Salbatore
Mitxelena

1919 (Zarautz)
1965 (Chaux-de-Fonds, Suitza)

Egile honen
beste liburuak

POESIA

Arantzazu, euskal poema

1949, EFA

Ama-semeak Arantzazuko kondairan

1951, EFA

Ogei kanta Arantzazuko

1952, EFA

Arraun ta amets

1955, Itxaropena

Laburtuaz

2000, Olerti Etxea

SAIAKERA

Unamuno ta Abendats

1958, Darracq

Idazlan guztiak (I eta II)

1977, EFA

SARRERA

Haec est victoria

quae vincit mundum:

fides nostra.

        Teloia irikitzean, (magnetofonuz) parrokiko kanpaiak ari dira. Aldi berez, orkestak edo organuak jota, leenbiziko doiñua (Otañoren «aita-semeak») aditzen da. Aldi berez, plazaren eskubi aldera, giza tertuli batzuk agiri dira, alaiki izketan. Agiri ez dan plazako jendetza aundiaren zurrumurrua entzuten da, eskubitsutik.

        Tertuli oietako aundienean zegon AlTA MIXIOLARIAK uzten ditu izketa lagunak bi aldamenekoei anaikiro bizkarreko bana emanaz, eta arin-arin armaillatan gora igotzen doa. Jendea beira jartzen zaio sinpati bizienez. Prailleak eskuan daramazki brebiarioa ta kuadernu bat. Armaillatan topatzen dun mikrofonu zutikoa ere eskuan artzen du ta estratura eramanaz antxe kokatzen du.

        Beiñola kanpai orkestak ixiltzen dira. Baita jende marmarra ere.

        Mixiolaria, estratutik kuadernu irikiari aiña bider beetik gorako jendetzari bein ta berriz beiratuz, asteko dagon prozezioaren azken detalleak buruzbiltzen ari da. Mikrofonua ao pareratuz arraiki galdezka asten da.

        MIXIOLARIAK: Entzuten al duzute ondo?

        BATZUK: Bai, jauna.

        MIXIOLARIAK: (bere ezkerreko urrutikoei beetik gora so) An goikoek ere bai?

        BATZUK: (urrutian) Poliki. Emendik ere naiko poliki.

        MIXIOLARIAK: (mikrofonua metro bat apartatuz) Orain? Ea orain?

        BATZUK: (urrutian) Berdintsu.

        MIXIOLARIAK: (tertulietako bati) Loidi, itzegiezu aortitxe, ea entzuten duten.

        LOIDIK: Ea ba emendik. Jasotzen? Aditzen, zerbait badare?

        BATZUK: (urrutian) Or nonbait. Tira. Ainbestean.

        MIXIOLARIAK: Ori bear dugu ba. Ez dedilla iñortxo gelditu entzun gabe. Ikusi, berriz, ez daukat galdetu bearrik ondo ikusten duzuten edo ez onako estratua. Aurrez aurre baitakazute danok, (ezkerrera apuntatuz) bai goitik beera zatoztenok, eta orobat (bere eskubiruntz apuntatuz) , prozezioa aurrera doan bezela beetik gora joango zeratenok. Ikusi ezin obeto noski.

        BATEK: Lasai egon ortan. Ez dugu galduko izpirik ere, estratuan esaten edo gertatzen danetik.

        MIXIOLARIAK: Ea ba. Dagoneko, jarri zaitezte bakoitza zeon lekutan. Irugarren kanpai aldia jo du ta, aguro asi bear dugu. Loidik zion, Mixio Santu ontako elizkizun ederrena barkazio sermoia baietz. Orain ikusiko du ezetz. Guruzpide onetxek atera bear du bikaiñena. Jokatuko nioke Loidiri... lepoa. Prailleok ezin ba dirurik joka.

(parreantxak)

        Ta? Obispu jaunaren baimena? Zertan da? Ez al da etorri oraindik?

        LOIDIK: Ezetz aditu dut. Ez omen da aztarrenik oraindik.

        MIXIOLARIAK: (Muker keiñua egin ondoren) Ba, ez daukagu geiago itxoiterik. Gaua gaiñean dugun ezkero, abitu bearra daukagu nai ta ez. Baimenik eza dalata, ez al dugu okerrik izango. Ez didate beintzat kulpatuko, eskatu ez nuanik baimen ori. Ondo garaiz eskatu ere nuan.

(Egontxoa)

        Kantapaperak? Danek bai al dituzute? Irakurtzeko naiko argi gutxi, ez da ala?

        LOIDIK: Ez dugu argi bearrik. Ezta papere bearrik ere. Buruz badakizkigu itzik itz.

        MIXIOLARIAK: Bertsu danak?

        BATEK: Bat baiño bestea obeto.

        BESTEAK: Danak ikasi ditugu ederki.

        BESTEAK: Ez du esango enseiutan saiatu ez geranik.

        BESTEAK: Gogotik ikasi ditugu bertsuak. Alako ederrak izan ere dirata.

        MIXIOLARIAK: Bertsu oiek egin ditunak baiño meritu geiago du balinbaite sentipen santu oiek bizi ditun Erriak.

(MISTER HAMILTON agiri da ezker aldetik,

gizaseme bat lagun.

Fotomakiña dakar sorbaldan zintzil eta linterna eskuan.

Gizaseme laguna aurreratzen da ta Mixiolariari urbilduz:)

        BAT ONEK: Jauna. Jauna. Zaldun dotore bat eldu da errira rorren billa. Aor. Praintzikoa edo... Ez da beintzat Astigarragakoa.

        MIXIOLARIAK: Nongoa ba?

(Mixiolaria jeisten da armaillatan eta

Mr. Hamiltoni urbiltzen zaio kortesiz)

        MR. HAMILTON-EK: Arratsaldeon Jaungoikoak, Aita.

        MIXIOLARIAK: Arratsaldeon deigula danoi, Jauna.

        MR. HAMILTON-EK: Badakit zein zaitudan. Ez duzu presentatu bearrik. Ni, Mister Hamilton nazu, United Press-eko korrespontsala.

(Bostekoa damaie alkarri)

        MIXIOLARIAK: Nondik eta nongoa zaitugu ba, Mister Hamilton?

        MR. HAMILTON-EK: Norteamerikanua, serbitzeko. Yanki utsa lau saietsetatik: jaiotzez, bizitzez, odolez, abizenez...

        MIXIOLARIAK: Norteamerikanua, alajaiña? Yanki utsa zernaitan? Eta orren jator euskeraz itzegiten zatozkit?

        MR. HAMILTON-EK: Orixe bera esaten didate danek: euskeraz poliki egiten omen dut. Baiño, ara, ez da arritzeko. Nere bizitza guzian saiatu izan naiz euskera ikasten eta Euskalerri gauzak ezagutzen.

        MIXIOLARIAK: (zoratzen) Bejondeizula. Beste gabe, adiskide nazu.

(Bostekoa berriro)

        Nai duzuna eskatu.

        MR. HAMILTON-EK: Eskatu? Ain zuzen, eskatzera natorkizu gauzatxo bat. Interbiu bat, labur labur badare.

        MIXIOLARIAK: (Erlojuari beiratuz) Laburra bearko oraingoz. Guruzpidea asteko bait gaude. Zer derizkiozu, elizkizuna bukatuta. bertan, itzaspertu bapo bapo bat?

        MR. HAMILTON-EK: Zer besterik nai dut? Itzaspertu luze luze bat.

        MIXIOLARIAK: (Prestu dagon prozezioko gizaseme bati, norteamerikanuagatik) Imanol, zalduna ez dala Astigarragakoa? Aizarna berta-bertakoa, motel. Euskeraz ari gaituk eta. Jator, alere.

(Jendeak parre)

        Eeeh? Iru akolituak, non dira, oraindik prozezio buruan jarri gabe?

(Irurak txuriz eta erdikoa gurutzez ager bitez gerotxoago)

        (Mr. Hamilton-i) Interbiu bat, zenion. Jakin askuretan jarri nazu oraintxe. Ta... askure onekin ez naiz asiko guruzpidean. Pixkat badare aurreratu bearko didazu zure asmoa.

        MR. HAMILTON-EK: Ara ba. Bi illabete ontan Euskalerrian nabilkizu, batera ta bestera turista antzo, bazterrak eta azalmamiak ezagutzen: parajeak, usarioak, folklorea, ertigintza... Apunterik galanki atera dut. Baita fotografirik ere. Ikusten?

(Mordotik bat edo beste erakusten dizkio)

        MIXIOLARIAK: Poliki. Poliki.

        MR. HAMILTON-EK: United Press-ekoek artikulu errezka bat eskatu bait didate Euskalerriari buruz. Artikulu oiez gaiñera liburu bat ere atera nai nuke gai orretantxe.

        MIXIOLARIAK: A ze mesede dagiguzuken.

        MR. HAMILTON-EK: Ta ara: Euskal Animaren ezaugarri jator jator bat nai nuke. Euskal drama jator jator bat. Opera batzuk aitatu dizkidate. Tituluak ementxe ditut. Bildur naiz, ordea, beren funtsa zearoko autoktonu ote dan; geienetan ez musikaz eta ez testuz.

        MIXIOLARIAK: Ea zeintzuk?

        MR. HAMILTON-EK: (Blok bat irikiz eta bertan irakurriz) Guridi-ren «Amaya»... Usanditzagaren «Mendi-mendiyan»... «Txanton Piperri»... «Mirentxu»...

        MIXIOLARIAK: Ez daude gaizki. Andik edo emendik, oietxek ere Eusko Gogoaren emaitz dira, ta ezaugarri. Ta Eskudero-ren «Illeta»?

        MR. HAMILTON-EK: Baitare, izendatu didate. (Blokean irakurriz) Ara emen. Patxi Eskudero-ren «Illeta».

        MIXIOLARIAK: Nai litzake baietz! Aitatu dizkidazunetan, orixe duzu nere ustez jatorrena, sakonena.

        MR. HAMILTON-EK: Ainbeste? Tristeegia ez al derizkiozu? Euskalerria alaia da gero, sendoa, osasuntsua, optimista.

        MIXIOLARIAK: Sendoa ta osasuntsua baietz nioke. Ez orratio alaia. Ez barrutik beintzat.

        MR. HAMILTON-EK: Nola ez ba? «Un peuple qui chante et dance aux Pyrénées».

        MIXIOLARIAK: Bai, mundu guziak ala uste du. Etnologu ta turistek ala jotzen gaituzte. (Imitatuz) «Un peuple qui chante et dance aux Pyrénées». Baiño ni kontrara nago, ta kontrara aldarrikatuko dut, danek erotzat jotzen banaute ere. Euskal Anima bestelako da! Da edo dago. Ondo bestelako, gaiñera! Ondo larri ta triste.

        MR. HAMILTON-EK: Nola ordea alaia ezetz? Onatx fotografiok: (erakutsiz) Biarritzeko plaiak..., Donosti apaiñeko estropak..., San Martzieleko erromeria..., Zuberoko dantzariak...

        MIXIOLARIAK: Zuberoko dantzariak, aitatzen dizkadazu. Dantzari oien kopla zarrari aditu al diozu zer dion?

        MR. HAMILTON-EK: Zer ba?

        MIXIOLARIAK: «Ortzetan dizut irria eta

                bi begietan nigarra!!».

        Axaletik beiratuz, egia da: parajeak irribarrez daude. Biarritz, Donosti, ondartzak, mendi-ibarrak, fabrika, uri, kaleak... Itxuraz, dana parrez, kezkarik gabe, alai. Baiña, Euskal Anima? Oien danen barrutik, Euskal Anima nigarrez dago. Bakar-bakarrik eta agoni izuan dago, Jesus Jetsemanin antzo: ilnai ta bizinai. Zuk badakizu latiñez: tristis est anima mea usque ad mortem.

        MR. HAMILTON-EK: ¡Very interesting! Ea, ea berriz, berriz ori. (Blokean kopiatuz) «Ortzetan dizut,..

        MIXIOLARIAK: ...irria eta...

        MR. HAMILTON-EK: ...irria eta...

        MIXIOLARIAK: ...bi begietan nigarra.

        MR. HAMILTON-EK: ...bi... begietan... nigarra. ¡Very interesting!

        MIXIOLARIAK: Gizona, fotografiek axala besterik ez dute erakusten. Ta axaletik erri ta nazio danak gera berdintsu; danok or nonbaiteko, gurariz, jolasgogoz... Barrutik, barrutik izan oi gera Erri bakoitza bakoitz!

        Ara nere kontsejua: fotomakiñari lan gutxiago eman bear zenioke.

(Kentzen dio linterna ta au piztuz eta itzaliz)

        Gu ondo ezagutzekotan, geranez ezagutzekotan, linternari, linternari, eman bear zenioke lan geiago, gure barruko illunpeak urratuz zokobarrunak miatu ta jotzeraiño.

        MR. HAMILTON-EK: (Blokean presaka zerbait idatziz) ¡Very interesting!

Garapena: Dijitalidadea SL