Arantxa
Aldalur

1963 (Azkoitia)

Egile honen
beste liburuak

POESIA

Hainbat gau izarrik gabe

1989, Euskaltzaindia - BBK

Itsas oiartzunetan oro malenkonia

1986, Gipuzkoako Foru Aldundia

PORTUKO URA

 

Euria galduaz

portuko ur gardenetan,

txalupetan neguko

airea tristea.

 

Lekua aldatu gabe

mugituz haizeaz,

udarako margoak

doaz ezkutatzera.

 

Leihoak luzaro itxiak

alboko etxeetan,

portu usain gozoari

jartzen amaiera.

 

Ileak nahasirik

beltzak bere janzkerak,

malenkoniaz begira

dago kai ertzean.

 

Malenkoniaz begira

astiro doanean

topo portuko ura

itxasoarekin egitera.

 

 

 

EMAKUMEAK DOAZ EROSTERA

 

Begirada tristea,

poltsak eskuetan,

meza entzun ondoren

emakumeak doaz erostera.

 

Soineko ilunak,

kanpai hotsak atzean,

pauso labur makalak,

egunero gauza berbera.

 

Indarra ahuldutako

beso iharretan

daramate bereentzako

lan egiteko bidea.

 

Adinak ematen dien

aurpegi bareak

ezkutatzen ditu

sentimen eta penak.

 

Begirada tristea,

poltsak eskuetan,

meza entzun ondoren

emakumeak doaz erostera.

 

 

 

GAUEKO ARGIA

 

Zenbat bider txikitan

gauera irtetean

kentzen zidan loa

argi batek urrunean.

 

Nire haur buruan

ez zegoen sartzea

urrutian dagoen

etxeko argia zela.

 

Zenbat bider handitan

gauera irtetean

kentzen dit loa

argi batek urrunean.

 

Nire kezka bizia

izango ote norena,

badirudi soilik

gauez bizi direla.

 

Gaua etxe guztiak

doanean estaltzera

errealitatea puntuetara

doa murriztera.

Garapena: Dijitalidadea SL