Imanol
Murua Uria

1966 (Zarautz)

Egile honen
beste liburuak

KRONIKA

Suetena Belfasten

1996, Susa

BIOGRAFIA

Geronimo

1999, Elkar

Palestina zauritua

1998, Susa

Gatazka bera erakusteaz gain, gatazkaren barruan murgildurik dauden alderdi guztiekin egoten saiatu da, bai alde batean bai bestean egunero egoera hori sofritzen duen herriarekin. Liburuak horren guztiaren kronika biltzen du. Imanol Murua Uriak trebezia handia erakutsi du ikusi eta sentitzen duena irakurleari azaltzeko. Gehienetan, gauzak kontatu baino gehiago, istorioak, eta historia, argi eta garbi adierazi baino gehiago, zeharka azaltzen digu.

Jose Jabier Fernandez (Euskaldunon Egunkaria, 1999-01-16)

Marra berdea

 

        Kibbutz-eko jangelan isil-deiak entzun ditugunean begitartea okertu eta ezpainak zimurtu ditu Soniak. Ostiral gaua da, sabbath-a hasi da beraz, eta gazteek otoitz egin nahi dute afaldu aurretik. Baina Megido kibbutza, kibbutz gehienak bezala, laikoa da oso.

        —Segi dezagun hizketan. Horixe besterik ez genuen behar! Haiek errezatzeko guk hitzik egin ezin!

        Baina gazteek, hogeita hamar bat mahai luze batean, ez dute etsi. Altxa ere egin dira hiruzpalau, atzamar bizkorra ezpainetara eramanez atzera isiltasuna erregutzeko. Asko isilarazi dituzte, baina nire mahaikiderik ez.

        —Joan daitezela kanpora isiltasuna nahi badute —Mario ados dago Sonia arrebarekin.

        —Jantoki honetan ez da sekula errezatu!

        Isiltasun erabatekoa lortu gabe ere hasi egin dira gazteak. Kippa beltza duena dute gidari, eta Tora eskuan dute bakarren batzuek. Otoitzari nola-hala jarraitzen diote gehienek.

        —Kibbutzera bisitan etorritako frantziarrak dira —azaldu dit Soniak—. Bertakoak ez dituzu jangelan errezatzen ikusiko.

        Otoitz apalaren ondotik kantu ozena etorri denean piztu da kalapita. Eserlekutik altxa gabe burua atzera jiratuta zuzendu zaie Sonia frantziar gazteei:

        —Aizue! Errespetu pixka bat! Isilago abestu ezazue.

        —Sabbatha da! —ozen, gazte batek.

        —Eta?

        Bizkarra eman die Soniak, berriro guri begira.

        —Ez du zentzurik. Afaltzen ari diren jakiak ere ezingo lituzkete jan, arau erlijiosoei jarraituta.

        Azpilari begiratu diot: ez dago txerrikirik; barazki-zopa eta txahal-haragia saltsan arrozarekin. Horixe dugu afaltzeko denok kibbutzeko jantokian.

        —Ez da kosher janaria. Judu erlijiosoek ezin dituzte zenbait jaki nahasi, eta jangai pila bat aparteko eltzetan egin behar dituzte. Ez duzu kosher jatetxerik ezagutu Jerusalemen?

        Jerusalemdik urrun gaude, Megidon, Israelen eta Zisjordaniaren arteko iparraldeko mugaren ondo-ondoan, Israelgo Estatuaren barruan. Antzinako arkeologi aztarna garrantzitsuengatik da ezaguna Megido munduan. Bertako espetxe handian ehundaka preso palestinar egon direlako, eta oraindik daudelako, da ezaguna Megido palestinarren artean. Baina ez aztarnek ez kartzelak ekarri naute hona: holokaustotik ihesi etorritako hirurogei judu poloniarrek Lajun herri palestinarraren hondarren gainean 1949an sortutako komunitate sozialista, kibbutza, ezagutzera etorri naiz.

        Urbanizazio aberatsaren itxura du Megidok. Oinezkoen bideek hamaika puskatan zatitzen duen berdegune handia da kibbutza. Palestinako lurraren gorrira ohitzen hasi diren begioi atsedena ematen die kibbutzaren berde hezeak.

        Berdin-berdinak dira etxebizitza guztiak, familibakarrak deritzotenak, eta lorategidunak. Umeentzako zabuak dituzte han eta hemen, eta igerilekua ere bada kibbutzaren erdian, bisitarientzako hoteltxo txukunetik oso hurbil. Hortxe hartu dut ostatu.

        Hirurehun lagun bizi dira kibbutzean. Gehienek bertan egiten dute lan, eta hilero soldata bera jasotzen dute guzti-guztiek: 700 xekel (30.000 pezeta hor nonbait). Hasierako urteetan nekazaritzak ematen zuenetik bizi ziren, eta gaur egun bitxitegi fabrika da diru eta lanpostu iturri nagusia. Batzuek kibbutzetik at egiten dute beharra, baina kanpoan irabazitako soldata osoa komunitateari eman eta 700 xekel jasotzen dituzte hileroko gastuetarako.

        Dirutan eskuratzen ez dutena zerbitzutan jasotzen dute, ordea. Jantokian ia doan egiten dituzte otordu guztiak, auzolanean arropa garbitu, lisatu eta, behar izanez gero, josi egiten diete, hogei auto ditu komunitateak behar duenak noiznahi erabiltzeko, ikasketa guztiak —unibertsitatea barne— kibbutzak ordaintzen ditu, osasun zerbitzu guztiak ere bai... Komunismoa bizi dute, Israel kapitalistaren barruan.

        —Alderdi laborista baino ezkerrago dagoen Meretz alderdiari ematen diogu botoa gehienok, baina kibbutzeko hautestontzietan alderdi erlijiosoentzat eta Likudentzako botoak ere agertu izan dira. Nolanahi ere, kibbutzeko kide ez diren batzuek ere gure leku berean bozkatzen dutenez, ezin jakin guretakoak diren edo kanpokoak —kikara kafez betetzen didan bitartean mintzo zait Mario.

        —Alderdi erlijiosoentzako botoak kanpotik etorriko ziren, soldaduak seguruenik, baina ni seguru nago gure auzoak, Estherrek, Likudi ematen diola botoa. Beldurrak airean bizi da, arabiarrek eraso noiz egingo zain. Segurtasuna nahi du. Soldaduak, Polizia.

        Zisjordaniako muga, marra berdea, bost kilometrora du Megidok. Halaxe daude kibbutz asko, 1948ko gerraren ostean ezarritako muga defendatzeko eratu baitzen orduan kibbutz andana bat, mugaren ertzean segurtasun-lerroa osatuz. Gaur egun ere, Israelgo Armadak soldadu bat jartzen du egunero sarrerako langa metalikoaren ondoan, zaindari lanak egin ditzan. Kibbutzeko kideek, txandaka, bikotea egiten dute soldaduarekin. Egunez irekita egon ohi da langa, baina iluntzetik aurrera ez. Zaintza egiten ari direnen baimena behar da sartzeko eta irteteko.

        —Nik ere soldaduak nahi ditut —dio Mariok—. Inguruan zenbat eta soldadu gehiago, orduan eta lasaiago ni.

        Jerusalemgo autobus geltoki nagusiarekin gogoratu naiz. Bizkarrean asaltorako fusil bana zeramaten soldaduak —gizaseme nahiz emakume— baino ez zebiltzan inguruan. Megidora gerturatu nauen autobusaren barruan ere mordoska zetorren, eta zibil askok ere arma agerian zekarten.

        —Harrigarria egiten zait kalean-eta hainbeste soldadu armatu ikustea. Ez nago ohitua eta, egia esan, urduri jartzen nau. Autobusean, zibil jantziko batek gerrian zuen pistolari begira etorri naiz bide osoan, begiak apartatu ezinik.

        —Ni ere ez naute lasaitzen soldaduek, baina uler iezaiozu nire nebari: soldadua da.

        Gazte aspaldi izandakoa da Mario, berrogei urtetik gora baditu lepoan, baina gizonezko guztiek bezala, gaztaroan hiru urteko soldadutza bete zuenetik urtero hilabeteko zerbitzua egiten ari da Armadan. 51 urte betetzean utziko dio erreserbako soldadu izateari. Emakumeek ere egiten dute soldadutza, urte t'erdikoa, baina erreserbako zerbitzurik ez gero.

        —Soniari ere ulertu egin behar zaio, alaba intsumisoa irten zaio-eta —ezpainak okertuz barre txikia egin du Mariok, arrebari zeharka behatuz.

        —Oso intsumiso gutxi dira hemen, eta oso gaizki hartuak. Nire alabak uko egin zion soldadutzari, eta azkenean kibbutza utzi behar izan zuen, komunitateak onartzen ez zuelako. Ez dakizu Armadak gure gizartean, kibbutzetan bereziki, zer garrantzi duen! Nablusen atzo gertatuaren berri baduzu?

        Labanaz eraso egin zien palestinarra tiroz hil zutela bi soldaduk irakurria nago egunkarian.

        —Gure kibbutzekoa da bi soldadu horietako bat. Heroia hemengo jendearentzat.

        —Irakurri dudanagatik, badirudi palestinarra hil beste irtenbiderik bazutela soldaduek —eztabaida pizten saiatzera ausartu naiz—. Soldadu batek palestinarra ostikoka mendean hartu zuela dio egunkariak, eta ondoren tirokatu zuela besteak.

        —Hala dirudi, baina aitortu behar dut neronek ere ulertu egiten dudala soldaduaren jokaera. Izuaren izuz honela erreakzionatzea normala da.

        Harritu egin nau Sonia soldaduaren aldera lerratzea. Mariok ez. Soldadua da, israeldar gehienak bezala. Haurrak eta agureak salbu, zibilik ez da Israelgo gizasemeen artean.

        —Arauak oso zorrotzak dira Armadan, armen erabilerari dagokionez. Inork tiro egiten badizu eta kale egin, zuk ezin duzu hiltzera tirokatu. Aurreneko tiroa gora egin behar duzu, gaztigu gisa, gero hanketara, eta ondoren bakarrik tira dezakezu gorputzera.

        Ezkertiar bezain sionista dira kibbuztarrak, eta sionismoak Israelen defentsa esan nahi du. Kibbutzak beti nabarmendu dira defentsa lanetan, Israelgo Armadan. Israeldarren artean %3 baino ez da bizi kibbutzetan, baina azken mende erdian herri arabiarrekin izan dituzten gerretan (Estatuaren sorrerakoa 1948an, Sei Egunekoa 1967an, Jom Kippur 1973an eta Libanokoa 1982an) hil diren soldadu israeldarren laurdenak kibbutzetakoak izan dira.

        Militarrei buruz ari ginela, gerri buelta ederreko gizontxoa eseri da Soniaren aldamenean. Ayalon da.

        —Daniel zen Argentinatik etorri zenean, baina izen berria hartu zuen hemen eta hori baino ez du erabiltzen —azaldu dit Soniak, Ayalonek buruarekin baietz egiten duen bitartean—. Mariok berak ere izen berria hartu zuen etorri zenean! Moshe. Baina izen zaharrez deitzen diogu denok.

        —Ia denok. Armadan Moshe esaten didate.

        —Zergatik izena aldatu, Mario?

        Duda egin du, nire galderari erantzun aurretik.

        —Israeldarrago izateko.

        Soniak eta Mariok hebreeraz egiten dute elkarrekin, Txilen sortutako neba-arrebak diren arren. Txekoslovakiakoak zituzten gurasoak, beste judu asko bezala Mundu Gerrarekin batera Hegoameriketara ihes eginak. Hogeita hamar urte geroago, baina, berriro jazarpena: Hitlerri ihes egindako aitak ezin izan zion Pinocheti alde egin. Hobi komun batean aurkitu berri dute haren gorpua, desagertu eta hainbat urtera. Aita hilda, seme-alabek hanka egin behar izan zuten: Txekoslovakiara nahi zuen Soniak, baina ez zioten sartzen utzi; Israel zen beste aukera.

        —Baina zu ez zara sionista, Mario —eztenkada eman dio Ayalonek—. Ni, bai.

        —Nik ez dakit banaizen, baina zu seguru zaude bazarela? Gu ez gara erlijiosoak. Eta nik ez daukat zerikusirik aitzindari poloniarrekin. Non dago orduan gure arteko lotura? Zerk egiten gaitu herri?

        —Ez da erlijioa, baina tradizio erlijiosoak batzen gaitu. Herri bat osatzen dugun sentimendua, eta elkarrekin komunitatea osatzeko nahia. Mundu guztiko juduak gure arbasoen lurrera etortzea da nire ideala. Pertsonaren errealizazioa Israelera bizitzera etortzea da.

        —Israelen bizitzea izango da ideala Ayalon, baina bizitoki ideala Euskal Herria —ur handitan igeri egiteko gogo handirik ez du gure herrian egona den Soniak—. Ederra benetan! Eguraldi eguzkitsua dute udan, baina eguzkiak ez du erretzen. Eta itsasoko ura ez da Tiberiadeskoa bezain beroa, ezta Txilekoa bezain hotza ere.

        —Ideala! —egin du oihu Ayalonek.

        —Erratu egin zineten! —adarra jotzeko makina piztu zait—. Sion Euskal Herrian dago!

        —Hala beharko du! —jarraitu dio txantxari Mariok—. Nik beti esan dut: lurralde lehor eta bero hau baldin bada Jainkoaren lurralde aukeratua, ez dut pentsatu ere egin nahi nolakoak diren ez-aukeratuak!

Garapena: Dijitalidadea SL