Andoni
Egaña

1961 (Zarautz)

Egile honen
beste liburuak

NOBELA

Pausoa noiz luzatu

1998, EEF-Alberdania

IPUINA

Sokratikoek ere badute ama

1989, Erein

SAIAKERA

Zozoak beleari

1997, Alberdania

Hogeita bina

2004, Hariadna

Bat-bateko bertsolaritza

2001, Bertsozale Elkartea

ARTIKULUAK

Aitaren batean

1990, Elkar

BIOGRAFIA

Basarri

1999, Sendoa

Imanol Urbieta. Luzea da bidea

2002, Ibaizabal

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Txirri, Mirri eta Txiribiton mendian

2000, Alberdania

Popo loritoa

2001, Baigorri

Zaudete geldi pixka batean

1999, Elkar

Andereño Martaren omenaldi-afaria

 

        Ez nuen gogorik izaten asteburuetan etxetik irteteko. Nire lana zela eta, bestela ere nahikoa otordu egiten nituen etxetik kanpo. «Langostino asko jan beharra dago ogia etxeratzeko», esan zuen behin bertsolari batek, eta ez zebilen arrazoian eskas. Burutazio hori neraman, gogotxarrez baino gogourriz, andereño Martaren omenaldi afarira abiatu nintzenean.

        Argazkilaria naiz, argazkilari profesionala. Ehundik gora bataio-ospakizun, eztei, zilar-eztei eta urre-eztei egiten ditut urtean. Eta zenbateraino den lan nekeza inork ez du sumatu ere egiten. «Hi bai ondo, beti jairik jai eta beti mokaurik goxoenak probatzen!», esaten didate lagunek. Ez dakite ongi zein gogorra den eguna joan eta eguna etorri, goserik ez eta uko ez egitearren «mokaurik goxoenak» jan beharra. Zerbait atsegin badut, kafea dut atsegin. Eta beti presaka hartu behar izaten dut, bi xurrutadatan, mahaitik zutitu eta argazkiak ateratzeko unea huraxe delako.

        Baina andereño Martaren omenaldi-afariaz ari nintzaizuen. Nire andereño izan zen Marta, gurea, zazpi urtetik hamahirura bitartean. Andereño ona. Nik beti esaten diet orain ere irakasle ari diren adiskideei: «Irakats iezaiezue haurrei kantuan, jolasean, ipuinak sortzen... Matematika, Fisika eta Natur Zientziak nork irakatsi zizkien ez du gogoan izaten helduak. Geratzen zaio norekin zer kantatzen zuen, norekin zer marrazki egin zituen, zer ipuin asmatu zuten...»

        Andereño Martarekin kantuan, jolasean eta marrazkiak egiten ikasi genuelako joan nintzen afari hartara. Gogourriz, baina joan. Ikaskide izan nituenekin topo egingo nuela jakiteak urduritu egin ninduen, asko eta asko denbora luzez ikasi gabea bainintzen, eta beste askorekin nahi baino sarriagotan egiten bainuen topo.

        —Kaixo, «Lady Di»! —egingo zidan diosala, beti bezala, nahi baino sarriagotan ikusten nuen Landerrek. Ezin nion burutik kendu, Kalkutako Teresaren argazkiaren azpian Lady Diren aipamena egitea ez zela nire errua izan, egunkariko kazetari inozo baten hankasartzea baizik.

        Anjel Marik betiko txiste gatzik gabeaz agurtuko ninduen:

        —Kaixo motel! —esango zidan. Inguruko de begira jarrita betiko leloari ekingo zion: «Gu biok berdinak gana. Berak lenteekin egiten du lan eta nik ere bai!». Eta lentilla bat aterako zuen begi-leizetik, esku-ahurrean jarri eta denei erakusteko.

        —Kontxo, hara nor azaldu den! —agurtuko ninduen Imanolek betiko bere pentsakor aurpegiaz. Zuri-beltzean bera eta ni gara inguruetako argazkiliririk onenak.

        Ilea izugarri urritu zitzaidala esango zidan Loreak, berak bazuela ilea ez erortzeko  morokil bat, mirariak egiten zituena, eta pasatzeko bere ile-apaindegitik. Etorriko zitzaidan Enrike eta, begi-keinu gaiztoa eginez, galdetuko zidan ea isun asko pilatu nituen. Eta nik ezer erantzun aurretik esango zidan lasaitzeko, lagunek betirako direla lagun bizitzan, bide desberdinak hartuagatik, eta bere esku zegoena egingo zuela nire isunak baliogabetzeko.

        Andereño Martarengatik joan nintzen afari hartara. Jubilatu egin zen, ikastola utzi zuen eta batzuen eta besteen esker ona pilatzen ari zitzaion gurearen moduko ekitaldien bidez. Goxoa izan zen beti gurekin, eraman handikoa, eta nire irakasle izateari utzi zionetik ere, beti agurtzen ninduen kalean, matrail-haragietan zimiko amultsua eginez.

        Afaritan ez zen aparteko ezer gertatu. Nork bere aldamenekoarekin umetako pasadizoak kontatzen eman genuen denbora. Afalostean, berriz, umetan ikastolan ikasitako abestiak kantatu ondoren, andereño Martari oparitxo bat egin genion, lore-sorta bat, eta Bixentek sei bertso eskaini zizkion segidan, ez baitzuen izan, nahiz eta denok bere izena ozenki errepikatuz hala eskatu genion, Joxe Kruzen laguntzarik.

        Azken orduan gertatu zen. Asper-asper eginda nengoen ordurako, andereño Martak bere poltsatik argazki mordoa atera zuenean. Mahai inguruan eskuz esku pasatzen hasi ziren. Argazki arruntak ziren, denak ere gu haur ginela andereñok berak ateratakoak. Ez zuten argazkirik gehienek nire arretarik erakarri. Txarrak ziren teknikoki; kamera txar batez asmo artistikorik ez zuen pertsona arruntak eginak.

        Nik ez dakit zergatik, oraindik ere ez dakit ziur, argazki haietako bat eskuetan katigatu zitzaidan. Gelako hamahiru lagun ginen, bederatzi-hamar urte hor nonbait genituela, ikastola zaharreko atarian. Hamar mutiko ginen eta hiru neska. Ez dakit zergatik geunden taldetik bakanduak. Izan gintezkeen dantza-ikastaroan izena emandakoak edo antzerkian ari ginen taldetxoa. Arrazoia zen, ordea, gutxienekoa.

        Katigatu egin zitzaidan, eskuak atzapar, argazki hura. Disimulu handiz gorde nuen, lehenik magalean neukan mahai-zapiaren azpian eta gero jakaren barrualdeko sakelan. Zinez diot ez dakidala zergatik. Inor ez zela ohartuko pentsatu nuen une hartan.

        Baina andereño Martak, nekaturik zegoela eta etxeratzeko ordua zuela esanez, argazkiak bildu zituenean, aisa antzeman zion argazki bat falta zitzaiola.

Garapena: Dijitalidadea SL