Aitziber
Etxeberria

1973 (Zarautz)

Egile honen
beste liburuak

NOBELA

31 baioneta

2007, Erein

Tango urdina

2004, Erein

Eleberri xumea, bere xumean soziala, norbanakoen izaera petralaren agerikoa.

Mikel Asurmendi (Irunero, 2004-04)

Negar isila

 

        Euria ari du kanpoan, euri isila, bakarrik dagoenaren negar errearen modukoa. Goiko etxekoandrea arropa eskegitzera atera ez balitz, ez nintzen konturatu ere egingo.

        —¡Manolo! ¿Por qué no has recogido la ropa, si ves que está lloviendo? —sutan dago emaztea eta adrenalinak barruko amorru guztia aterarazi dio.

        —¿De qué cojones me estás hablando? —gizonaren erantzuna ez da askoz goxoagoa.

        Sukaldetik irten, ateari zarta eder bat eman eta salara joan da, telebista ikusteko asmoz. Han alabarekin hiruzpalau hitz ozen eta gordin izan ondoren, agintea bereganatu eta futbol partida jarri du, Espainia-Estonia adiskidetasun partida. Honek inoren aurpegi txarrik ikusi gabe marru egiteko parada ematen dio. Alabak, berriz, bere gelara joan eta irrati-kasetean musika teknoa jarri du ahal duen ozenen, aita zarata horrekin zigortzeko asmoz.

        Ni beheko pisuan bizi naiz, bakarrik, eta nire isiltasunak euren ezusteko espia bilakatu nau. Ez dut esan nahi egun guztia zer entzungo pasatzen dudanik, baina, etxean nagoenean, gorra izan beharko nuke goian gertatzen dena ez entzuteko; izan ere, maindirez inguraturik bizi garela baitirudi. Lekutan geratu dira baserrietako harrizko horma mardul haiek.

        Badakit zer ordutan jaikitzen diren, komunera nor joaten den lehenago, nork ematen duen denbora gehiena bere beharrak egiten, zeinek zer lan egiten duen etxean, edo zein den bakoitzaren telesailik edo telebistako programarik gogokoena.

 

        Bai, ni bakarrik bizi naiz eta etxean denbora dezente ematen dut. Lanetik etxera etortzen naiz eta, erreleboka lan egiten dudanez, arratsaldeak eta goizak jai izaten ditut txandaka. Lanean ez nagoenean etxean ematen dut denbora gehiena. Lehen, Naiararekin irteten nintzenean, oso denbora gutxi ematen nuen etxean, beti berarekin geratzeko irrikatan egoten bainintzen, baina garai hura pasatu da, bukatu da niretzat. Orain, noiz edo noiz paseo bat ematera edo inoiz mendialdera ere joaten naiz, baina, zertan ukatu, kalekume bat naiz eta asfaltoa maite dut, bere auto eta kearekin. Ez dut inoiz atsegin izan mendiaren bukolikotasun merke hori. Bakarrik sentitzeko ez dut inongo tontorretara igo beharrik, etxean geratu eta new age moduko zinta lelo bat jartzearekin nahikoa dut.

 

        —¡Virginia, baja esa puta música! —amak arropa bildu eta bere haserrea alabarengana zuzendu du. Alaba, ordea, erabat minduta dago bere intimitatearen bigarren eraso hau dela eta.

        —¡Vete a la mierda! —oin pauso azkarrak entzun ditut eta musika oraindik ozenago jarri du.

        Hau gehiegia izan da amarentzat. Alabaren gelara joan, irratia itzali eta alabari agirika hasi zaio, lotsagabekeria handiagoaz kolpatuz. Errespetua da amak nahi duena, baina alabak errespetua irabazi egin behar dela erantzun dio. Orduan amak masaileko bat eman dio Virginiari, aitak gooooool oihukatzen duen bitartean.

        Virginiaren gelan ez da ezer entzuten; negarrez ari bada ere, amorruak malkoak barruratu dizkio. Ama zuzenean bere gelara joan da, beti bezala, ez baitauka senarraren oihuak entzuteko gogorik.

 

        Senarrak sofa aurreko mahaitxoa arrastaka bere oinen azpian jarri eta telebistaren bolumena igo du, etxean nork agintzen duen argi gera dadin.

        Kito gaur gauekoa. Partida bukatzean Manolo ohera joango da, merezitako deskantsuaz gozatzera eta, afariaren ordainsari gisa, bere zurrunga bortitzenak oparituko dizkio Margari, bere emazteari.

 

        Hau beste aldera jiratu eta txikitan, Extremadurako bere herrixkan, txerriak hil ondoren zein gustura jaten zituzten urdaiazpiko eta txorizoak gogoratuko da, orduan orain duen arazorik ez zuela pentsatu eta garai hartan bai zoriontsua zela otuko zaio eta negar egingo du, negar isila, euria bezalakoa, bakarrik daudenen negar errea.

Garapena: Dijitalidadea SL