Egile honen
beste liburuak

NOBELA

Joanesen ibilaldiak

1991, Sendoa

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Desafioa

1988, Erein

Haitzezko balearen altxorra

1986, Elkar

        Arratsaldez berriro elkartu zirenean, ekarri zituzten gauzak kontatzen has ziren. Uretako ekipo osoa han zegoen: gomazko jantzia, gerrikoa berunekin, aletak, labana, betaurrekoak bere arnasa hartzeko tuboarekin, sokak, linterna, zenbait tresna eta kako, eta baita zaku sare bat ere.

        — Oso ongi! —esan zuen Trebek eta galdegin—: Nork ekarri du zaku sare hau?

        — Nik —erantzun zuen Kuxkuxek—. Etxerako bidean agian beharko dugula bururatu zaidak.

        — Bale, bale! Primeran zegon! —aitortu zuen Trebek eta jarraitu esanez—. Itsasoa bare-bare zegoen, giroa ezin hobea gertatu zaigun. Gainera itsasgora zegon. Goazen, ba, denborarik galdu,gabe.

        Ekarritako tresneria hiruren artean hartu eta moila aldera abiatu ziren. Txalupak eta txalupa-motoreak ur azalean balantzaka aurkitzen ziren. Branka eta txopa aldeetatik lotuta zeuzkaten sokek eusten zieten, olatu txikien bultzadaz harantz eta honantz zebiltzala. Olatuen plisti-plasta hotsekin batera, soka eta kateen garrasiak entzuten ziren. Saihetsetan edukitzen dituzten neumatikoek elkar jo eta minez irrintzi egiten zuten noizbehinka.

        Osabaren txalupa zegoen lerroaren parera iritsi zirenean, tresneria lurrean utzi eta burdinazko eskaileratan behera jaitsi zen Trebe. Bidaia bakoitzean, arriskurik gabe eraman zezakeena bakarrik eramaten zuen. Ondoren Gibeli esan zion jaits zedila. Honek hanka burdinazko eskaileraren lehenengo mailan jarri zuen, gero hurrengoan. Baina baita zera ere!

        Ezetz!, ez zela jaitsiko eta berriro gora igo zen presaka eta arnasestuka.

        — Babo arraioa! Jaitsiko al haiz! —esan zion Trebek sekulako erretolikarekin batera.

        — Beldurrak airean niagok —esan zuen Gibelek ikarati.

        — Beinga-beinga! Neu joango nauk aurretik —esan zion Kuxkuxek eta jarraitu—. Etorri nahi baduk, herorrek ikusiko duk...

        Kuxkux mailaz-maila jaisten hasi zen. Honek bukatu zuenean Gibel hasi zen. Ez zuen nahi bere la, gunek oilo bat zela aurpegira botatzerik. Alabaina bide guztian purrustaka joan zen ai ene eta ai ama.

        Hiru lagunak txalupan zeudela, moilatik kanpora irteteko prestatu ziren. Motorea arrankatu ondoren, loturak askatu eta beste txalupen artean leku eginez, kolperik eman gabe emeki gidatuz pixkanaka irten ziren.

        Moila muturrera iritsi artean abiadura motelean eraman zuten. Ondoren abiaduraren eskuhaga muturreraino bultzatu zuen Trebek lemari tinko eusten zion bitartean. Txalupa... saltoka... brinkoka... jolasten... olatu... gainetan... goraka... beheraka... murgilduz... irtenez... uraren... mintzean... aparren... irrifar... zuria... agertuz... zihoan.

        Itsasgaineko brisara hezeak hiruren aurpegiak laztantzen zituen abiaduraren eraginez. Hirurak pozez zihoazen. Kuxkuxek, abentura berri batengatik irribarre egiten zuen. Gibel kezkati zihoan. Ez zitzaion ezer gustatzen hura. Nahiago zukeen bere oinen pean lurra somatu ahal izan balu. Trebek, berriz, gutxienez Hamabost urtetako kapitaina zela uste zuen. Ardura guztia berea zen. Ai, ongi aterako balitzaie!

        Ordu erdi barru iritsi ziren Haitzezko balearen magalera, Mollarrira alegia, eta begira hasi ziren, ea nondik ekin azterketa lanari. Berehala erabaki zuen Trebek:

        — Ertz honetatik hasiko naiz eta zuek hemen egon. Badaezpada ere, soka eta zaku sarea eramango ditut. Zerbait gertatzen bazait, sokatik tira egingo dut bi aldiz. Honek laguntza behar dudala esan nahiko du eta zuek soka bildu.

        Trebek kontseilu hauek eman zizkienean, uretarako jantzia hartu eta murgil egiteko prestatu zen.

        Txalupatik jaisten ari zen bitartean, Gibelek esan zion:

        — Suerte ona izan!

        — Horrela espero diat —erantzun zion Trebek.

        — Kontuz ibili! —gomendatu zion Kuxkuxek.

        Buruaz baieztu zion Trebek, urmintzean sartzen ari zen bitartean, ahoan jarria baitzuen jadanik arnasa hartzeko tuboa.

        Ondoren, murgil egin eta gero uraren azalera ostera bihurtu zenean, tubotik ur zipriztina bota zuen, bere hegalek plisti-plasta ura astintzen zuten bitartean.

        Hainbat murgil egin zituen baina ezer ez... Gezurrezko albistea ote zen botila hark zioena?

        Berriro ere, murgil eginez urpera sartu zen. Isiltasun osoa zegoen. Eguzkiaren izpiak ozta-ozta sartzen ziren eta mundu harrigarri bat ikus zezakeen. Haitzetan itsatsirik zeuden alga orlegi eta gorristak, korronteak alde baterantz eta gero besterantz makurtu eta etzaten zituen. Sekulako baso miresgarri baten itxura zeukan. Haitzaren ildoetan zehar karramarro handi batzuk zebiltzan beraien sei hankez baliatuz poliki eta tientuan. Baita ere dontzeilak, karraspioak, mustuak, kiskirak, buztan beltzak, lupiak, eta abar.

        Arrain guztiek harriduraz begiratzen zioten Treberi, inork konbidatu gabeko pertsonaia bat izango balitz bezala. Gero sekulako ziztuan aldegiten zuten.

        Hau beldurraren adierazgarri zen. Baina zergatik ziren beldur? Auskalo! Batek jakin... eta aurrera jarraitu zuen.

        Trebe harkaitzaren erpin eta sakonuneak aztertzen ari zen, baina ez zuen ezer berezirik aurkitzen. Alferrikakoa ote zen bere ahalegina...

        Baina ez.

        Halako batean hara non ikusten duen haitz artean urpeko leize zulo bat. Oso estua zen. Bere ingurua algaz josita zegoen. Linterna zuzendu eta ilunpe hura ozta-ozta argitu zen. Sarrera mehar baten ondoren gela zabal bat aurkitzen zen, piramideetako ganbara izango balitz bezala. Inon egotekotan han egon behar zuen. Eta arraz arra arakatzen hasi zen linternaren laguntzaz.

        — Aibala! Hor zerbait zegok... —esan zion bere buruari.

        Hurbildu eta kutxa zahar bat zen. Dena lapaz eta lanpernaz estalita zegoen. Labana hartu eta taparen zirrikartean pasa zuen behin eta berriro. Labana palanka gisa erabiliz indar egin eta nekez ireki zuen. Dena urrezko txanponez beteta zegoen...

        — Eureka! Hemen zegok altxorra! —oihukatu zuen Trebek.

        Bere aurkikuntzari ezin zion federik eman. Baina egia zen. Begien aurrean zuen altxor balioso hura. Labana zorroan sartu eta urrezko txanponak zaku sarean sartzen hasi zen. Gero sokari tira egin zion.

        Baina, bapatean arrain-ezpata izugarri batek erasotzen dio eta Trebek ozta-ozta lortzen du ihes egitea alboratuz. la bi metro luzetakoa zen. Bizkar gaina ikatza bezain beltza zuen, behekaldea zilarra bezain distiratsua. Begirada, sugearena bezain gaiztoa. Ez zekarren intentzio onik. Ez noski!

        — Demonio madarikatua! Hi haiz altxorraren zaindaria? Ikusiko duk ni nor naizen! —desafio egin zion Trebek, izterrean zeraman labana handia eskuratzen zuen bitartean, nahiz eta arnasaren beharrez estutua aurkitzen zen, zeren denbora luzeegia baitzeraman urpean arnasarik hartu gabe.

        Arrain-ezpatak ez zuela jo ikustean, bigarren erasoari ekiteko biratu, eta abiadura hartuz Treberengana zihoan zuzen-zuzen. Hori ikustean, Trebe gorantz zerbait igo eta aurpegi eman zion bere hegalei gogor eraginez. Elkarrengana hurbiltzean, Trebek ezkerreko eskuaz muturra beheratu, eta eskuinekoaz labana zorrotza erantsi zion mendreskan josiz. Arrain-ezpata ur sakonen iluntasunean desagertu zen odol iturri beltz bat bere atzetik zeriola. Trebek gehiago ezin zuen. la itoan zegoen. Ezinbestekoa zuen arnasa hartzea! Ur azalera igotzeari ekin zion, hegalei ahal zuen moduan eraginez.

Garapena: Dijitalidadea SL