Imanol
Murua Uria

1966 (Zarautz)

Egile honen
beste liburuak

KRONIKA

Palestina zauritua

1998, Susa

BIOGRAFIA

Geronimo

1999, Elkar

Suetena Belfasten

1996, Susa

Eta turista despistatuaren ironiaz hornitu dute kontaera. Umorea dario liburuari hasieratik amaierara, eta umore fin horrek pasarte guztiak ukitzen ditu, baita dramatikoenak ere. Ondorioa, hemendik edo handik har daitekeen liburua da: pasarte politikoak (unionistei buruzkoak bereziki interesgarriak), gizarte bizitzaren kontuekin nahasten dira, eta batak bezain interesgarriak dira besteak.

Luis Fernandez (Euskaldunon Egunkaria, 1996-06-29)

John hume tabernan

 

        Ordu erdi itxaron behar izan dut, idazkariak jesartzeko eta «berehala etorriko da Hume jauna» eztiki esan didanetik SDLP alderdi sozial demokratako buruzagi historikoak bostekoa luzatu eta «kaixo Humberto, barka iezadazu, baina goiz neketsua da gaurkoa» esan arte. Nik, trukean, «ez zaitez kezkatu, konturatzen naiz» erantzun diot, barruak jaten baina diplomaziaz.

        Ipar Irlandako bigarren alderdi nagusiaren egoitza izateko ez du itxura ederra etxeak. Ez diot egoera tristean dagoenik edo desitxurosoa denik, baina Euskal Herrian alderdi honen parekoa den EAJren Bilboko Sabin Etxeko diseinu futuristarekin eta igogailu galaktikoekin alderatuz gero, erdi aroko etxola baten antza izan lezake SDLPko egoitzak.

        Itxaronaldia lasai hartzeko eta ez gogaitzeko, gelako altzariak eta paretetan eskegita dauden paperezko oharrak eta afitxak ikusmiratzeari ekin diot. Tarteka, idazkariari —Jackie deitzen dela jakin dut, norbaitek hala deitu baitio— begiratu bat baino gehiago bota diot eta konturatu naiz batzuetan bion begiradak kateatu egin direla. Baina korapiloa estutu aurretik aldendu ditut begiak eta, han, pareta horiztatuan eskegita dagoen gizonezko irrifartsu batengan pausatu ditut. Afitxa hauteskunde kanpainetan agertzen diren horietakoa da, baina bertan agertzen dena ez da John Hume, Gerry Fitt baizik, alderdi sozial demokrataren sortzaile eta aitzindaria.

        John Hume sortzaileen taldekoa izan arren, ez zuen 1979 arte SDLPko lidergoa eskuratu. 1968an protestante eta katolikoen arteko enfrentamenduak hasi zirenetik komunitate nazionalistaren diskriminazioaren aurkako martxa eta mobilizazio ekintza baketsuetan parte hartu izanagatik egin zen ezaguna Hume. Behin Stormonteko erregio-legebiltzarrean «We shall overcome» (Geurea da garaipena) kantuka hasi ziren bera eta beste zazpi lagun. Biltzarra 30 minutuz eten zen eta Poliziak arrastaka atera zituen Hume eta salaketa-kideak.

        Jackie eta nire begiak berriro ere lotuta daudelarik harrapatu gaitu John Humek. Gorbataren korapiloa nasaituta eta alde batera utzita, arnas estuka eta aurpegi zurbila ekarri du, atzeratuta datorrenaren kezkaz. Elkarrizketa kanpoan, «ezagutzen dudan leku egoki batean» egitea iradoki du Westminster parlamentu britainiarreko eta Europako legebiltzarreko kideak.

        Kaleratu eta Bayview Terrace etorbidea alde batetik bestera inguratzen duen RUCeko gotorlekuaren adreiluzko horma gorriskak, alanbradak eta kamera zelatariak ageri dira gure aurrean. Eta zuriz idatzitako letra batzuk: «Free Derry».

        —Bake prozesuan gaudelako ez dute pintada hori garbitu, bestela...

        Hauxe besterik ez dit esan John Humek bulegotik irten eta «leku egokira» iritsi garen arte. Kazetariaren eta politikariaren arteko ohiko protokoloari muzin egin dio.

        —Hortxe da. Zerbait har genezake hitz egiten dugun bitartean —eta Asylum Road-eko errepideaz bestalde dagoen pub bat seinalatu du hatzez—. Unetxo bat mesedez, tabakoa erosi behar dut.

        Ultramarino antzeko dendatxo baten sartu-irtena egin du Ipar Irlandako lehen alderdi nazionalistako buruzagiak, korbata okertuta oraindik eta jaka sorbalda gainean. Eskuartean Benson & Hedges zigarro paketea ekarri du.

        —Kaixo John —Kealy's Pub-eko tabernari gazteak—. Non jarriko zarete? Zer hartuko duzue? Betikoa?

        —Ez. Kafea, mesedez.

        Orain arteko jarrera lehorretik irribarrera, eta irribarretik sarkasmoaren algarara jauzi egin du:

        —Sentitzen dut itxaronarazteagatik, baina bake prozesua piztu zenetik pistolak lanik gabe geratu dira eta berba egin behar dugunok lana soberan daukagu. Ez dakit nola amaituko dudan hau luzatzen bada! Asteburuan egun pare bat libre hartu beharko dut senitartekoekin Donegal-era joateko.

        Ipar Irlandako nazionalisten konderri maitatuena da Donegal. Hego Irlandako Errepublikan dago, baina irla osoko parte iparraldekoena da. John Hume ere haraxe joaten da lanak uzten dionean edo atsedenaren bila dabilenean: Greencastle-ko bungalowera, itsasertzera, Foyle errekak eta Atlantiko itsasoak. bat egiten duten badiara. Badiaz bestaldean McGilligan presondegiko argiak ņir-ņirka hasten dira ilunabarrarekin batera. Ez dira hogei urte izango kartzela hartan soldadu britainiarrek Humeren soina pinturaz blai laga zutela. Martxa baketsuaren antolatzaileetakoa zen Hume gaztea.

        Aurrean dudan gizonari, hala ere, ez diot inoiz bihurria izandako arrastorik nabari. Tripa biribila, masail beteak betaurrekoen azpian, gerri zabalak. Behi baten moduan, patxadaz mugitzen da bake prozesuaren arkitekto nagusitzat daukaten Derryko laguna. Gerry Adams, Albert Reynolds Irlandako Errepublikako lehen ministro ohia eta John Major-ekin batera, bake prozesuko habea baita John Hume. Ez dirudi horrek puztu egin duenik. Apal eta umil portatzen da uneoro. Areago, herabe traza hartu diot nire nykonaren begiztailutik, artegatsu eta begiak nora zuzendu jakin ezean, azken mende laurdenean telebista eta argazki kameren argi eta flashen tximistetara ohitu izan ez balitz bezala.

        SDLP alderdia jaun eta jabe da Derryn. Betidanik nazionalisten gunea izan den arren, errepublikarrek ez dute gauza handirik lortzen McGuinnessen hirian: azken hauteskundeetan 17 zinegotzi lortu ditu Humeren. alderdiak, Sinn Feinek 5 besterik ez. Arrazoi nagusi bat badu horrek: John Hume. Bogside eta Creega auzuneetan izugarrizko karisma dauka itxuraz izotza baino jelatu eta lehorragoa den gizon honek. Foyle errekaren ekialdean daude auzune katolikoak eta bertan bizi dira Derryko 75.000 katolikoetatik gehienak. Craigavon zubiaz bestaldean, 30.000 lagun bizi dira, unionistak.

        —Ipar Irlandak gure jende eta populazioaren arteko ezberdintasunak errespetatzen dituen erakundeak eduki beharko lituzke. Hegoaldeak eta Iparraldeak erakunde komunak izan behar dituzte. Gure alderdiaren arabera, Europako eredua balekoa da hemengo arazoari aurre egiteko. Gatazka nazionalak dauden herri edo guneek aintzat hartu beharko lukete eredu hau, baita Euskal Herriak ere. Inor ez litzateke sekula ezberdintasunagatik mehatxatuta sentitu behar. Jendeak du benetako garrantzia, ez lurraldeak. Craigavon bezalako zubiak akordioaren bitartez soilik desegin ahal izango dira Irlandan. Euskal Herriak ere hortik ikasi behar luke.

        —Euskadi ezagutzen duzu?

        —Ez asko. Donostian pare bat bider izan naiz egun batzutarako. Ederra benetan. Arrain ona mahai gainean... Arrain zale amorratua naiz. Herri honetan arrain gutxi jaten dugu tamalez.

        —Autodeterminazioa al da irtenbidea?

        —Bai Euskal Herrian baita Irlandan ere. Jendea da banatuta dagoena, ez lurraldea. Batetik mentalitate unionista dutenak, nazionalistak bestetik. Unionistak gutxiengoa dira Irlandan, baina nagusi Ipar Irlandan. Eta horregatik segitzen dute hemen, beren burua, nortasuna eta egungo botereari eutsi nahi diotelako. Egoera hori mantentzen den bitartean diskriminazioa jasango du komunitate nazionalistak.

        —Zelan gaindi daiteke egoera hori?

        —Elkarrizketaren bitartez. Unionistek elkarrizketa mahaian eseri beharko lukete euren ondarea eta nortasuna babesteko akordioa adostu ahal izateko. Behin akordioa lortuz gero, autodeterminazio erreferenduma deitu beharko litzateke. Bi erreferendum: biak egun berean, bata iparraldean, bestea hegoaldean.

        —John, luzerako ala? —tabernaren beste muturrean platerez gainezka dagoen mahaitik etorri da ahotsa; Humeren lagunak dira.

        —Ez, finito, amaitu dugu.

        Humeren lagunek utzitako lekutxoan jesarri da nola edo hala.

        —Hasteko zopa eta ondoren... arraina, amuarraina.

        —Eta edateko, John?

        —Betikoa, guinnessa.

Garapena: Dijitalidadea SL