Bertol
Arrieta

1975 (Zarautz)

Txikira beti hordago!

2004, Erein

Zazpi hitzetan esanda: zazpi pertsonaia bakarti, eta zazpi istorio hunkigarri.

Maider Ziaurriz (Berria, 2004-11-19)

1

 

        Edgar Quinet metro geltokian jaitsi, eta lur azalera atera nintzen. Geltokiaren izen bereko boulevard-ak Rue Delamure-rekin egiten duen bidegurutzean geunden geratuta. Gerard han zegoen ordurako. Bonjour, Marie. Ça va? —zer moduz zaude?—, esan zidan amultsuki. Gero, hiru musu eman zizkidan masailetan, eta paseoan abiatu ginen Edgar Quinet boulevard-ean behera. Hilero, azken igandean, arte-azoka bat izaten da boulevard honetan, Montparnasse-ko dorre luzearen begiradapean, eta giro polita egon ohi da. Koadroak, argazkiak, zeramika, kristala... Denetarik egoten da salgai. Turista nahiko ere gerturatzen da, azokarekin nahigabe topo eginda. Pariseko bista zerutiarraz gozatzeko intentzioarekin etortzen baitira gehienak, Montparnasse-ko dorrearen azken solairura igotzera.

        Arte-azokari begiradatxo bat eman ostean, Montparnasse-ko hilerriaren parean tokatu ginen, eta hantxe sartu ginen paseotxo bat emateko asmoarekin. Paristar askoren pasealeku dira hiriko hilerri handiak —bai Montparnasse-ko hau, eta baita, esaterako, Pére Lachaise hilerria ere—, kanpotarrei arraroa egiten zaien arren Parisekook hilerrietan paseatzeko dugun ohitura hau. Hiri handiko zaratatik at, bertan aurki daitekeen bake eta lasaitasun sentsazioarengatik izango da ziurrenik. Ez dakit. Turistak ere ez dira falta, halere, Pariseko txoko gehienetan bezala. Hilerrion kasuan, bertan lur hartuta dauden idazle, musikari eta beste pertsonaia famatuen hilobiak bisitatzera etorritakoak izaten dira gehienak.

        Azaroa bere azkenetan zen, eta neguaren berehalako etorrerak hilerriko zuhaitz guztiak biluztuak zituen ordurako. Hotz zegoen, eta Gerard eta biak kuxkurtuta gindoazen, ondo tapatuta geunden arren beroki eta bufanda eta guzti.

        Gure lehenengo zita izan zen hura. Horrelakoetan, ez da jakiten zertaz hitz egin, eta horregatik, nik uste, lanari buruz hasi zitzaidan hizketan Gerard. Bera metro gidaria zen —da—, eta makina bat istorio kurioso zituen kontatzeko. Gogoratzen dut kontatu zuela anekdota graziosoren bat, barrez egon baikinen. Oso barre polita duzu, Marie, esan zidan. Uste dut gorritu ere egin nintzela. Eskerrik asko, esan nion irribarrez —merci, Gerard—, eta besotik heldu nion.

        Gero, ez dakit zergatik —agian, hilobi artean genbiltzalako—, baina gai serioagoa hartu zuen hizpide: Parisen gertatzen ari ziren suizidioei buruz aritu ginen. Egun haietan agertu zen albistea egunkarietan, nonbait. Agidanez, udazken hartan, suizidio-kopuruak gora egin omen zuen nabarmen, eta azaro hura, datuak hartzen hasi zirenetik, historiako suizidio-tasa altuena zuen hilabetea omen zen, alde handiarekin.

        Julio Cortázarren hilobiaren aldamenetik pasa ginen. Hilobiaren aurrean bi neska zeuden errezatzen-edo. Ahizpak ziruditen; hogeita hamar bat urtekoak biak. Espainieraz ari zirela esango nuke. Bietako batek bere poltsa ireki eta adaxka bat atera zuen bertatik. Hilobiaren gainean kokatu zuen, poliki.

 

        «Hiru suizidiotatik bi, gainera —jarraitu zuen Gerardek—, metroan izan dira. Posible ote da? —saminduta zirudien—. Lehengo astean, bilera batera deitu gintuzten metrogidari guztiak. Gertatzen ari zena azaldu ziguten. Nonbait, metro geltoki batean, trenari itxoin, eta justu trena geltokira sartzen denean botatzen dute suizidek euren burua trenbidera. Ez ziguten ezbeharra nola eragotzi esplikatu. Ezta pentsatu ere! Horren orden ezbeharra gertatzean jarraitu beharreko prozedura zein den azaldu ziguten. Atzetik datorren trena geldiarazi behar omen da segituan, bi trenek talka egin ez dezaten. Ez dadila, behintzat, ezbehar handiren bat gerta. Esan ziguten alarma orokorrerako botoia sakatzearen ordez hobe dela denborarik galdu gabe telefonillotik abisatzea eta adieraztea zein den ezbeharra gertatu den estazioa eta oztopatzen duen ibilbidea. Honela, linea horretako trenak soilik geldituko liratekeela, baina beste lineetako trenek eragozpenik gabe jarraitu ahal izango luketela martxan. Erraza dela; azkar egitea omen da gakoa. Gainera, brigada berezi bat prestatu dutela gorpua lehenbailehen erretiratzeko, eta ordu erdiko kontua izango omen da guztia berriz martxan jartzea. Itxoin besterik ez dugula egin behar, gorpua erretiratzen duten bitartean. Eta, gero, lanera, ezer gertatu ez balitz bezala.»

        Begirada iluna zuen Gerard-ek. Beldur pixka bat ematen zuen, baina, bestalde, haren hitzei xamurtasuna ere bazeriela iruditu zitzaidan.

 

        «Normala iruditzen al zaizu, Marie? —galdetu zidan. Zeharo erreta zegoen—. Esaidazu. Normala iruditzen al zaizu suizidioak ekiditeko irtenbide bakar bat ere ez proposatzea? Normala al da neurri guztiak suizidioa gertatu osterakoak izatea? Normala al da, Marie?»

 

        Minduta zegoen benetan. Ez zuen ulertzen agintarien jokaera. Nik ere ez nuela ulertzen esan nion. Baina ezin zuela ezer egin. Horretaz arduratzea zela egin zezakeen gauzarik okerrena. Kontsolatu nahi izan nuen. Ea zenbat linea zeuden galdetu nion, ea zenbat metrok egiten zuten ibilbide bera, bost minutu edo gutxiagoko aldearekin. Bazekiela ondo zorte txarra beharko zuela, kasualitate handia izango zela berari tokatzea. Ondo gogoratzen dut erantzun zidana: Gu ere topatu ginen, Marie.

        Min egin zidan, momentuan, esaldiak. Gure enkontrua zorte txarrari egotzi ziola iruditu zitzaidan. Baina komentarioa aintzat ez hartzea erabaki nuen, hobebeharrez. Hartuko dugu kafe bat?, esan nion gaia aldatze aldera. Ea suizidioen gai mikatza kafearekin, behintzat, goxatzea lortzen nuen. Baietz egin zidan buruaz.

        Hurbilen genuen irteerara abiatu ginen. Bidean, Samuel Beckett-en hilobiaren aurretik pasa ginen. Hari errezatzen, ez zegoen inor. Bide nagusia utzi genuen, Rue Froidevaux-era iristen zen bidezidorra hartzeko. Hor, hilobi ezezagunen eta almendrondoen artean, besotik tira zidan Gerard-ek, geratzeko esanaz. Eta musu eman zidan bat-batean. Dirdira zerien haren begiei. Negar egiteko gogoa balu bezala.

        Gero, kafea hartzera joan ordez, Rue Froidevaux-eko hostal zakar batera joan ginen, eta maitasuna egin genuen. Gortina grisak. Pareta zikinak. Maindire hotzak. Gerard-en gorputz beroa. Horixe da 103. gela hartatik memorian geratu zaidana. Egun horretatik aurrera ez nuen berriz ikusi. Gaur arte.

Garapena: Dijitalidadea SL