Aitziber
Etxeberria

1973 (Zarautz)

Egile honen
beste liburuak

NOBELA

Tango urdina

2004, Erein

31 baioneta

2007, Erein

Nobela entretenigarria da; arazo handirik sortzen ez duen horietakoa. Ezagunak diren kontuen artean ezezagunak zaizkigunak tartekatzeak irudimena lerroz lerro eramaten du, gehiegi desbideratu gabe, hegan jarri gabe. Grazia du testuak, arintasuna dario; eta, jeneroko eleberria denez, misterioa argitzea da testuaren helburua, baina ez bat-batean, poliki-poliki baizik, suspenseari ahalik eta luzeen eutsiz. Amaiera arte ez du irakurleak jakingo zer dagoen ezkutatuta, baina amaiera baino lehenago argituz joango dira zenbait sekretu, pertsonaiekin zerikusia dutenak.

Felipe Juaristi (El Diario Vasco, 2007-06-08)

        Ganbarako leihatila txikia ireki eta oin puntetan jarriaz ortzi mugara begiratu du Beatrizek. Ez du ezer ikusten. Atzera jiratu eta horretarako prestaturik izaten duten aulkitxoa hartu du. Orain bai, orain bere aurrean ikus dezake Donostiako hiri gotortua; urruti samar geratzen bada ere, parez pare ageri da Urgulleko mendiaren gainaldean dagoen Mota gaztelua. Bere oinetara, oraindik ere erdi lo dagoen harresiz inguraturiko hiria eta itsasoa ere ikus ditzake, baina, zoritxarrez, hara eta hona begiratu arren, zorrotz begiratu ere, beraien baserritik Donostiara doan bidezidorrean, ez dago Grazianaren arrastorik. Hasperen egin du. Izan duten liskarraren ondoren eta bere alabaren jenio bizia ezagutuz, honezkero etxetik oso urruti egongo dela otu zaio Beatrizi. Zergatik izango ote da hain burugogorra bere alaba?

        Erantzunik gabeko galdera dela argi dakienez, hoberena eguneroko lanekin hastea izango dela erabaki du. Izan ere, udara gainean denez, nahiko lan badauka etxe barruan nahiz kanpoan. Bere ama zenaren hitzak etorri zaizkio burura, maiatzaren erdia hotzak hilik eta beste erdia beroak erreta. Beraz, ez dago galtzeko astirik, barruko lanak bukatu bezain pronto baratzeko lanei ekingo die buru-belarri. Hala ere, salto arin batez bere talaia txikia utzi baino lehen, azken begiratu bat bota du, bihotzaren erdian baititu oraindik alaba eta biak izandako hitz gordinak eta ez baitu batere gustuko sentitzen duen atsekabea. Sikiera leihotik Graziana ikusiko balu lasaiago geratuko litzateke, baina ez, ez du horrelako zorterik izan. Ikusi duen azken gauza, Pasaiako portutik irten ostean, itsasoan jada erdi galdurik dagoen belaontzi handi baten ubera eta masta nahiz oihalak izan dira.

        Beatrizek aitaren egin du ontzia ikustearekin batera, gudaren errealitate garratza baitakarkio burura eta azken urteetan gudaz nahiko asebeterik dagoela pentsatu du. Izan ere, 1793ko Konbentzio Gerrarik hona ez du bizimodu erraza izan eta, zoritxarrez, etorkizunerako ere, itxaropen handirik ez du. Guda kontuez asko ulertzen ez duen arren, ez dago oso argia izan beharrik egoera gero eta larriagoa dela ikusteko. Espainia Independentzia Gerran murgildurik dago, Jose Bonaparte Madrildik eta Espainiatik bota nahian. Eta hemen ere, egoera ez da batere samurra. Egunetik egunera soldadu frantsesen presentzia areagotu baino ez da egiten, eta horrekin batera, fusil eta kanoien kopurua ere gorantz doa. Nabaria da frantsesak gero eta urduriago daudela, ingeles eta espainolek gogor ekin baitiote frantsesak Espainiatik botatzeari. Eta euskaldunak, berriz, hortxe, beti bezala, saltsaren erdian. Ez dira ez garai errazak!

 

        Pentsamendu ilun hauek burutik kendu eta, aulkia bere lekuan jartzearekin batera, lanean hasi da Beatriz. Lehenik eta behin, ganbaran lehortzen dituzten barazkiei begiratu die. Hantxe dituzte babak, tipulak eta baita sagarrak ere. Pixka bat mugitu eta ikusten duenarekin lasai geratu denez, beherako bidea hartu du Beatrizek. Eskailera estu batek lotzen ditu bi solairuak. Goian ganbara eta Graziana nahiz Beatrizen gelak daude, eta behean, berriz, sukaldea, ukuilua eta sarrera. Ez da oso baserri handia, baina Beatriz gustura bizi da han. Jada baditu ia berrogei urte eta, lehen bezain arin sentitzen ez bada ere, oraindik ere etxeko martxa bakarrik eramateko batere arazorik ez du. Beti gustatu izan zaio baserria eta baserriko lana, eta, hiritik gertu bizi arren, ez litzateke inoiz han biziko. Ez du ulertzen zer plazer aurkitzen dioten bata bestearen gainean hiri gotortu batean bizitzeari!

        Pentsamendu horrek ere halako min ziztada bat eman dio Beatrizi, horretan bere alaba eta biak erabat elkarren aurka daudela badakielako. Grazianak berehala alde egingo luke hirira, baserria alde batera utzita. Hasperen sakon bat egin du. Kanpotik hain antzekoak izan arren, barrutik gaua eta eguna direla argi dago. Biak dira txikiak, beltzaranak, Grazianak Beatrizek baino ile harroagoa du eta txirikorda luze batean orrazturik izaten du. Beatrizek, berriz, emakume ezkondu gehienek bezala, ilea motots batean bildurik eta buruko zapiaz estalirik eramaten du beti. Aurpegi polita du oraindik, nahiz eta jada urteen zama zimur txikietan nabaritu. Kanpotik hain antzekoak izan arren, Beatrizek badaki Grazianaren barruan bere senarra zenaren izpiritua bizi dela. Eta horrek beldurra ematen dio, ez baitu hark bezala bukatzerik nahi. Horregatik hartzen du hain estu bere alaba.

 

        Eskailerak jaitsi eta sukalderako bidea hartu du lehendabizi Beatrizek. Hara sartu baino lehen iritziz aldatu du, ordea. Kanpora joango da. Oraindik ere barrua asaldaturik duela sentitzen du eta horrela ezin liteke bazkari goxorik prestatu. Beraz, kanpoko haizea hartu eta baratzean egin beharreko lanak begiratuko ditu, gerorako dena antolaturik izateak azken unean zer egin pentsatzen denbora galtzen ibiltzea aurreztuko baitio.

        Begira bakarrik egoten ez dakien emakumea denez, mantala barazkiz gainezka duela itzuli da Beatriz. Kanpoan uste baino denhora gehiago eman badu ere, probetxuzko tartea izan da, inondik ere. Askoz ere lasaiago egoteaz gain, bazkari eder bat egiteko behar duenarekin sartu da sukaldera. Barrura sartzean, ordea, normalean sentitzen duen lasaitasuna sentitu beharrean, zirrara txiki bat igarri du. Bada aztoratu duen zerbait eta horrek ernai jarri du. Normalean sukaldea izaten da Beatrizen gotorlekua, hantxe aurkitzen du sarritan bizitzen jarraitzeko behar duen kemena eta babesa; gaurkoan ez da horrela gertatzen, ordea. Beste behin begiratu du ingurura Beatrizek. Bada kezkatzen duen zerbait. Zer den ez dakien arren, airean, bere bueltan jirabiraka, zerbait arraroa balebil bezala sumatzen du. Pentsamendu beldurgarri hauek uxatu nahian, aitaren egin eta aitagure bat errezatu du. Horixe bakarrik falta zitzaion ba, izpiritu edo jeinuren baten bisita izatea!

 

        Eskuak aurreko mantalean ondo garbitu eta berriro ere lanari ekin dio. Baratzetik ekarritako barazkiak otar batean utzita, ur eta gatzez nahasten ari da taloak egiteko artirina. Masari hamaika kolpe eta bira ematen dizkion bitartean, burua bere alabarengana joan zaio. Ipurterrea eta burugogorra da zalantzarik gabe. Beatrizek bihotz onekoa dela dakien arren, gauzak ez dituela maleziaz esaten, ez du, hala ere, bere alaba ulertzen. Zer nahi duen ere apenas ulertzen duen, edo hobeki esanda, Grazianak berak ere zer nahi duen ez dakielakoan dago ama. Jainko maitea, alabaren adinean bera hain txoriburua ote zen? Hori da behin eta berriro Beatrizek pentsatzen duena, eta erantzuna beti berbera da: ez. Oraindik ere sastada garratz bat sumatzen du Beatrizek urdailean. Izan ere, gaur goizekoa ez baita nolanahikoa izan.

Garapena: Dijitalidadea SL