1981 (Zarautz)
Aingurak erreketan
2001, Susa
Gertaeraren erdian dagoen subjektuak hitz egiten digu batzutan, eta beste batzutan ikusle pasibo batek. Horrek liburuan azaltzen diren beldurrak eta pozak hobeto kokatzen laguntzen du. Estridentziarik ez egoteak hunkidura triste bat sortzen du gainera. Kontraesana diruditen alderdi hauek guztiak bere kabuz egiaztatzeko eskatuko nioke irakurle sinesgogorrari. Apaltasunetik eta duintasunetik idatzitako liburu oso konpletoa da.
Igor Estankona (Deia, 2001-12-28)
NON GAUDEN NOLAKOAK GAREN
Eguzkipean ezkuta zaitez
lurraren gainean edo laino artean baino beherago
nahikoa da horrekin
Badakizu zoriona ez dela gurean bizi izan
Zeru ertzari aharrausika
nahi gabe irteten zaizkizu desagertuen biografiak
eta jaioko ez diren umeak
Muino urperatuak ikusten ditugu paisaian
lurrean iragazten zaizkigun oinetakoak
eta gure begientzat desagertu den kea
Apur bat beldurtzen zaitu haizeak
eta aurrera begiratzeak
Erditzeko ahalmenik bazenu
birika bat baino ez nizuke eskatuko
Batzuetan esaldirik tragikoenak maite ditugu
horregatik ari naiz gezurretan
ADARRAK ETA SUSTRAIAK
Osaba bizarra egiten ari zela
erre zen basoa
Amildegiak suaren bidea moztu izan ez balu
eguzkia eta infernua bertan ezagutuko genituela
esan zigun amonak
baina nahikoa ardura bagenituen
sineskerietan pentsatzen hasteko
Egun haietako euriak ere
ez zuen gar handi haiek baretzerik lortu
Hostoak dantzan hasi ziren
zerutik zintzilika baleude bezala
Habiak erre ziren eta enarek hegan egin zuten
Suak mendebal haizeak jarraitu bitartean iraun zuen
erre usainak asteetan
Etxe inguruko lurrak irauli genituen
mahatsondoak ipiniko genituelako
errautsek ongarri gisa balio zuten
Adar erreak bildu zutoinak eta ikatza egiteko
enbor belztuak ebaki eta
suak agerian utzi zituen sustraien beso korapilatsuak
askatu genituen lurretik
Arotzek halako zur okerrek
balio gutxi zutela esan zuten
Hamaika hilabetez izan genituen bazter batean
harik eta gau batez osabak galdetu zuen arte:
Zer egingo dugu sustraiekin?