1941 (Aia)
Beranduko birigarroa
1998, Auspoa
Oroitzapenen eta bertso-sorten artean, hamaika kontu eta gorabehera azaltzen eta hitz neurtuz ematen dizkigu egileak. Serioak dira horietako batzuk, gaiak hala eskatuta; irakurlea irribarrez jarriko dute besteek, gertaeraren halabeharrak eta Izetaren kontaera moduak bultzatuta. Berrehun orrialdetik gorakoa da liburua, baina aise irakurtzen dena, berehalakoan. Irakurri ahala, gainera, herri baten sustraietan, igaroaren taupadetan murgiltzearen lilurak hartzen du irakurlea. Bertsozaleek aurkituko dute non gozatua lan honetan. Zarautz, Aia eta inguruetakoentzat, berriz, ia ezinbesteko irakurgaia da.
Mikel Aldalur (Euskaldunon Egunkaria, 1998-09-05)
Zarauzko azken portu
Arautza oso txikia nintzala joaten asi nintzan, aitarekin perratokira eta abar.
Azken Portu ostatua oso ezaguna zan, gaur bota badute ere. Ostatu atzean, bazan Manuel erreroa. Errero aundia deitzen genion. Gizon aundia, perratzaille ona. Il berria da.
Azken Portu ostatu ura, garai batean, Basarri bertsolari aundiaren gurasoak eduki omen zuten. Gero, ostatuaren gaiñean bizi zirala ezagutu nituen nik.
Basarriren ama, zer emakume on xamurra! Izetan aurren bat jaiotzen zanean, bisitara ere joan oi zan. Emakume ura izketan entzutea eta ikustea zan irudi aaztu eziñezkoa. Basarriren aita ez nuen ezagutu.
Azken Portu jende askoren ostatu zan, bertako familia oso jende ona zalarik. Sartu-irten aundia zuen.
Erreroak idiak perratu bitartean, egiten nituen bi lan: Azken Portun gosaldu, eta Napar-txikirengana joanda illea moztu, aurrean mototsa ta atzean zero. Baiña ez da gezurra ostatuetan era askotako jendea ikusten dala.
Iñoiz perratokira
joaten giñanean,
aitarekin izaten
nintzan geienean.
Gero mokadutxo bat
ostatu barnean,
bitartean Errero
aundia lanean.
Bein, olaxe akuillu,
soka ta alanbre:
«bokadillo txiki bat,
zu, etxekoandre».
Neri begira parrez
erderaz bi hombre:
«Mírale a ese chaval,
qué cara de hambre».
Gabardina apaiñez
sonbrerodun biak,
makilla eskuan ta
ustu baxo-erdiak.
Katuen bigoteak,
axeri-begiak,
ez zituzten nik bezain
kolore gorriak.
Zarauzko moilla
Portu txiki bat da Zarauzko moilla. Oso txikia ere: luzeran 100 metro ez da izango, eta zabalean 15 edo orrela. Txalupak bakarrik sartzen dira.
1856an asiak izango ziran egiten, 90.000 edo 100.000 peztako aurrekontuarekin. Ia egiña zan garaian, gau batean, bi ormatako bat bota omen zioten, orduan gertatu zan gerra bat zala tarteko.
Berriro, urte askoan egon omen zan moilla orma batekin, erriko arrantzale txikiak oso itxura nolabaitekoan baztertzen zituztelarik euren ontzi txikiak.
Urte-pilla bat pasa ta gero, berriz ere asmoak sortu ziran, moillako eraikuntzak nolabait egiteko. Baimenak lortzea ere zailla omen zan. Baiña izan bear zuen gizon aundi samar bat, ministroa alegia, udaran Zarautzen egoten zana. Pixka bat arek mugiarazi omen zuen paper eta diru-kontua. Erri oni egundoko maitasuna omen zion, berak bere aldetik eskupeko aundi bat jarri zuelarik.
Zarauzko erriak eta erritarrak oso etxeko gizona omen zuten Madoz jauna.
Geroztik or dago gure moilla.
Jakiña: askotan egingo zizkioten berrikuntzak. Urte asko ditu. Eta urak ez du barkatzen, otzanen ibilita ere. Eta ori askotan besteraka ibiltzen da.
Gaur egun, oso polita dago gure portu txikia. Orrez gain, leku maite bat da moilla errian eta erritarren artean.
Udaldean, Zarautza jende asko etortzen da gaur ere, inguruetatik eta urrutixeagotik ere bai. Eta moillako oroimenarekin eramaten dute bui askok.
1994an, amabi bertso auek jarri nituen moillari buruz. 1995ean Zarauzko Santa Marina jaietan, bertsopaper-leiaketan sarituak izan ziran, eta kantatuak.
Zarautzak badu portu txiki bat
deitzen diotena moilla.
Ez da luzea, ez da zabala
ezta ere borobilla.
Ontzi aundirik ezin da sartu
bateltxoentzat soil-soilla.
Bi orma lodiz orniturikan
bere soka ta argoilla,
edonorentzat jolas-lekua,
arrantzaleen opilla.
Milla zortzireun berrogei eta
amaseigarren urtean,
eraikuntzako leen arria
jarri omen zan urpean.
Eun milla pezta inguru zuen
aurrekontuen trukean,
«San Antonio kofradia ta
erriko ardurapean,
Madoz jaunaren laguntza ere
izan zalarik tartean.
Zer erentzia utzi ziguten
izan dezagun goguan.
Osin-txulo bat bezela dago
itsasoaren onduan,
illargitikan gertu izarra
egon izan dan moduan.
Galdetzen degu aldamenetik
pasatzen geran orduan:
«Au baiño portu politagorik
egongo al da munduan?»
Santa Barbara mendiak babes,
diz-diz dio eguzkiak,
itsas seaska dala dirudi
Getari bide azpiak.
Orma-kosketan egongo dira
arrantzaleen saskiak.
Egin litezke jauziak eta
artu ditezke bustiak.
Bertan igari ikasten dute
erriko ume guztiak.
Pasadizoan baldin bazera
ez zaitez joan ieska,
begira zazu portu txikira,
geldi zintezke mireska:
zaar edo eldu, ala sasoiko,
bai mutiko ta bai neska,
arrantza dala, jolasa dala,
beste batzuek saieska,
an beti norbait izango dezu,
askotan berriz gaiñezka.
Moillako jaien antolaketak
uda aldean du gaiña,
berri-itxuran apaintzen dute
urte askotxo du baiña;
kaioak ere abesten dute
eurek dakiten dultzaiña,
ango antzarren arrapaketa,
tranpolin eta kukaiña...
An biltzen diran mutil koskorrak
badakite, bai, guk aiña.
Txaluparen bat or izango du
beti tiliki-talaka,
sartu ta irten, jira ta bira,
lagun bi edo banaka;
bere lepoan emango zuten
nork daki zenbat palaka.
Milla olatu or datozkio
muxuka edo xaplaka...
Noek ez dakit bazuan baiña
guretzat bera da arka.
Arraunlarien eguna bada,
o adiskide maitea,
begiei poza ematearren
bertara urbil zaitea.
Une berean etengo zaizu
tristura denen katea.
Ikusitzean jendez gaiñezka,
pakezko irriz betea,
zerorren baitan esango dezu:
«zorionaren atea».
Txalupatxoak bere barruan
berrogei, berrogei ta bost;
geiago ere sartu litezke,
baiña lekua ozta-ozt.
Zeiñen dotore egoten diran,
batek txirrist, besteak kosk.
Itsas olatu zakarrak ere
ezin diete egin osk:
etorri aala ormaz kanpotik
leertzen dira, plost ta plost.
Itsas betea dan garaietan
bere ur danak adio.
Une aretan esan daiteke
ezer ez dula balio:
batel txikiak ondar gaiñean,
ormetan lau oroldio...
Baiña berriro osatutzean
leengo ederra dario.
Ema itsaso zabalak
ere errespetoa badio.
Garai artako aitona aiek
asko kostata lortua,
betiko nai ta ezin orretan
itsatsi edo sortua,
eun ta ogeita amar bat urte
istoriak aitortua...
Zein polit zeran urez betea,
zeiñen polit agortua!
Txikienetan txikia baiña
zu zera gure portua.
Erri polit au zerbitu dezu
ainbat urteren burutik.
Guk ez dizugu ies egin nai
iñoiz zure ingurutik.
Pasako dira belaunaldiak,
joango gera mundutik...
Portu txikia, isil-isilik
zu ortxe egon zut-zutik...
Txalo aundi bat jaso ezazu
zarauztar danon eskutik.
Zarauzko Santa Marina bertsopaper-leiaketan 1. saria, 1995ean