Xabier
Etxabe

1974 (Zarautz)

Lurtarra da begiratua

2004, Elkar

Zer axola hau edo hura egiazki gertatu zen ala ez! Beregain bilakaturik, kontakizunaren logikak harrapatua irensten ditu kapituluak, misterio apal bat gidari azken ustekaberaino: egiazko omendua gizona baino areago haren inguruko emakume guztiak ziren. ldazleak gaztigatua zigun: bizitza metafora bat da.

Aingeru Epaltza (Nabarra, 2005-11)

        Amaren kontuak kontatzen hasi zait Jexux bere ondoan eserita nagoela. Belarriak erne jarri ditut eta, hainbestetan kontatu duen kontu bera izanagatik, lehenengo aldia balitz bezala entzun diot; arreta osoz, ipuina nola bukatuko den ez dakien haurrak egiten duen moduan.

        Sarritan kontatzen ditu Jexuxek bere ama zenaren pasadizoak. Inork eskatu gabe hasten da hitz egiten, maiz telebisioan ematen ari diren pelikularen zatirik interesgarriena zapuzten duela konturatu gabe.

        Kontakizunak bere bidea egin ahala, Amaren gorpuzkera imajinatzen hasi naiz. Etxean dugun argazki zahar bat etorri zait gogora, eta neke handirik gabe josi dut haren irudia Jexux kontatzen ari zaidan pasadizoan. Jexuxi egin diot gero begiratua, goitik behera, eta Amaren irudia gorputz horretan ikusi dut. Bai, lepo txikia eta gorputz handia, moztaka, begiratua zuzena beti eta hitz-jarioa aberatsa; mugimenduetan, berriz, azkarra.

        Kontakizunaren bidean atzera jo dut, urte asko atzera: ondo ezagutzen ditudan parajeetatik hurrean kokatu dut gertakizuna, orain inor bizi ez den baserri batean. Bitartean Jexuxek bere kontakizunarekin darrai, hitzak era guztietako keinuekin hornituz.

        Halako batean bukatu eta, telebisiora luzatu du bista telesaio kaskar baten protagonisten gainean hitz egiteko. Amaren kontakizunean erakutsi duen bitalidade horrekin berarekin mintzatzen da holakoetan; telesaioa, aurreko kontakizunaren segida den itxura ematen du.

Noizbait etorria bukatu zaio Jexuxi; une egokia komedoretik ospa egiteko.

        Komunean sartu eta, txixa eginean ari naizela, urteetan Jexuxi aditu dizkiodan kontuak telesaio kaskar horretakoak bezain ederrak ez ote diren galdetu diot neure buruari. Nekerik gabe etorri zaizkit burura hark esandakoak; hango erronka eta harako apustua; bateko gerra-kontuak eta besteko erromeriak; senideen ibilerak eta gurasoen bizimodua. Ez dira ba kontatzeko modukoak izango!

        Komuneko zulotik konpora tantorik isuri dudan begiratzeko betarik hartu gabe, korrika igo naiz ganbarara. Han, gure amaren josteko makinaren ondoan, ordenadorea daukat. Hura piztu eta lanean hasi naiz. Ordu erdi eman dut ordenadore aurrean, idazten, pare bat orri osatu arte. Fitxategia diskoan gorde eta izena jorri diot nire idazlanaren lehenengo kopituluari: «I. Ama».

 

 

I
Ama

 

Ama.

Sukaldearen bihotza eta ahotsa.

Xabier eta Martin Etxeberria,

Airean ere negu usaina nabari da

 

        Baserritik Zarautza jaitsi behar zuen bakoitzean, errepidea zapaldu ordez bidetxidorretik barrena abiatzen zen Ama. Maiz egiten zuen bide hori, baserritik Zarautz gertuago baitzegoen Aia baino, nahiz eta baserria Aiako parte izan.

        Zarautz eta Orio artean dago etxea, garai batean baserri izana, errepide nagusia utzi eta Aiara doan bidearen hasieran. Umetan ez nuen jakiten baserria non kokatu, kalean haziak izan baikara. Jexuxek, baserriaren gorabeherak kontatzean, Zubigain izeneko lekua behin eta berriz aipatuagatik, berandu arte ez nintzen konturatu ziklistek igotzen duten Alto de Orio hori bera zela. Orain, ez dakit zer dela eta, Zudugarai izenez bataiatu duten gaina. Hiru kilometro eskas daude bertatik Zarauzko Iņurritza auzora, eta beste kilometro bat gure etxera.

        Intxaurraren itzalak lehengo itxura badu ere, zeharo aldatua dago inguru hura: kamioien aparkalekua dago orain bertan, hormigoi-fabrika eraiki baitzuten aspaldi etxearen aurrean.

        Hormigoi-fabrikarik ez zen garaian, oinez egiten zituen Amak baserritik kanporako ibilerak: bidetxidorretik Zarautza ematen zuen bidea, esate baterako, eta bide luzeagoak ere bai. Donostiara ere egina zuen joan-etorria behin baino gehiagotan. Kapitalera joateko egun-pasa egin beharra zegoen derrigor: goizeko bost eta erdietan jaiki, Bretxako merkatuan salduko zuen jeneroa ondoan hartu eta, behin Oriora jaitsita, Igeldora doan bidetik Parte Zaharrera iritsi. Dozena bat kilometro.

        Amak Donostiara egindako bidaia hauetako bati esker lortu zuen Piok bere estreinako bizkleta. Umeetan gazteena zen Pio, senide guztietan bizkletarako afizio handiena zekarrena. Gogor tematu zitzaion Amari baserria Zarautz eta Oriotik urruti zegoela esanaz, eta Ama errukitu egin zen azkenean.

        Gaurko baserritar gazteek motoa bezain maitea zuten ordukoek bizikleta.

        Bakarrik egin zuen Amak Donostiara joan-etorria, bueltakoan bizikleta eskuan hartuta. Lodiegia zen bizikleta gainean txukun ibiltzeko. Bidean bakarren batek egin zuen haren kontura algara nahikoa, baina Amari bost axola horrek. Bizikleta onik ekarri zuen eta.

        Zarautza bidean, bidetxidorrean barrena, inguruetako baserrien ondotik pasatzen zen Ama. Horietako bat da Sasikoa. Trenez Donostiarako bidea egitean eskubitara ikus daiteke, trenbide ondoan: Iņurritzako apeaderoa utzi eta trena Orioko tunelean sartu aurretik, hantxe bertan dago. Bidetxidorra lasaia da, eta bidea ez da luzeegia. Batez ere trenez egiten denean. Hala ere, ez da zaila pentsatzea, gauez eta argirik gabe, bidea luze egin zitekeela eta era guztietako mamuak ager zitezkeela bertan.

        Baserri inguruetako mamuak, izan ere, benetakoak ziren Ama bidetxidorretik ibiltzen zen garaian. Ez ziren, askok uste duten moduan, jendearen txorakeriak: zaunka egiten baitzuten kanpokoren bat usnatzen zuten bakoitzean. Horretarako zeuden, arrotz-jendea beldurtzeko eta haiek baserritik urruti edukitzeko. Sasikoan ere, baserri denetan bezala, zakurrak zituzten etxea zaintzeko, eta, jeneralean lotuta egoten baziren ere, egun hartan lotu gabe topatu zuen Amak bertako zakur bat.

        Ez zen Ama erraz izutzen ziren horietakoa. Gorputzez ere emakume handia zen; luzean motza, zabalean handia. Animaliekin bizitzera jarria zegoen baserrian eta hori jatorduetan nabarmentzen zen. Garai hartan, jatorduetan broma gutxi. Mahaiaren erdian eltzea jartzen zuten, potajez betea jeneralean, eta inguruan etxeko guztiak kutxara bat eskuan zutela, bertatik jaten. Hankapean zakurrak, kondarrak non harrapatuko. Mantso samarra zena jan handirik egin gabe geratzen zen. Amari eskutan zuen odolkia lurrera erori zitzaion hartan argi ibili zen Blanca, etxeko zakurra, jaki hura ahora eramateko. Ama ere bai, zakurra lepotik hartu eta, arnasaren faltaz ahoa ireki zuenean, odolkia lepotik atera eta... barrura sartzeko.

        Beharbada pasadizo hori izango zuen buruan Amak, bidetxidorrean barrena, Zarautza bidean, Sasikoa baserriko zakurra bidera atera zitzaionean zaunka betean. Eztarrian odolkirik ez baina, eskuak bizkor eraman zituen zakurraren lepora honek gainera salto egin zionean. Aurrekoan ez bezala, oraingoan ez zituen besoak laxatu zakurrak ahoa ireki zuenean, eta berehalaxe zakurra lurrean gelditu zen betiko isilduta. Gero, etxeko nagusia atera zenean, kargu hartu zion zakurra lotu gabe zeukalako.

        Jexuxen kontakizun guztietatik hau da gustukoen dudana. Ni, zakurrekin hain beldurtia izanik, txundituta gelditzen naiz Amaren balentriaz. A ze emakumea! Zakurrekin hain zakar jokatzeko gai, eta semearen eskeak errukituta bizikleta erostera Donostiaraino joateto ere bai.

Ama. Sukaldearen bihotza eta ahotsa.

        Gazterik joan ziren Amaren bihotza eta ahotsa. Etxekoek nahi baino askoz lehenago. Gantzek gogor estutu zioten bihotza, Amak zakurraren lepoa baino estuago, eta azkenerako ito egin zuten.

        Trenetik begiratuta pista-bidea ikusten da bidetxidorrean. Seguru bizikletaz joateko moduan dagoela. Oinez ere proba dezaket, egunen batean... ordurako sasiak itoa ez bada.

Garapena: Dijitalidadea SL