bekaizkeriak oro. Gure aitak zerbaitegatik hartzen zituen, urteetan etsaiagoa nabarmenki frogatu zuten gizaki kaxkar haiek.

        Aretoan batak besteari agur eta kilimusinak eginez, ahoaren zabalera osoan hortz errenkada bi agertzen zituztela egiten zien harrera:

        —Kaixo aspaldiko Amilibia jauna! Asko pozten naiz zu ikusteaz —baina gezurra baino gezurragoa zen, zeren eta honen osaba batek sekulako galerak egin zizkion gure aitonari, aita artean gaztea zela, eta bi familiak haserreturik ibili ziren urtetan, inoiz bake osorik lortzeke.

        — Kaixo Arriola Jauna! Zer moduz dago zure aita? —galdetu nion.

        — Larri samar, baina oraindik irauten du, irauten du... —erantzun zidan. Honen aita ere ez zen aldare batetan jartzeko modukoa. Goizuetako Zaldunaren alaba Magdalena bortxatu eta haurdun utzi zuen. Haurra, noski, ez zuen jaso eta herrian izen ona ez galtze arren, haurra sasiko haurretxe batetan sartu zuen Goizueta Jaunak>. eta alaba, berriz, monja. Hau herri guztiak badaki, baina ez dakiena da Arriola Jaunak' zenbat ordaindu zion Goizueta Jaunari bere emazteari ezer konta ez ziezaion.

        — Zer moduz Garmendia Zalduna? —galdegin nion.

        — Hainbestean, hainbestean... —erantzun zidan.

        Hau, berriz, gaztetan ez zen txantxetakoa izan... Beti zerbaiten irritsan zebilen. Horretarako zer bide aukeratzen zuen erreparatu gabe. Esaten dutenez honek hil zuen bere anaia oinordekoa, Jauregiarekin gera zedin. Gero bide bazter batetan utzi zuen, lapurren batek hil zuela jendeak pentsa zezan. A zer aparejua!

        Bakoitzaren atzean sekulako istorioak zeuden, baina zer arraio! Haiek haizeak eramaniko kontuak ziren eta zertarako birgogoratu?

        Altzateko Jaun Pedrok agindu zuenean denak mahaian eseri eta afariari ekin zioten. Kutiziarik finena asetzeko adinako afari on eta bikaina zen. Ez zen ezer falta: Errioxako ardorik onenak ziren ahosapaiaren gustagarri eta janariaren bultzagarri. Mahatsaren odol gorriak ibaika korritu zuen mahaian barrena. Gero, ordea, mingaina labainka zebilen zenbaiten ahotan, baina denok umorez beterik.

        Horrela ari zirela, Garmendia Jaunak gure aitari esan zion:

        — Aizu, Altzateko Jaun Pedro, ez nuke nahi deitu ez nauten lekuan sudurra sartzerik, baina zure semeak urtetan aurrera doaz eta ez duzu neskarik begiz jo horientzat? —galdegin zion sugeak baino makurrago.

        Gure aita argia izaki, bazekien haren nondik norakoa. Aise konturatu zen hitz haietan bere alabaren bat har zezan eskeintzen ari zitzaiola. Baina tok! Hari emanen zion, bada, dotearen dirutza! Ezta pentsatuta ere! Horregatik erraz saihestu zuen erasoa, etsaia armarik gabe utziz.

        — Egon zaitez lasai, lagun maite! Oraindik badirudi neskatarako harrak ez duela jo nire semeen bihotzik eta -esan zion aitak irrifarre bat ezpainetan zuela eta biak farreari eman zioten lagunik handienak bailiren.

        Aitak bazekien sobrare gu nola ibiltzen ginen, baina ez zuen nahi izan, Garmendia Jaunak ipini zion lazoan erortzerik, ez baitzen iturriko ur gardena haren eskaera.

        Gazteok, mahaiaren bestekaldean, ehizaren zertzeladak kontatzen ihardun genuen afari guztian. Agian zerbait gehitzen genuen, gure lagunak liluratzearren, baina haiek ere ez zeuden behatza ahoan sartuta egoteko. Batek handia botatzen bazuen, besteak handiagoa atzetik. Bazirudien ehiztaririk onena nor ginen erabakitzen ari ginela.

        — Aizak, eta gonaluzedunen ehiza zer? -galdegin zuen Soraluzeko Zaldunak.

        Denek ondo eritzi zioten gaia aldatzeari, eta bakoitza bere esperientziak kontatzen hasi zen. Gehiegizkoak hauek ere, baina tira, erdiaren laurdenak egiarekin zer ikusirik izan balu ez zen gutxi.

        — Bada, ni lehengo batetan Aldatzeko Usunerekin egon nituan. Hori bai dela neska ederra, non ederrik bada! —esan zuen Sorazuko Zaldunak bere hitzak azpimarratuz.

        — Baita zera ere...! Hi nola egongo hintzen, bada, Aldatzeko Usunerekin? Horrek bazeuzkak hi baino hobeagorik atzetik -esan nion bere haizeak hustu nahirik edo.

        — Zakurraren putza! —esan zuen eta jarraitu—. Hura nitaz maitemindurik zegok. Igerri egiten zioat hain begi xarmantekin begiratzen zidak eta hain ezti mintzatu...

        Beste guztiok farrez hasi ginen eta Sorazuko Zaldunak harriduraz begiratu gintuen.

        — Hori ez daukak ehizaturik! Hori aingira baino iheskorragoa duk —esan zion Muñagorriko Zaldunak.

        — Hik ere porrot egin duk hire ahaleginetan, ezta? —esan nion berari eta denek berriz farrez has ziren, eta mintzatzeko abagadunea egin zenean jarraitu nuen—. Motel, motel! Hori zeuek baino lehenago ligatuko nikek.

        — Behinga, behinga! Hik oraindik ez duk neska bat ere ligatu eta —bota zidan Sorazuko Zaldunak.

        Hori gehiegia zen nire belarrientzat eta nire nagusitasuna adierazi nahian honoko hau bota nien:

                Ni Don Juan, ez,

                baina nola joan ez?

                Prest dago Joanes

                Usune ligatzeko

                bere etxera joanez...

 

        — Ona! Oso ona! Horrela mintza bahenkio, lilura dezakek Usune berbera. Eta apostu egiten badiagu? —bota zuen Sorazuko Zaldunak.

        — Zer? —galdegin nien jakinguraz beterik.

        —Hamar dukat emanen dizkiagu, ligatzen baduk —esan zuen honek beste lagunekin mintzatu ondoren.

        — Bueno, bale! —eman nien hitza ezer gehiago pentsatzeke.

        — Eta ez baduk lortzen, hik guri, e! —erantsi zion ondoren.

        — Baietz, baietz! —erantzun nion.

        Nirekiko ez zitzaidan zaila izan behar. Ordura arte, lortzen saiatu nintzen ezer, ez zen geratu lortu gabe. Ez nuen berehalakoan porrot eginen! Neska zoragarri hura lortuko ez nuen, bada? Baita denak aurka jartzen baziren ere. Horrelako neska batek merezi zuen ahalegintxo bat. Baina ai! jakin izan banu, non sartzen nintzen...

 

 

3. ATALA

 

        Sorazuko Zalduna gezurti bat zen. Hori mundu guztiak bazekien, hatzaren neurrikoa zena, besoarenean kontatzen baitzuen. Horregatik Aldatzeko Usunerekin izan zela esan bazuen ere, ez zen izan, ezta izanen ere. Guzti honen egia zerak izan behar zuen: Berarekin egon nahiko zuela eta, nahiz eta ahaleginen bat egin, porrot egin zuela. Sorazuko Zaldunari zegokionez, nirekiko bidea libre neukan.

        Nahiago nukeen horrela izan zedin, baina egia zenentz, ziurtatu egin behar nuen. Horretarako aski nuen Aldatzeko Usunerekin une batzutan elkar nendin, baimena emanen balit.

        Bi urtez gazteago zen anaia bat bazuen ere, Aldatzeko Usune Jauregiko alaba zaharrena zen eta oinordekoa izanen zela erabat sinestua zeukan. Horren kariaz, senargaiekiko harremanak izatea erabat debekatua zuen bere gurasoengandik, harik eta hauek onespena eman ezean. Zuzen-zuzenenan ezkontza onuragarri baten bila zihoala ematen zuen, eta ez nuen batere erreza izanen, hari hurbil nenkion.

        Bizpahiru egun beranduago, neure kolkoan ezin kabiturik bihotza lehertzear neukan, eta Martin sehiarekin batera kalera irten nintzen, Aldatzeko Usune ikusteko asmoz. Jakinaren gainean geunden goizeko hamarretako mezetara joaten zela, eta Eleizatik gertu ipini ginen, bidean ikus gintzan. Ordua baino askoz lehenago han geunden Eleizaren atarian, eta itxoiten eman genituen uneak, bukaezinak iruditu zitzaizkigun.

        Azkenik hamarrak jotzear zeudela, ikusi ahal izan genuen Aldatzeko Usune bere neskame batek lagundurik. Zetazko soineko urdin luze bat zeraman, ia oinak estatzen zizkiona. Larruzko gerriko zabal batek gorputzaren emetasunak nabarmentzen uzten zion, eta buruko zuri bat zeraman, zeinek aurpegiko ezaugarri paregabeak azpimarratu egiten zizkion. Bere pausaje erritmodunean, izate lasai eta nare bat frogatzen zuen. Ederraren ederrez, ezin hurbil zekiokeen jainkosa bat zirudien, azuzena usaina zerion lorategiko lorerik bitxiena, denen gainetik hegatzen zen usorik miregarriena. Eta zeremoniako izarra bailitzen, begirada guztiak Usuneri zerraizkion.

        Hainbesteraino erakartzen zuen, non hurbiltzeko ekintza guztiak deuseztatzen baitzituen, denen gorputzak geldo eta lotuak utziz. Begirada hutsean eskegirik zeraman, eta nahiz eta kaleetan zenbait pertsona aurkitu, beretzat hutsak baleude bezala, inori jaramonik egiteke pausuz pausu Eleizarantz zihoan.

        Martin eta biok geunden paretik iragaitean, nire kapela indioilar lumaduna erantzi eta kilimosin eginez esan nion:

        — Jainkoak egunon dagizula! Loreak ere makurturik gurtzen zaituen andere horri!

        Aldatzeko Usunek ez zuen txintik ere erantzun, baina niretzat aski baino gehiago izan zen jaurtiki zidan begirada hura. Bere bideari jarraiki zitzaion, ia ezer gertatu ez balitz bezala. Usuneren begirada esannahi handikoa eta xaloa ba- . zen ere, ez zen horrelakoa neskame eta zaindari zen atso purtzil harena, zeinek harriduraz, ia haserrez beterikoa bota baitzidan.

        Eleizaren atariko harlosetan Usune eta bien oin hotsak ematzen joan ziren, hurruntzen ari ziren neurrian. Arkiboltadun portada ojibal baten pean zurezko atetzar ilunean eskutatu ziren ur bedeinkatu ontzian hatz muturrak bustiz, aitaren egin ondoren.

        Biharamonean ere berdin, leku berean zain egon ginen Afroditaren parekoa zen andere hura noiz agertuko. Betiko orduan azaldu zen, atso sendoa lagun zuela. Gu geunden parera heldu zenean, bi pausu eman nituen eta esan nion:

        — Jainkoak egunon dagizula, planeta guztiak erakartzen dituzun izar horri!

        Bezperan baino begirada xaloagoa bota zidan, ia irrifarra antzeman nuen bere begitartean, baina ez zidan beste erantzunik eman. Nire bihotzak taupakada kolpatzen zuen irrikaz beterik.

        Emakume biek zeramaten kapusaien pean, laino batzuk bailiren, eguneroko meza entzutera sartu ziren.

        Bigarren gunean sartu ginen, ia ezer erdietsi gabe, alabaina gero eta atxikiago sentitzen nintzen, hainbesteraino miresten bainuen, emakume zerutiar hura. Sorazuko Zaldunarekin egin nuen apostua bost axola zitzaidan. Usune eskuratzea, nahi banuen, ez zen apustua irabaztearren, berarenganako nituen sentipen ezin isilak bultzatzen ninduelako baizik. Niretzat ez zen beste eguzkirik, hura ezik.

        Arratsalde hartan ezin sosegaturik aurkitzen nintzen. Nire gogoetetan gauza bakarra aurkitzen zen: Nola hurbil nenkiokeen Usuneri? Laguntzaile moduan jarraitzen zion atso hura, ezinezkoa zen baztertzea. Horregatik bere bitartez eta laguntzaz agian lor nezakeela iruditu zitzaidan. Ez nekien bere unerik ahulena zein zen. Behar bada, diru laguntzaz lor nezakeen. Bazitekeen diruzale jeloskor bat izatea. Nori ez zaio atsegin dukat batzuk altxorretarako biltzea? Gainera mundu honetan zein grina eduki zezakeen atso zahar hark, dirua izan ezean?

        "Badakit zer egin" pentsatu nuen nirekiko, Sorazuko Zaldunak hamar dukat emanen dizkit apostua irabaztean eta dirutza hori izanen da atsoari eskeiniko diodana Usune kuttunarekin elkartzeko bidea errez dezan. Horratio egingo al du mesedea...!

        Pentsatu eta egin. Txirrinaren soka astinduz, nire morroi eta laguna zenari hots egin nion mandatua emateko. Etorri zitzaidanean, eskura bota nion larruzko poltsatxoa hamar dukat distiratsurekin Aldatzeko Usuneren zaindaria zimardikatzeke, nire asmoaren berri ager ziezaion eta jakinaren gainean nire alde eragin zezan Engrazia neskameak.

        Martin sehia Aldatzera joan zen mandatuaren betetzera. Burdin astunezko aldaba kax-kax jo zuen eta ireki zain geratu zen. Zerbait beranduago oin hotsen ondoren ate hotsak entzun ziren, baina ez zen ireki atakaren zirrikitu bat baino.

        — Nor da? -galdegin zuen ahots sendoz han agertu zen aurpegiak.

        — Altzateko Jaunaren sehia, andere agurgarria! -erantzun zion Martinek azken hitzei zurikeriazko doinu bat emanez.

        — Zer nahi du zure Jaunak? —galdegin zion atsoak lehorki.

        — Zurekin mintza nendin bidali nau —erantzun zion Martinek.

        — Nirekin mintzatu? Zer dela eta? —berriro galdetu zuen.

        — Begira andere ohoretsua —hasi zen Martin arazoa agertzen—: Nire Ugazaba Altzateko Pedro eta Mariaren seme, Joanes jatorra, Jauregi paregabe honetako Usune xarmantarekin liluraturik aurkitzen da, baina ezinezkoa izan zaio berarekin mintza zedin, hargatik igorri nau, zurekin mintza nendin. Zehorrek nahi izanez gero, elkarrizketa bat egin ahal lezan...

        — Aski duzu, morroi leial horrek —moztu zion atso zaindariak—. Ez nago prest zure ugazabaren seme, Joanes, bezalako neskazale bati, Usune ohoretsuarenganako bidea errezteko. Ezta pentsatu ere...!

        — Ez dut uste ondo ulertu duzunik —zuritu nahi izan zuen Martinek—. Joanes zaldunak, Usunerenganako sentitzen duena, benetako mirespena da. Kupidoren geziak jo eta bihotza zulatu balio bezala dabil azken egun hauetan, eta elkarrizketa baten irrikitan aurkitzen da. Pentsa zenbaiterainokoa den bere desira, ezen hori lortzekotan hamar dukat distiratsu eman bailiezazuke. Begira zorro honetan dauzkat...

        Eta Martinek sakeletik larruzko poltsatxoa atera zuen eta eguzki argitan agertu dukat distiratsuak.

        — Ai likits alena! —jaurtiki zuen atsoak eta jarraitu— Zer uste duzue? Diru zikin batek eros dezakeela deduzko emakume hau? Alde hemendik gizaki emakumezale eta doilor hori! Alde! Alde hemendik!

        Eta ataka indarrez hertsi zuen zuraren zaratak aldera zabalduz, ia erauzi balu bezala. Martin burumakur itzuli zen.

        Alabaina neskame Atsoarekin izandako porrotak ez ninduen atzeratu nire egitasmoan. Honen errefusaketak ez zuen esan nahi Usune kuttunaren bihotzak eragozten ninduenik. Nahi eta ezkoa nuen berarekin topatzea eta zuzenki nire sentipenak agertzea. Baina non eta nola aurki nezakeen Usune bakarrik? Etxera, noski, ezin nintekeen joan, ez ninduten utziko eta. Kalean, berriz, gutxiago, zeren beti atsoak lagundurik baitzebilen. Agian Eleizan bertan... Atsoa aitortzera joaten zenean, banuen aldi ttipi bat bakarrik egon beharko zuena.

        Esan eta egin. Hurrengo ostiralean, hilaren lehengoa zenez gero, suposatzen nuen ohiturari jarraiki aitortzera joanen zirela eta han ginen Martin sehia eta biok. Migel Donearen Eleiza apaina bezain ederra da. Gotikoa da eta Eleizaren pisu gabeko hormek gorantz jasotzen dituzte fededunen otoitz eta eskariak. Arku ojibalak eta gurutze gangak sostengatzeko pilare ahulek indar bertikalei eusten diote eta arbotanteak eta kontrahormak behar dituzte alboko bultzadei eusteko. Musika gregorianoak errezten zuen Jainkoarenganako otoitzen erregua. Aldatzeko Usune errezurako bildurik aurkitu genuen eta zerbitzaria aitortzera joateko unearen zain jarri ginen.

        Txanda iritsi zitzaionean, aitortzera zuzendu zen eta Usuneri hurbildu nintzaion eta esan:

        — Aldatzeko Usune, agur eta ohore, zoriontasunaren eta zorigaitzaren giltzarri zaren horri!

        — Baina zer diozu gizaki ernegatu horrek? -galdetu zidan.

        — Aspaldidanik, Jainkosen pareko zaren horrekin, mintza nakizun irrikitan nago. Egin ditudan ahalegin guztiek porrot egin dute. Zu zaintzen zaituenarekin ere saiatu naiz, baina alferrik izan da dena. Arren eskatzen dizut, izan itzazu une batzuk nire sentipenak ager diezazkizudan...

        Eta belaunikatu egin nintzen ustekabean, gurtu nahiko banu bezala. Bere begiak urduri jarri ziren, baterantz eta besterantz mugituz, eta egoera ezeroso hartatik irten nahian edo esan zidan:

        — Jeiki zaitez, Jainkoagatik, tentel hori! Nondik nora zatoz nire pakea nahastera? —bota zidan kexati.

        — Arren eskatzen dizut! Jar ezazu ordua eta leku bat elkar gaitezen, ez baduzu nahi sufrikarioz hil nadin —erregutu nion.

        Usunek pentsakor arakatu zuen, ahalbiderik zegoenentz, eta honela mintzatu zitzaidan ia dardaraz:

        — Gaur gauerdian, nire etxeko lorategian. Baina orain joan zaitez, neskamea ez dadin kontura, bestela gurekikoak egin du...

        Pozkarioz lehertzear utzi ninduen azken uneko itxaropen izpi hark. Nahigabe eta axanpak desagertu bide ziren eta egunsenti bat hasiko zela zirudien. Neskamea itzuli aurretik Eleizatik alde egin genuen. Bihotzaren konpasean saltoka eta brinkoka hasi nintzen. Harlosezko kaleetan zehar ez zen aurkitzen ni baino zoriontsuagorik.

        Ez zen berehala iritsi ilunabarra... Baina azkenean urrezko eguzki borobila mendebaleko mendiskaren hegian desagertu zen izpi distiratsuak itzaldu eta ortzearen ganga kapusai beltzez jantzi zelarik.

        Burutik ezin nezakeen ken gauerdiko elkartzea. Zernolako harrera eginen zidan? Laket ote nintzaion? Zer eritzi ote zidaten bere gurasoek? Zerbitzariak baketan utziko ote gintuen? Galderak galderaren gainean zetozkidan burura. Pentsamenduetan murgildurik nenbilela, nire aldamenean zegoen Txistuk niri begira jarraitzen zuen, begiratu hutsarekin dena ulertuko balu bezala, baina ez zidan ezer esan. Aspertu zenean, musturra luzatu eta lurraren gainean pausatuz lo kuluxka bat egin zuen.

        Garaia iritsi zenean, kapa eta burukoarekin batera ezpata hartu nuen, gerta zekidakeen lapurren bat uxa nezan.

        Kalera irten ginenean dena isilik eta lasai zegoen. Gure oinetako sendoen taupada hotsak areagotu egiten zituen gauaren bakardadeko isiltasunak. Eleizaren kanpandorretik eskegita zegoen ilargi andereak ezik, ez gintuen nehork lagundu Aldatzera bidean. Irrikaz baina ikarati nindoan. Gauaren hozkirriarekin batera barruko harraren zimikoak somatzen nituen.

        Aldatzera gerturatu ginenean, gelditu eta inguruak aztertzeari ekin genion. Leihoetan argirik ez zegoen. Denak erretiraturik bide zeuden. Ez zen kinkik ere entzuten. Orduan lorategira zuzendu ginen Martin eta biok. Bertan geratzeko eskatu nion eta nik bakarrik aurrera jarraitu nuen. Gehiago gerturatu nintzenean, zerbait somatu nuen. Hurbildu eta Usune aurkitu nuen itxoiten zegoela. Ilargiaren azpian zilarrak bezala distiratzen zuen bere aurpegi gazte eta leunak. la soin guztia estaltzen zion kaparen artetik ohe jantzi zuria nabarmentzen zitzaion zeta gardenez egina. Beregana zuzendu nintzen. Hartu nizkion bi eskuak eta muin eman nien abegi onaren ezaugarritzat. Nire barneko zalantzak eta alamenak ezabatu egin zitzaizkidan eta honela agertu zion nire sentipena:

 

                Une hauetan zu ikusteaz

                ezin dut gehiago goza,

                nire barrean neraman kezka

                bihurtu egin zait poza,

                niretzat zara denen gainetik

                mundu hontako jainkosa,

                usai gozodun lorategiko

                pare gabeko larrosa.

 

                Azala leun eta tinkoa,

                ia dirudi lizarra,

                zure bitartez haltsarretan dut

                Kupidoren gezi tzarra,

                Usune maite, nire bizitzan

                izanen zara bakarra,

                zeure ederrez erakarririk

                biratzen nauzun izarra.

 

                Musu gorri ta begi urdinez

                zara niretzat graziko,

                inolaz ere ni gezurretan

                ez nintzaizuke hasiko,

                nire emaztetzat nahi zintuzket

                nire bizitza guziko,

                zuk ere berdin maite banauzu

                ez zaitut inoiz utziko.

 

        — Mesedez, Joanes! Ez ezazu biraorik jaurtiki, gure Jainkoak zigor ez zaitzan —esan zidan bere musua zerbait gorriturik.

        — Non dago biraoa, nire andere maitea? Zu izanik ludi honetako emakume guztien erregina. Non dago gaizki esana? Eguzkiak lurra erakartzen duen indarrez eramaten bainauzu zuregana. Non dago zoramena? Urre bitxia baino distiratsuagoa denarekin maitemindurik bainago. Zure aho ttipi horretatik jakin nahi nuke, zer dion bihotza ebatsi didan horrek.

        — Ene izaki lander eta nahigabetua. Zergatik zaude mudurri? —esan zidan kezkati.

        — Zureganako dudan maitasunak erantzunik balu, ez nintzateke hits eta betilun egonen —erantzun nion.

        — Baina nola jakin dezaket benetakoa dela diozuna? —galdetu zidan arrenkuratsu eta jarraitu— Nola jakin dezaket haizearen ufadaz makurtu den seska denetz edo eta sufrikario jasanezina duen eri batena. Jakin badakizu zehorrek ere txanbil arrakalatuak konponbiderik ez duela...

        — Eskubiko besoa motz diezadatela, horrelakorik desiratuko banu! —erantzun nion.

        — Zaude isilik, zaratak entzuten ditut eta —adierazi zidan Usunek herabeti eta kezkati.

        — Bai ote?

        — Inondik inora neskamea nire bila hasi da... —erantsi zuen eta jarraitu— Joan zaitez, mesedez. Bihar jarraituko dugu. Orain ezinezkoa da. Bete-betean harrapa bagaitza, pikutara joanen da dena. Agur eta bihar arte...

        Bapatean desagertu zen eta ilunpean zerbitzariaren ahots zakarra entzun ahal izan nuen.

        — Usune! Usune! Non zaude? —galdezka ari zen Engrazia neskamea.

        Ni nengoenean ezkutatuta eta isilik egon nintzen, harik eta biak Aldatzeko Jauregian sartu ziren arte. Ondoren Martinengana itzuli eta etxeratu egin ginen.

        Gau hartan loak ez ninduen hartu, ia egunsentia urratzen hasi zen arte.

Nik gurtzen nuen maiteak ez ninduen errefusatu, ezta gutxiago ere! Ondo baino hobeto hasi zen. Baina ai! Lor ahal nezakeen, ia beste mundukoa zirudien aingeru hura? Sendiak onartuko ote ninduen? Ez ote zen niretzat gehiegizkoa izanen?

Garapena: Dijitalidadea SL