Arantxa
Aldalur

1963 (Azkoitia)

Egile honen
beste liburuak

POESIA

Itsas oiartzunetan oro malenkonia

1986, Gipuzkoako Foru Aldundia

Hainbat gau izarrik gabe

1989, Euskaltzaindia - BBK

EZ, EZ NAIZ GEHIAGO IZANGO...

 

Ez, ez naiz gehiago izango...

 

Eta izango da elurra

neguko teilatuetan;

eta izango da dardara

zuhaitzen adarretan.

 

Ez, ez naiz gehiago izango...

 

Eta izango da tristura

herriko kanpaietan;

eta izango da soinua

piano tekletan.

 

Ez, ez naiz gehiago izango...

 

Eta izango da hostoa

udazken bideetan;

eta izango da malkoa

neguko beiretan.

 

Ez, ez naiz gehiago izango...

 

Eta izango da edonor

leiho haren aurrean

baina ez da inor izango

leiho haren atzean

 

zeren, ez, ez bait naiz gehiago izango...

 

 

 

EZ HEGORIK, EZ ARANTZARIK

 

Uste duzu ezberdin hegoek

txoria dagitela

larrosa ere arantzek

dagiten antzera.

 

Larrosak ez du hegorik.

Txoriak ez du arantzarik.

 

Ez duzula hegorik,

arantzarik ezta,

jaiotzetik dakarzu

soila izakera.

 

Larrosak ez du hegorik.

Txoriak ez du arantzarik.

 

 

 

BADAKIT

 

Badakit

ni gabeko egunetan

lore, hosto, zuhaitzen

gogoko duzula urrin.

 

Badakit

ni gabeko gauetan

itsasoarekin solasetan

zabiltzala izuti.

 

Badakit

ni gabeko poz, nahiagabeetan

dagizula hasperenka

kexu tamalgarri.

 

Ez dakit

zaudenean nirekin

zergatik sumatzen zaitudan

beti hain ezberdin!

Garapena: Dijitalidadea SL