1941 (Aia)
Egan dijoa
2005, Auspoa
Nork bota ote digu lizar gaztea?
Ni baserriko seme izanik, gure inguruetako zuaitz mota geienak ezagutzen ditut, noski. Baita maitatu eta mirestu ere. Eta orietako bat lizarra da. Nola ez, ba?
Gu txikiak giņanean, baserri bakoitzaren jiran, bi edo iru lizar arbola baziran. Orduan zaarrak ziranak, kenduak izango dira. Eta orduan gazteak ziranak, gaur dexente zaartuak, ni bezela.
Denok dakigu lizarra ez dala fruitu-arbola bat. Orretarako badira gure baserrietan gerezi, txermen, udare, muxarta, melokotoi eta abar.
Lizarra berez egur zuria eta gogorra izanik, baserriko erreminta-kirten guztiak lizar-egurrez egindakoak izaten dira. San Joan bezperan, etxe atariko atearen ertzean ere, lizar-adartxoa bere gurutzearekin jartzeko oitura zan.
Kardantxilloak ere bere kabia lizar arbolan egingo zuen; ez, arbola zikiņa izan balitz.
Nik betidanik diot lizarrari alako begirune berezi bat. Eta orain, berriz, altzariak egiten ditugu lizarrrarekin. Ez, gaiņera, nolanaikoak. Gaur egun arekin egiten dan altzaria garestia da. Ederra, bai.
Nola ez nuen, ba, pena artuko, lizar gaztea etxe atarian ipurditik ebaki eta lurrean ikusi nuenean?
Lizar gazte polit bat,
bide-gurutzean,
bagenuen etxetik
gertu antzean.
Landatutakoa ez,
baizik pendizean,
bere gisa sortua
orma-babesean,
bordaren atzean,
iturri ertzean...
Aurten maiatzean,
ostoz berdetzean,
norbaitek bota digu
bart arratsean.
Au da ez onartzea
lizarraren diņa
edo edukitzea
buru ariņa.
Damutu bear luke
okerra egiņa:
beretzat onik ez ta
guretzako miņa.
Ondoa ta zaiņa
antxe daude baiņa
falta aien gaiņa
gordin ta liraiņa...
Utsa, enbarazuan
egon baziņa.
Amar-amabi urte
uste det direla
oregano tartean
erne ziņela.
Dotorez dotorea,
zimelez zimela,
beti zure ondotik
pasatzen giņela.
Gauaz lo gaudela,
bota zaituztela...
Ekintza txepela.
Baiņa, dena dela,
biotzik ez duenak
badu gibela.
Lizarraren gerria
ogeita bost ontza,
zazpi bat metro luze,
ez oso motza.
Iņork ez degu entzun
motor-zerra otsa.
Erabiliak dauzka
aizkora ta trontza,
kirten eta ortza,
tresneri zorrotza,
Judasen morrontza,
urrutian lotsa...
Orain nun jarriko da
gauean ontza?
Kardantxilloak ere
badute gupida:
alboko intxaurrean
zeuden begira
iaz kabia egin
zuten alderdira;
oiek zuzen dabiltza
garaitik garaira.
Baiņa zure jira
ikustean, di-da!,
aire joan dira
denak urrutira:
lizar gazteak zutik
dauden tokira.
Aizkoldu zintuenak
jokatu du lizun:
norabide guztiak
moztu zizkizun,
lizarra izatea
galerazi zizun.
Zeure itzala ere
desegin zitzaizun.
Bera bazan bi zun;
ongi neurtu nizun.
Zer geratzen zaizun?
Zuztar bat, lau asun.
Ea barkazioa
eskatzen dizun.
Zertarako galdetu
«gaizkillea nor da?»
Ondoa oroigarri
or izango da.
Bere jira asunez
dena jantziko da...
Errespetagarria
lizar aren ondra!
Lekutxo bat or da,
ordezkoa zor da.
Jarri bearko da,
berez ez dator-da.
Zai daude iturria
ta ardi-borda.
Antziņako euskaldun
gudari abillak
armak omen zituzten
lizar-makillak.
Geroztik sega, maillu,
aitzur-kirten pillak
lizarrez egin dira;
nunbait, austen zaillak.
Ta San Joan illak,
irudi umillak:
ate-leiatillak
jantzi ditu millak...
Lizar gazterikan ez
bota, mutillak.
Joxe Legarreta sarian, 2002an, 2. saria.
Kaxkagorri
Kaxkagorri, sei urtean balkoian eduki genuen txoria zan. Izan ere, gure etxeko balkoian kaiola zaarren bat beti egon izan da, atea autsita-edo, bazter batean ez bada bestean. Eta txori kantariak noiznai etortzen zaizkigu. Kaiola barruan sartuta aurkitu izan ditugu. Ezin, ba, bialdu koitadu aiek!
Orain daukaguna ere etorkiņa da: mixto gris bat. Eta zer kantaria bera!
Ba, Kaxkagorri ere etorritakoa zan. Txori atsegiņa, eta asko zekiena. Zenbait txori izaten da zerbait nai duenean zalapartaka asten dana, beste askoren gisa. Kaxkagorri, ez. Ura, luma arrotuta, gaixo itxuran jarri oi zan.
Noiz edo noiz, gerta zitekeen bearragatik orrela jarri bear izana. Baiņa orduan denetik eman eta mimoak egin bazitzaizkion, ederki ikasi zuen betirako. Noiz baiņatu nai zuen ere antzematen genion.
Txoriek entzumena ere aundia dute, nere ustez. Sukaldean gaua pasatzen zuenean, goizean ni oetik altxatzearekin bat, txiiit egingo zuen. Nere mugimendu guztiak zaintzen zituen. Emazteari esan oi nion: «orain ere akordatu da, ba, alu ori!».
Gutizi asko egiten niola ere egia da: otordu bakoitzeko, ogi-puxka; eguzkia zein balkoitan zegoen, ara eraman; otza bazan, tapatu... Kaiolako txoriek azkar antzematen dute errukia nork dien. Txoria bera asten bada zure pausoak zaintzen, ezer gutxi egingo dezu etxean bera akordatu gabe.
Zenbat prosa idatzi nuen nik sukaldean arratseetan, eta zenbat bertso, bera kaiolan maai gaiņean nuela! Batzuetan, lagungarri oi nuen. Bestetan, sukaldeko trapu guztiak kaiola gaiņera botatzen nizkion, isilik egotearren. Baiņa beti lagun giņan.
Emendik aurrerakoa, ondorengo bertso auetan agertzen da. Bertsoak, Andatzarraten jarri nituen 2003ko uztaillaren azkenean edo abuztuaren aurrenean, txoria Laurgain inguruan libre utzi ondoren. Saria ere irabazi zuten. Bertsoetan aipatzen dan Orixe saria, berriz, 2001ekoa da, «Iņude izan nintzan» saillarekin irabazi nuena.
Orain dala sei urte,
gutxi gorabeera,
balkoian jasotako
kaiola zaarrera,
aterik gabe eta
erdoituta bera,
txori bat etorri zan
bere barrenera,
kantari atsegiņa,
polita, gaiņera.
Buztana txuri-beltza,
burua gorria,
ego-mutur oriak
ta begi larria.
Guk ez dakigu nundik
ziņan etorria.
Pozik ase genizun
gose-egarria,
baita ekarri ere
kaiola berria.
Balkoia bait geneukan
egoera tristez,
guztiok zenbat poztu
giņan zu iristez.
Auzokoak oartu
ere bai alpistez,
zure etorreraz ta
abesti politez.
Guk mantendu zaitugu
ogiz ta alpistez.
Kalean ere asko
zeneuzkan entzuten.
Belarria agudo
luzatzen zizuten.
«Nun erosi dezue?»,
galdetzen ziguten.
Txoria, zu ez zera
dirutan erosten.
Arrigarria nundik
bidali zinduten.
Dozen erdi bat urte
zuk gure balkoian
pasa dituzu kantuz,
bixkor ta sasoian,
giro txarrean beean
ta onean goian,
eguzki epeletan
ormaren kantoian,
loreak apaingarri
alboko kajoian.
Muika-aldietan
naiz galdu itxura,
bereala uxatzen
zenuen tristura.
Orrela pasa dira
sei negu, sei uda.
Eguraldi otzetan
izan det ardura
arratsetan sartzeko
sukalde barrura.
Tarteka sukaldean
nere afanean,
illunabar aldera
isiltasunean,
bertso batzuk idazten
asten nintzanean,
zure txorrotxioa
maaiaren gaiņean
lagungarri izaten
nuen geienean.
Gau batez bagenuen
naiko eginkizun.
Txanoko kafeari
diot mirestasun.
Neuk artu eta zuri
ere eman nizun.
Itxura danez, gutxi
gustatu zitzaizun.
Ai, zer kuxidadeak
egin zizkidazun!
Biok aurkitzen giņan
umore pittiņez:
ni, neure bertsoekin;
zu, zeure mitiņez.
Kafetan sartu ziņan
baiņatzeko griņez.
Gero ara zer: ego
biei eragiņez,
bertso-paper guztiak
kafe-zipriztiņez.
Elkarrengana txantxa
bagenebilkien.
Zirika asita neu
atera gaizkien.
Itxaropena bertso
aieri banien.
Orixe saria' re
erori zitzaien.
Leen bedeinkapena
zuk eman zenien.
Sei urte asko dira,
baiņa zaude lasai:
iņoiz ez zera izan
etxeko aspergai.
Ustez zaindu zaitugu
ongi aste ta jai.
Askatasun osoa
merezi dezu, bai.
Zure xaarraldirik
ez det ikusi nai.
Zuri idazten bete
leizke zenbait orri,
txori maitatuena
bait zaitut zerorri.
Kendu diot atea
kaiolatxo orri.
Zurea da mundua.
Zoaz, Kaxkagorri.
Ta aspertzen bazera,
berriro etorri.