Jon
Benito

1981 (Zarautz)

Egile honen
beste liburuak

POESIA

Aingurak erreketan

2001, Susa

Orbel zaku bat

2003, Susa

BIDEGURUTZERA NOA ZURE BILA

 

Bidegurutzera noa zure bila.

Ez dakit

polizoi bat naizen beste baten bizitzan sartzen,

berriz akats berak errepikatzen.

 

Erraz esango nizuke gaurko kontua dela bakarrik,

bihar ez naizela gogoratuko,

larruaren sukarrak ekarri nauela honaino.

 

Baina itzultzeko gogoak hartzen nau gero.

Berdin zait bihotza epeltzen zaidanean

zer egingo dugun zapaldutako elurrarekin.

Ez diot nire buruari itaunik zor.

 

Badakit zure barrura sartzeko kontrazeinua zein den.

 

Bidegurutzez erra naiteke,

beste batzuekin bana ditzaket gureak.

Biluzik ikusi zintudan lehen alditik dakit

belarra edozein lekutan hazten dela.

 

Baina zure ondoan egon nintzen ostegun gauean ere

zerbait nuen zuri esateko.

 

 

 

GASTEIZTIK ETXERA ZOAZ AUTOAN

 

Gasteiztik etxera zoaz autoan,

mila aldiz egin duzu bide bera,

ezagunak zaizkizu errepide ondoko etxeak eta ortuak.

 

Zure buruari aitortzen diozu

inoiz askeago egin behar zintuenak lotu zaituela,

ez dezazun errazegi ihes egin.

 

Alferrik egingo duzu momentu onenen birpasa;       

urperatu dituzten herriak dituzu gogoan,

denborak erortzen utzitakoak.

 

Pertsiana iltzatuák,

kanpandorre bat,

zumezko aulkiak ataurrean.

 

Ikusi dituzu patata harriak bidegurutzeetan

eta zure egiten duzu lurreko arrakala oro.

Azala begiratzen duzu lantzean behin,

 

arrastorik duzun, bihotzik gogortu dizun bakardadeak.

Alferrik jasoko dituzte eskuak itzul zaitezen,

mudantzan zoaz.

 

Atzean uzten dituzu oheak, inuiten ametsak.

Atzean aurpegiak, elkarrizketak gauean.

Erretrobisoreak erakusten dizu izan zena zertan den.

 

Ate batzuk garaiz itxi behar dira,

zure barrenak

estali baino lehenago.

 

Bi antzara ikusi dituzu Araia parean

kontrako norabidean,

haizearen aurka, garaiz kanpo.

Garapena: Dijitalidadea SL