Xabier
Etxeberria

1974 (Zarautz)

Egile honen
beste liburuak

NOBELA

Egun denak ez dira berdin

2001, Elkar

Ez dadila eguzkia sartu

2006, Elkar

Arrain abisalak

2009, Elkar

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Airean ere negu usaina nabari da

2000, Erein

Pako Fakirra eta Zokomokordo

2006, Elkar

Nik dauzkat aitonaren hortzak

2008, Elkar

Itxoidazu Café de Passy-n

2004, Elkar

«Itxoidazu Cafe de Passy-n» gutitik gehiagora doa. Eta interesgarritasuna handituz bezala, are nabarmenagoa da haren freskotasuna, are eskergarriagoa hango eta hemengo pasarteak zipriztintzen dituen umore ukitua eta are atseginagoa etxeberriatarren hizkera gazia.

Aingeru Epaltza (Nabarra, 2005-06)

Zarautz-Irun. 2002ko abuztuak 16

 

        —Kaben Judas, Davidoffak ahaztu zaizkidak!

        Xk Mi begiratu dio zeharka, baina kasu handirik egin gabe. Kamioi bat aurreratzen ari dira eta Peugeot 205 zaharra dardaraka jarri da. Bolantea baretu nahian dabil X.

        —Zer?

        —Puruak. Kabenlaputa! Banekian. Azken unerako utzi ditiat, atera aurretik erosteko asmotan, eta kaka zaharra!

        —Hum.

        Eskuineko karrilera pasa eta aurrera jarraitu dute. Berehala, autopistako gasolindegia eta Aritzetako restopa pasa dituzte. Autoaren aurrealdeko leihatilak beheraino jaitsita dituzte, kanpoko haize beroak izerdia lehortuko dien itxaropen inozoan.

        —Hi, Xabi, Irunera iristen garenean unetxo batean geratzen bagaituk?

        —Irunen? Zertarako? Ordu erdia egin eta ez gaituk geratuko, Mart. Paueraino ez al genian ba zuzen joan behar?

        —Bai, ostia, baina minututxo bat baino ez duk izango, purutxoak erosteko. Ti-tau, sartu eta atera.

        Mek Zarauztik irteterako autoko guanteran jaso dituen bideko mapak atera ditu atzera, bere anaiari begiratu gabe. Michelineko azal gorriduna eta Internetetik jaitsitako orri mordoak. Oraindik beharrik ez duten arren, esku artean maspiltzen ditu Paue, Toulouse eta Parisko kaleak. Ez du Xren mutur okerra ikusteko gogorik.

        —Jode, Mart! Horrela hasi behar al diagu bidaia?

        —Zer?

        M oraindik Toulouse erdian galdua dago itxuraz eta ez du bururik altxa. Place du Capitole.

        —Ez al huen utzi erretzearen portzulokeria hori?

        —Portzulokeria... —ezinbestean irribarre egin du—. Ona, hi, ona.

        —Mart!

        —Zer?

        —Ez al huen utzi?

        Xren erretxina laster erretzen hasteko arriskua dagoela nabaritu du Mek eta anaia sutan jarri aurretik, badaezpada ere, burua altxatzea erabaki du.

        —Bai. Utzi nian.

        —Eta? Orduan?

        —Orduan zer?

        Hasperen bat itzuri zaio Mi eta berehala irribarre oker batez konpontzen saiatu da. Mapak guanteran utzi ditu atzera.

        —Ba hori, utzi egin nuela. Bakarrik, badakik, Malenek horrekin izugarrizko kaka ematen zidalako utzi nian batez ere. Hik baino gehiago. Beti horrekin bueltaka zegoan. Beti. Erretzen nuenean ez zidaan muxurik ematen. Erdi ezkutuan ibili behar izaten nian, hamabi urteko umeak bezala. Eta hori, ba azkenean, beregatik utzi nian. Gertatzen dena... badakik —beste irribarre behartu bat egin du Mek, oraingoan garaiz, hasperen berri bat itotzeko—, gero Malenek ni utzi ninduela... eta orduan ba, horixe.

        Mek eskuak airean dantzatu ditu, tximeleta ergelak bailiran, esan nahi ez dituen edo esan ezin dituen hitzen hutsa betetzeko ahaleginean.

        Xk zeharka begiratu dio, baina bere pena aurpegia gehiegi ez nabaritzeko kontu eginez. Zazpi urte Malenekin, eta ia bi elkarrekin bizitzen. Eta hiru hilabete baino ez moztu zutela. Ostia handiegia hartu du Mek, handiegia, bai, pentsatu du Xk, orain bera zauri gainera errukia botatzen hasteko.

        —Ahaztu ezak, Mart. Ez dik merezi.

        Bere aurpegi luzexka gehiago luzatu duen keinu bat egin du Mek ahoarekin. Eskua atera du leihatilatik. Donostia atzean uzten ari dira.

        —Bai, bai. Lasai, hi. Ahaztua zegok.

        Azken esaldia serioegi bota du Mek ordea eta bere gezurrari egi azala estutxo geratzen zaiola iruditu zaio Xri. Sufritzen dagoela jakingo ez balu bezala. Bere anaia da, anaia bikia gainera, eta hogeita sei urte pasa zituzten etxe berean Malenekin bizitzera joan aurretik. Orain elkarrekin daude berriz. Zaila da Mek Xri bere gezurrak sinetsaraztea.

        Emadak pa hemen, bro, emadak pa, esanez bezala begiratu dio berriz bere anaiari isilean, haren aurpegian ijito zaharrek esku ahurrean bezala irakurtzen saiatuz.

        Begi handi marroi berdinak. Ile motz eta patilla luze berdinak. Kokots irten berdina. Orezta berdinak antzeko masailak zikintzen. Betexeagoak, beharbada, Xren masailak. Luzeagoa, beharbada, Men aurpegia. Luzeegia azken aldian, gauza onerako.

        —Badakik —eten du Mek—, badakik zer gertatzen zaidan?

        —Ez. Zer?

        Mek ezpain azpiko bere bixar izpiari tira egin dio. Haiek ere, bizar izenik merezi ez duten ile gorrizta zikin batzuk haino ez balira, bien artean bereizteko balioko luketela pentsatu du Xk.

        —Atzo entzun nian irratian. Atzo edo, ez zekiat. Norbaiten zita bat zuan. Niretzako egina ematen zian.

        Begiak erdi itxita ditu Mek. Oroitu nahian. Hitzak, banaka-banaka datozkiola dirudi.

        —«Lehen, maitasunez hilko nintzela uste nuen. Baina gero, maitasuna, hil egin zen. Eta nik, ustekabean, bizirik jarraitu nuen.»

        Tunel labur bat pasa dute. Xk argiak piztu ditu eta, berehala, itzali egin ditu berriz. Argiaren keinu horregatik balitz bezala, berriz hizketari heltzea zaila egin zaie biei.

        —Ona, poeta, oso ona.

        —Bai, ona duk.

        —Bai...

        Hitzaren hotsa hiltzen utzi du Xk. Gero, arnas trago bat hartu du kolpean. Kandela luze giro hori eten beharra dago.

        —Ez duk hirea, ezta?

        —Ez, esan diat, irratian entzun nian. Ez zekiat norena den.

        —Bai, iruditzen zitzaidaan, onegia zuan hirea izateko.

        Mek irribarre egin du. Xk poker aurpegiari eutsi dio. Zer ote da kabroia izatea. Laster beste tunel bat dator.

        —Jode, Xabi, barkatu. Baina badakik, denak ezin gaituk hi bezala nobela idazle arrakastatsuak izan. Ni poesia idazle xume bat besterik ez nauk, badakik.

        —Poesia idazle xumea... poeta ere ez gainera? Motel! Dagoeneko hogeita zortzi urte handi eta oraindik ume jolas horiekin?

        —Bai ba, bai ba... ikusten? Horregatik zuan horren garrantzitsua hik nirekin bidaia hau egitea. Azkenean ere bide onetik hartu eta nobela bat idazten hasteko.

        —Bai. Hori duk. Mesede gogorra duk, egia esan, baina beno. Nirekin batera idatziz ikasiko duk benetako literatura zer den, hi lasai. Hik ondo ireki begiak, hori besterik ez.

Xren ironia azkenerako koskabiloetan kilimak egiten hasi zaiola sumatu du Mek.

        —Begiak ondo ireki... kabroi hori! Argumentu guztia nik eman nian eta, alu puska. Kristoren istorioa, dena egina esateko, eta Toulousen eta Parisen nire lagunen etxean parranda egiteko aukera. Eta hik gainera etorri nahi ez.

        Ezta oraindik ere, pentsatu du Xk, baina ez du esan. Irungo ordaintokia gertu dute.

        —Zer? Harroxko jarri behar al duk orain gainera? Ni hemen nire oporrak gizarte ekintza batean alferrik galtzen eta hi horrela zipoka, nire lagunak eta ez dakit zer? Esker txarreko hon...

        —Gizarte ekintza? Hi, potro, nobela hau neu bakarrik idazteko gai nauk, e? Ni nauk hemen hiri mesedea egiten ari dena.

        —Beno, beno... —abiada mantsotzen hasi da X ordainketa kutxetara hurbiltzeko—. Altxa dezala eskua nobela bat idatzi duenak! Tira, beldurrik gabe!

        Pare bat auto daude ilaran beraien aurretik eta geldirik daude beraz orain. Xk bi eskuak goian ditu, irribarre nazkagarri batez Mi begiratzen dion bitartean. Dios, hori duk barrabilak ukitu beharra.

        —Putakumea haiz gero.

        Barre egin du Xk, lehen baino nazkagarriago.

        —Hori duk —eskuak jaitsi ditu—. Eta orain, txintxo-txintxo, atera ezak hau ordaintzeko dirua. Autoa nik jartzen diat eta, putretzarra.

        Zozoak beleari, erantzutekotan egon da M. Baina, egia esan, oraingoan Mek berak anaiak baino zozo tankera handiagoa duela iritzi dio azkenean. Eskua patrikan sartu du ezer gaineratu gabe. Irribarretsu dago X bere alboan. Bat-batean, patrikan duen dirua, atera aurretik bidaiarako biek jarri duten botea dela oroitu da ordea. Mek ere irribarre egin du. Gizajo puta.

Garapena: Dijitalidadea SL