1903 (Zarautz)
1993 (Zarautz)
Egile honen
beste liburuak
HITZALDIA
Itziarko Ama
2005, Kutxa
Lehendabiziko atala
Etxe behartsu bateko sukaldea. Aurrez leiho bat. Mahai bat, ta lau aulki mahaitik zerbait aldenduta. Bi ate, bat etxe barrurako eta bestea ganbararako. Kaiola bat kardantxilo batekin, leihotik kanpora, eta mahai hankari lotuta txakurtxo bat.
1
Malen eta Mikel
Galtza zahar edo txamar bat konpontzen azalduko da Malen, ixil samar abestuaz; eta Mikel jolasian, txanponak mahai gainean botiaz.
MALEN: Zer ilun ari dan jartzen zerua! (Mendiruntz begiratuaz). Nolako hodei beltzak itsas aldetik! Euri jausiren bat dator. Eta orain gogoratzen naiz txoria leihoan dagoala. (Eserlekuan utziko du josten ari zena, ta barruratuko du kaiola) . Non zeunden nere maite hori? Ahaztuta nengoen zutzaz eta ia ia gelditu zinan hortxen leihoan, dagon hotzakin. (Begiratuaz). Jaungoiko maitea! Janik ez dizut ipiñi. Hobe da bai nere senarrak ez dakien, bestela... erruki nintzan. Gutxi gutxitan esaten dit: «Malen, ez gero txoritxoaz ahaztu». (Mikeli). Txoriburu ez besteko txori-buru, ez haiz asko gogoratu txoriari jaten ematiaz.
MIKEL: Ez didatelako agindu. Gainera ez al daki zer esantzun aitak bart arratsian? «Bihar etzaio janik eman behar; arreta geiokin eskatzen ikasi dezala». Zer negarrak egin zitun aitonak!
MALEN: Ez dezala behintzat aitak jakin, txoritxua janik gabe egon dala, bestela... Elorrioko bandera daukagu!
MIKEL: Ah! Txoriagatik esan al dit? Nik uste nun, aitonagatik esan zidala.
MALEN: Ia ba: utzi hori ta hua ardo bila euri zapar bat jausi baino lehen (olio ontzi eta zahatotxo huts bat emanaz) . Ba dakik: zahatua gordeta bluxapian eta olio ontzia agirian eraman behar dala. (Era horretan ipiniko dizka). Ardotegira heldutzian, begiratu atetik jende asko ote dagon ala ez: asko balego... itxo egin danak edo gehienak alde egin arte; ordun gorde ontzia eta atera zahatua; erteterakoan berriz... gorde zahatua eta azaldu ontzia. Entzun al dek ongi?
MIKEL: (Zerbait hasarre). Badakitela; beti boto horrekin da...
MALEN: Jakin eta hala ere eleiz mutilak intzentsonariua ibiltzen duten bezela ekarri huan zahatua. Ba gaur, horrela ekartzen badek igerriko diok. (Eskuari eraginaz). . Hartzak dirua... eta han orduko hemen. Entzun al dek? Begiraiok ba. (Mikel irteten da) . Mutil bihurri hori... Zer esan ote zuten ikusi zutenak? Oraindik txinparta pixka bat daukagunari eskerrak, bestela ez geunden toki txarrian.