Iñaki
Uria

1960 (Zarautz)

Beteluko balnearioko mirakulua

1985, Susa

BETELUKO BALNEARIOKO MIRAKULUA

Lehen agerraldia

 

(Beteluko Balnearioko Sarrera Nagusia. Garai batean haunditsua izan eta orainean gainbehera doan zerbaiten giroa atzematen da. ZUZENDARIA Sarrera Gela Nagusiko Besaulkian etzanik dago Joxeba-Fermin Makarregi eta bere emaztea, maleta, poltsa, teniserako raketa eta salabardoz gainezka -horien artetik kainabera baten punta ere soma daiteke- agertzen direnean Ate Nagusitik barrena. Zarata eginez utziko dituzte tramankuluak. Antzeztokia argiturik)

 

        A1-BATISTA.— Hara! Hemen zaudete, ez esan, ez, badakit, kotxea aberiatu egin zaizue eta oinez etorri behar izan duzue honaino; eskerrak hemengo ikusmira zoragarria dela, paregabea, nahiago baduzue...

        MAKARREGI.— Bai, Beteluko zulo honetan baino panorama hobeagoa zegoen Donostiako hondartzetan aurtengo udan... Hotz egiten du hemen, eta bazter guztiak zikin-zikin daude. Kalefaziorik ba al duzue behintzat?

        KARMENTXU.— Jexux, Fermin! Urduri jarriko duzu gure zuzendari gaxua, ez da ba hain itxusia, gainera, pelukerian esan didate hemengo urak Vichy-koak bezain osasuntsuak direla...

        A1-ZUZENDARIA.— Horixe baietz. Gainera hau ez da lehenago zena, gobernutik etorri zaizkigun diru laguntzei esker hobekuntza asko egin dugu instalaziotan...

        KARMENTXU.— Horrexek bultzatu gaitu hona etortzera.

        A1-BATISTA.-... Ez gara lehen bezain ongi bizi, ez, je, je, lanpara berriak ipini ditugu, piszina urez betetzea lortu dugu... Egia esan, ongi asko badakit jakin zuen garaia askosaz ere latzagoa izan zela...

        MAKARREGI.— Dudarik gabe.

        A1-ZUZENDARIA.— ... dena zegoen eginkizun, telebista, irratia, egunkaria, aldizkariak, batzoki pare bat noiztik behin, probentzi errebeldeak paketzea, teatrua, zinema, mugen arazotxo hura... A! Zenbat arazo, eta zein eskertxarra jaso duzuen.

 

(Joxemari Urrezaletti gigolo ospetsua sartuko da, poeta eta kirolzale arteko konbinaketaz jazten du, okasio guztitarako prest).

 

        A1-BATISTA.— Baina, baina... Joxemari Urrezaletti poeta pamatua! Nolaz jadanik hemen? Ez al zinen ba etzi etortzekoa?

        A2-GIGOLO.— Haizea alde genuen eta espero baino lehenxeago heldu naiz.

        A1-ZUZENDARIA.— Eta, zer moduz? Lortu al duzu ekialdeko inspirazio iturrietan murgiltzea?

        A2-GIGOLO.— Ongi murgildu ere! Eta hemen naukazue inspirazioz blai.

        KARMENTXU.— Oi! Zein interesgarria, eta nondik ibili zara ba?

 

(Hemendik aurrera elkarrizketa bitan banatuko da. Lehenean ZUZENDARIAk eta MAKARREGIk hitzegingo dute; bigarrenean KARMENTXUk eta GIGOLOak).

 

        A1-ZUZENDARIA.— Atsegin nuke mundu guztiak entzungo balu orain esango dudana, zeren eta zuk, Fermin Makarregi Kultur Ministrari ohi horrek merezi duzun baino ohore eta laudorio gutxiago jaso bait duzu...

        A2-GIGOLO.— Txina eta Nepal inguruetaraino iritsi nintzen... Txinan Lin-Ixin Maisu Haundia ezagutu nuen eta berarekin...

        A1-BATISTA.— Zu zaitugu Gaintxurizketako zerri depuradoraren projektua aurrera atera zuena, horrekin batera hainbat poeta lokatzetatik atera eta Parnasoko goi mailaraino eraman duzuna...

        A2-GIGOLO.— ... eta Nepalen berriz, monje budazaleekin harreman estuetan ibili nintzen... Eta beste hainbat lurraldeetan...

        A1-BATISTA.— Eta beste hainbat meritu... Eta zure emazteaz zer esan?

 

(Hemendik aurrera bat egiten dute bi taldetxoek) .

 

        A1-BATISTA.— Hau besterik ez dut kontatuko, zein era miresgarriren bidez ezagutu zenuten elkar. Karmentxu Ezpainzabaleta Euskadiko Miss izendatu zuten urtean han bait zinen zu epai-mahai buru gisa, eta ez zenuen bista txarra izan, ez....

        KARMENTXU.— Oi! Eskerrik asko eta aunitz, baina orduan genduenaren laurdena bagenu gaur egun...

        A2-GIGOLO.— Hementxe bertan txunditurik galduko nuke konortea. Eder askoa zaude ehuneko hamarra besterik ez duzularik kontserban.

        KARMENTXU.— Oiii! Txoruaaa! Ze gazte finaa!

        A2-GIGOLO.— Egia da, besterik ez...

        KARMENTXU.— Ze izango da egia...

        A2-GIGOLO.— Baietz ba...

        MAKARREGI.— Aatxis!

        KARMENTXU.— Hoztu al zara, Fermin? Zahartuta zaudela eta zaintzea hobe duzu...

 

(ZUZENDARIA kontserjerira zuzenduko da, eta instant batean Prudentzio kontserjea izango dugu begien bistan).

 

        A1-PRUDENTZIO.— (Joxeba-Fermin MAKARREGIgana zuzenduz) Oker ez banago zu zaitugu Joxemari Urrezaletti poeta pamatua... Eta zuek Fermin Makarregi Kultur Ministrari-ohia eta bere emazte Karmentxu, Ezpainzabaleta ezkongai izenez... (GIGOLOari eta KARMENTXUri).

        MAKARREGI.— Ez, ez! Ni, ni naiz Kultur Ministraria!!

        KARMENTXU.— Kultur Ministrari-ohia Fermin, ohia...

        MAKARREGI.— Eta hau nire emaztea, zatoz hona (KARMENTXU GIGOLOaren besotatik erauziko du beraganatuz).

        A1-PRUDENTZIO.— Barkatu, ene bada, a ze traguak pasa behar dituen hemen batek, lanbide zaila da hau benetan, ez digute ezer abisatzen, eta horrela gertatzen dira gertatzen direnak... Behin batean Sofia Loren eta Marilyn Monroe konfunditu nituen, eta beste behin berriz...

        A2-GIGOLO.— Pentsatzen dut bidaia luzea izan duzuela Vitoria-Gasteiztik hona eta nekatuta egongo zaretela...

        A1-PRUDENTZIO.— Barkatu, barkatu... Ea bada, esaidazue ohe batekoa ala bikoa nahi duzuen eta segituan joan zaitezkete zuen geletara deskansatzera. Makarregi senar-emazteak bikoan ala batekoan?

 

(Makarregi jaunak begirada sutsuz begiratzen du kontserjea).

 

        A1-PRUDENTZIO.— Noski, noski, bikoan, ezta?

 

(MAKARREGIk begirada are sutsuagoa).

 

        A1-PRUDENTZIO.— Nola ez ba! Batekoan, ai ama, ai ama... Ba, bi-zero-zazpi da zuen gela; eta zurea, Urrezaletti jauna... bi-zero-bederatzi.

        KARMENTXU.— Oi! Zein zirraragarria, auzokide izango gara. Ba ez litzateke ideia txarra izango promenadatxoren bat egitea balnearioko pasealeku goxoetan barrena zuk eta biok, Ferminek lo egin nahi izango du eta...

 

(Badoaz KARMENTXU eta Joxemari Batistak maletak eta trasteak jasotzen dituelarik).

 

        A1-BATISTA.— Hemendik Makarregi jauna, hemendik...

 

-ILUNA-

Bigarren agerraldia

(Balnearioko zoko baketsua. Bazter batean horrelakoetan egon ohi den eserlekua. Hurbil dagoen tenis-zelaitik jokaldi baten hasperen, oihu eta esfortzuak aditzen dira. Zerbitzari batek lorategia apaintzen du. Ilunabarra erortzear, kilkerrak hasi dira kantan, errekasto garden baten urrotsa, uda balitz ilargi betea han goian; elkarrizketa erraz, misteriatsu eta ia gaiztorako ingrediente guztiak. KARMENTXU eta GIGOLOA sartzen dira eskubikaldetik, jokaldiko izerdia haragian dirdir).

 

        KARMENTXU.— Eta zer iruditzen zaizu nire sudurra?

        A2-GIGOLO.— Ikusi ditudan sudurren artetik... nola esan? ederrena!

        KARMENTXU.— Benetan lan ederra egin zidan zirujanoak...

        A2-GIGOLO.— Ez zeukan ba gai txarra lan ona burutzeko...

        KARMENTXU.— Eta ez zidan sudurra bakarrik «ikuitu»...

        A2-GIGOLO.— A ez? Zer gehiago ikuitu zizun ba?

        KARMENTXU.— Txoruaa! Hori ez da galdetzen, ez al zara zu poeta? Irudika ezazu bada.

 

(Eserlekuan jartzen dira, hasieran aldendu xamar, gero eta hurbilago, bion arnasak nahasteko moduko distantzian jarri arte; hala ere, hizketarako gai aproposa ezin aurkitu, isilik daude biak. Balneario aldetik bibolin baten melodia).

 

        A2-GIGOLO.— Kotxearekin arazorik izan duzuela esan dit Zuzendariak.

        KARMENTXU.— Bai! Senarra baino zaharragoa dut automobila, hortxe utzi dugu bide bazterrean, orain Fermin balnearioan bezala...

        A2-GIGOLO.— Eta zer duzue, automobil haundia edo?

        KARMENTXU.— Bai zera! Rolsroize koxkor bat besterik ez. Ze ba, mekaniko ere al zara?

        A2-GIGOLO.— Zeozer entenditzen dut horretaz ere... Nik eskua sartzen dudan tokian, dena konpontzen da.

        KARMENTXU.— Txoruaa!

        A2-GIGOLO.— Automobil ederra daukazue beraz...

        KARMENTXU.— Akats bakarra dauka...

        A2-GIGOLO.— Ze, txoferra?

        KARMENTXU.— Zera, matrikula prantzesa duela.

        A2-GIGOLO.— Nolaz ba hori?

        KARMENTXU.— Ba, Joxeban aita exiliuan zegoela, badakizu iparramerikarrekin ze tratu ziren, haren zerbitzu onak zirela eta opari egin zioten, eta Joxebak ez du aitaren kotxea txatarrerora eraman nahi. Makina bat atsekabe ekartzen digu, ez dugu atarramendurik ateratzen automobil horrekin, erruberak zulatzen dizkiotela, erre nahi digutela, badakizu ze saltsa ibiltzen den bazter horietan... Eta zuk ze automobil klase duzu?

        A2-GIGOLO.— Lanroberra!!

        KARMENTXU.— Bidaia politak egingo dituzu horrekin, Afrika dela, Asia dela, Errenterian barrena, desertu eta oihanak korrituz; joango nintzateke gustora zurekin... safari batera edo, oasi batera-edo...

        A2-GIGOLO.— Gonbidatzen zaitut! Ene hurrengo bidaian zu izango zaitut kopiloto eta erregin.

        KARMENTXU.— Dohakabea ni! Dohakabea!

 

(Joxemariren sorbaldan jartzen du negarzotinek itotzen duten bitartean. Une honetan zerbitzari bat agertu da, baina halako eszena hunkigarri baten aurrean, alde batean geratzea erabakitzean du, zuhaitz baten atzean, kuxkux).

 

        A2-GIGOLO.— Zer duzu ba Makarregi anderea?

 

(Are kontsolagabekiago egiten du negar KARMENTXUk).

        KARMENTXU.— Makarregi anderea! Ma-ka-rre-gi anderea, buaa, dei nazazu Karmentxu, mesedez.

        A2-GIGOLO.— Ondo da, zer duzu ba Karmentxu, polittorrek?

        KARMENTXU.— Ezin izango dudala zurekin joan bidaia liluragarri horretara. Zer egingo dut senarrarekin!!??

        A2-GIGOLO.— Lasaitu zaitez panpoxa neuria, asmatuko dugu zerbait. Bitartean, zuk hala nahi izanez gero, kontatuko dizut nola izango den bidaia hori, askotan idurikatzeak bidaiatzeak bezainbeste balio du eta.

        KARMENTXU.— (Ume baten moduan) Bai, bai.

        A2-GIGOLO.— Lehenengo egunean lehoi bat agertuko zaigu bide erdian, ba al dakizu zer egingo dudan?

        KARMENTXU.— Zeer?

        A2-GIGOLO.— Hamabi haundiko eskopeta hartu eta di-da! jo eta akabatu.

        KARMENTXU.— O! nire poeta ausarta!

        A2-GIGOLO.— Bigarren egunean, sugegorri bat sartuko da zure lozakuan, eta ba al dakizu zer egingo dudan?

        KARMENTXU.— Baai!, eskua sartuko duzu nire lozakuan eta sugea hilko.

        A2-GIGOLO.— Eez! Nire besoetan hartu eta nire lozakura eramango zaitut.

        KARMENTXU.— Aaaa!... Baina... buaaa, eta zer egingo dut nire senarrarekin?

        A2-GIGOLO.— Sugegorria dagoeneko lozakuan sartuko dugu!

        KARMENTXU.— Txoruaa! Ze gaiztoa zaren! Baina hori ezinezkoa da, nik benetan galdetzen dizut: zer egin dezaket nire senarrarekin?

        A2-GIGOLO.— Zer egin dezakezu zure senarrarekin?

 

(Biei ideia berbera bururatu balitzaie bezala begiratzen dute elkar).

 

        A2-GIGOLO eta KARMENTXU.— Zer egin dezakegu gure senarrarekin?

 

(Bururatu zaienak arazoa konpontzen duenez, eta uneak ere hala eskatzen duenez, musu batean urtzekotan daude KARMENTXU eta GIGOLQA. Zerbitzaria gordelekutik aterako da) .

 

        A1-ZERBITZARIA.— Ejem! ejem! Hona natorkizue berri bat ematera, dagoeneko afaria prest daukazuela jangela nagusian, eta zuen geletara igo zaitezketela erropak aldatzearren, hori bada zuen gustoa etor zaitezkete nirekin, hemendik mesedez, hemendik.

 

(Eszenatokia iluntzen doalarik foko batek KARMENTXUren eskubiko eskua eta GIGOLOAren ezkerrekoa ongi loturik erakuts dezake).

 

-ILUNA-

 

Garapena: Dijitalidadea SL