Imanol
Murua Uria

1966 (Zarautz)

Egile honen
beste liburuak

KRONIKA

Suetena Belfasten

1996, Susa

Palestina zauritua

1998, Susa

Geronimo

1999, Elkar

Etorkizunean Historiarako Estatu Batuetako armadaren aurka egindako bere ekintzak gelditu badira ere, biografia honetan, horretaz guztiaz gain, Geronimo hurbilena erakutsi eta pertsonaia horren gorabehera guztiak azaltzen zaizkigu. Azken horietako asko ezagunak eta harrigarriak, baina beste batzuk ezezagunak eta tristeak. Eta Imanol Murua Uriaz, zer esan? Historia eta gizartearen ikertzaile eta aztertzaile finaz gain, idazle aparta dela, irakurlea bere hitzekin harrapatuz, sehaskatuz, eramanez.

Jose Jabier Fernandez (Euskaldunon Egunkaria, 1999-10-30)

Gehiegi bizi

 

        1909ko otsaileko egun hotz batean Lawton-era jo zuen Geronimok, berak egindako arku eta geziak zuriei souvenir gisa saltzeko. Zaharra zen, 86 bat urteko agurea, baina Fort Sill-eko gune militarretik Lawton hirira zaldi gainean trostan joateko adina bazen. 23 urte joan ziren gerlari apatxea zuriei errenditu zitzaienetik; 23 arte baziren, lurralde apatxetik urruti, zuriek gatibu zutela.

        Indioei whiskya saltzea legez kanpo zegoen, baina ez zen zaila legea saihestea. Eugene Chihuahua apatxe gazteari eskatu zion Geronimok whiskya lortzeko, eta honek, soldadu zuri bati bere ordez eros zezan eskatze hutsarekin, botila whisky eskuratu zion Geronimori. Mozkortu egin zen eta, gauez itzultzen ari zela, etxetik gertu jada, zalditik erori eta konortea galdu zuen. Lurrean etzanda egin bide zuen gau osoa eta, biharamunean aurkitu zutenerako, gorputz erdia errekan zuen, blai.

        Pulmoniak jo zuen. Ospitale militarrean egin zituen hiru egun, otsailaren 17ko goizaldean azken arnasa eman zuen arte.

        Hileta kristaua egin zioten, kolono zuriek sortutako Lawton hirian. Naichek, apatxe chiricahuen azken buruzagiak, hitzaldi labur baina hunkigarrian, gerrako gertakariak ekarri zituen gogora, Geronimok gerlari-buru gisa erakutsi zituen ausardia eta trebezia goraipatu zituen, eta errenditu zenean eman zuen hitza leialtasunez bete zuela nabarmendu; baina kristautasuna onartzeari uko egin zionez, bizitzaren alderdi garrantzitsuenean porrot egin zuela esan zuen Naiche ordurako kristautuak.

        Geronimo, mitoaren zorigaitzerako, luzeegi bizi izan zen. Mexikarren aurkako bataila batean edo soldadu estatubatuarrei aurre egiten bala batek jo eta hil izan balu, errazagoa litzateke heroiaren historia idaztea. Baina, 1886an Miles jeneralari errenditu zitzaionetik, sandiak eta barazkiak landatu zituen: azokaz azoka ibili zuten, «indio basatiak» euren begiz ikusi nahi zituzten zurien erakusgarri; autografoak, argazkiak, jakako botoiak saldu zizkien inguratzen zitzaizkion ikusle ugariei; eta bere biografia azaldu zion zuri bati diru truke. Eta beti, 23 urte horietan, agintari estatubatuarren esanetara.

        Haatik, ez zen alferrik 80 urtetik gora bizi. Bederatzi emazte eta seme-alaba kopuru zehazgabea izan zituen; baina gehienak gazte hil zitzaizkion. Gerlari izan zen batez ere, gerlarien buruzagi, baina ehiztari, nekazari, tribuko azti, iheslari, gerrako preso eta cowboy ere izan zen.

        Tribuko buruzagi ez zen izan. Mangas Colorado eta Cochise izan zituen buruzagi gaztaroan, eta Cochiseren seme Naiche gerora. Baina eragin handia izan zuen beti bera baino gazteago zen Naicherengan eta, Naicherengandik aparte ibili zen garaietan batik bat, buruzagi lana ere bete izan zuen.

        Zuriei aurre egin zieten azkenetako indioak izan ziren Geronimo, Naiche eta beren gerlariak. Geronimo jaio zenerako, hiru mende luze lehenago Cristobal Coloni ongi etorri adeitsua egin zioten taino indioen arrastorik ez zen geratzen; denak sarraskitu zituzten. Berdin egin zuten ekialdeko beste hainbat triburekin: chesapeakak, chickahominyak, potomacak... Sakabanatuta eta aztarna triste batzuetara murriztuta zeuden beste asko, hala nola pequotak, montaukak, naticoteak, machapungak, catawbak, cherawak, miamiak, huroneak, erieak, mohawkak, senecak eta mohicanoak. Mendetan Mississippi ibaitik ekialdera bizitako cherokee nazio handia, choctawak, chickasawak, creekak eta seminolak bezala, mendebaldera bidali zituzten zuriek XIX. mendearen lehen erdian. Hurrengo hamarkadetan (1890ean Wounded Knee-ko sarraskian soldadu estatubatuarrek Big Foot buruzagi siouxa eta bere hirurehun herrikide hil zituzten arte), mendetan lur horietan libre bizitako jatorrizko amerikar guztiak, indioak, gizon zuriaren anbizioak azpiratuta gelditu ziren betiko: navahoak, komantxeak, arapahoeak, kiowak, cheyeneak, poncak, uteak, apatxeak eta siouxak izan ziren azkenak. Ameriketako jatorrizko bizilagunen akabera sinbolikoa (Wounded Knee, 1890) baino lau urte lehenago arte iraun zion askatasun egarriak Geronimori; 1886an errenditu zitzaion, azkenengo aldiz eta behin betiko, gizon zuriari.

        Neolitikotik hurbil zegoen gizarte batean jaioa, zibilizazio industrializatu berrian suntsituta hil zen Geronimo, azken gerlari apatxea, gizon zuriaren aurrean amore eman eta 23 urtera. Milaka urteko bidaia egin zuen Geronimok, gezi baten abiadan, gizon bakarraren mundualdiko urte urrietan. Datarik ere ez zuen gizartean sortu zen, desagertzera kondenatuta zegoen kulturan, arrastorik ere uzten ez zuten nomaden herrian.

        Geronimoren biografiaren mataza osatzeko adina hari badago, hala ere. Geronimok berak Stephen Melvit Barrett-i 1905ean egindako kontakizuna da lehenengo haria: Geronimo's Story of His Life (1906). Gazte zelarik Geronimoren ondoan borrokatutako Jason Betzinezek ere utzi zuen testigantza idatzia —I fought with Geronimo (1959)—, eta beste askoren lekukotzak jasoak gelditu dira liburu ugaritan: Eve Ball-ek, esate baterako, herri apatxearen tragediaren lekuko izan zirenei egin zizkien elkarrizketekin moldatu zuen Indeh: An Apache Odissey (1980) liburua. Militarrak dira beste informazio iturria: buruzagi apatxeekin egindako bileretako aktak eta kanpaina militarren txosten ofizialak ez ezik, Geronimoren atzetik ibilitako ofizial ez gutxik idatzitako liburuak ere baditugu: General George Crook: his autobiography (1946), George Crook-ek; An Apache Campaign in the Sierra Madre (1886), John Bourke-k (Crook jeneralaren laguntzailea); The Truth About Geronimo (1929), Britton Davis-ek; The Surrender of Geronimo (1931), Charles Gatewood-ek...

        Geronimoren bizitzari buruzko biografia ugari argitaratu dira geroztik —ez filmak adina, horregatio— eta, denen artean, Angie Debo-ren Geronimo: The Man, His Time, His Place (1976) jo izan da fidagarrientzat. Hitz hauekin definitzen du Angie Debok, liburuaren sarreran, gerlari apatxearen nortasuna: «Jakinmin intelektual oso bizia zuen, eta pentsamendu originalerako nola-halako gaitasuna ere bai. Egoskorra eta praktikoa zen, gupidagabea etsaiekin, gogorra eta zurruna epaitzeko orduan, bihotz-gogorra gorrotatzen zuenean. Baina gozoa eta maitekorra zen familiarekin, eta leiala lagunekin. Bere lur menditsua bizitza osoan maite izan zuen, beti maite ere. Barren-barreneraino zen erlijiosoa eta, promes bat zin egite batekin eta zeremonia batekin egiten zenean —xehetasun poetiko hutsak zuriaren ikuspegitik—, hitzari eusten zion».

Garapena: Dijitalidadea SL